« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Extra! Extra!

Zinema sozialaren izenean, edozer

2010-09-21 21:04:10 | Mikel Garcia

Pablo Trapero zuzendaria eta Martina Gusman aktorea izan dira Donostian.

Zabaltegi Topaketetan, Carancho filmaren zuzendari Pablo Traperori galdetu diote ea bere filmetan salaketa soziala egitea atsegin duen. Bere hitzetan, “pelikula bati salaketa soziala eskatzea, gehiegi eskatzea da. Pelikulak lehenengo pelikula moduan funtzionatu behar du, eta ondoren agian, tertulian, lagunekin kafe bat hartzen edo dena delakoan, beste hainbat hausnarketa sor ditzake”. Kontua da, bideraturiko hausnarketa faltsua, manikeista eta manipulatua egiten dela sarri, zinema sozialaren aitzakiapean.

Pelikula sozial-tendentziosoen harira, Koldo Almandoz zinemagileak duela gutxi esan zidan ez zaiola gustatzen zuzendari-Jainko moduko horrek esaten digunean zer dagoen ongi eta zer gaizki. “Langile guztiak onak eta solidarioak, jendarmeak putakumeak, beltzak asko sufritu duten pertsona zintzoak, zuri guztiak burges putakume batzuk… Ezin dira pelikulak horrela planteatu, topikoek ez dute balio ez alde batera, ez bestera”.
 
Zinema mota horri Gobernuz Kanpoko Erakunde Zinema deitzen dio José Luis Guerín zuzendari katalanak. Argiarako egindako elkarrizketan (kanal honetan ikusgai) aitortu zigunez, “oso narritagarria da klixe erretorikoak erabiltzen dituen zinema hori, eta gainera eraginkortasun guztia galtzen du eta propaganda kutre bilakatzen da, ez da begirada askea, menpekoa baizik, kurtsia, txepela, etengabe birplanteatu beharrekoa. Jende izorratua filmatzen baduzu zinema soziala da, eta dirudunak filmatuz gero ez. Eta gainera badirudi ezin dela zinema hori kritikatu, helburu ona duelako, eta horrek kalte handia egiten dio zinemari, eredu oso nagiak sortzen dituelako, telebistako erreportaje txarrenen gisakoak”. Guztiz ados.
 
Dena den, argi gera dadila ez dela Carancho pelikularen kasua. Badago salaketa, baina moralismoan eta errazkerian erori gabe. Aipatzekoa da, gainera, auto-istripuetako biktimei dirua atera nahi dieten iruzurtiengandik babesteko (hori da filmaren gaia) legea aurreikusi dutela Argentinan, pelikula estreinatu ostean. Baina zinemak duen botereak beste artikulu baterako ematen du…

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403