2010-09-23 18:05:10 | Gorka Bereziartua
Audentes fortuna iuvat: fortunak ausartei egiten die irribarre. Ez dakit Jose Maria de Orberekin hori gertatuko den... Tira, ez dut uste, ikusle batzuek Aita filma bukatuta egin dituzten txistuak entzunda. Baina ausartu ez denik behintzat, ezingo dute esan.
Aita Jaime Rosalesen filmen lehengusua dela esango nuke: plano luzeak, isiltasuna, maiz koadrotik kanpo geratzen diren ekintzak... Ikusleari asko eskatzen dion estiloa, alegia. De Orbek Astigarragako Murgia jauregian grabatu du pelikula. Bi protagonista: etxea zaintzen duen Luis zaharra, eta harekin solasean aritzen den apaiza, Mikel. Baina oroz gain, etxea bera da filmaren erdigunea. Hormak, gelak, ateak, korridoreak, nahiko egoera eskasean denak ere. Eraikinaren endekapena eta Luisena batera doaz, eta zahartzaroari buruzko alegoria antzeman daiteke aurreneko momentuan. Hori baino sakonago murgil egitera gonbidatzen gaitu filmak, ordea. Hormetan zuri-beltzezko irudiak proiektatuta ikusiko ditugu momentu batzuetan: Euskal Herrian grabaturiko imajina zaharrak dira. Nazioaren alegoria ere bai, beraz?
Arazoa hori da: figura batzuk erabiliz beste zerbait adierazi nahi denean, tamaina hartu behar zaiola, gehiegi ez esateko... baina ezta gutxiegi ere. Interpretazio ugarirako ematen du Aitak. Beharbada, gehiegitarako. Eta ikusleok ez gaude ohituta horrelako inplikazio mailara. Rosales aipatu dut gorago, eta aspektu horretan dira haren filmak diferente: pantailako hutsuneak betetzeko eskatzen badizu ere, konkretuagoa, ukigarriagoa da. Ikusleak begiak estalita eduki arren, zuzendariaren eskutik helduta doa ilunpean. De Orberen pelikula honetan berriz, itsu-itsuka jolasten zuenean bezala ibiliko da, batzuetan noraezean.
Dena dela, zuzendari donostiarrak egin duen hautu estetikoa eskertzekoa da. Orain, fortunak hitz egin dezala.
SAIL OFIZIALA
Aita
Zuzendaria: Jose Maria de Orbe.
Aktoreak: Luis Pescador, Mikel Goenaga.
Euskal Herria.
85 minutu.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403