Zinema mexikarrak ere iraultza beharko luke
2010-09-17 15:42:00 | Gorka Bereziartua
Mexikoren historia eta hango zinemaren egoera: horiek Felipe Cazals zuzendariak Chicogrande filma estreinatu osteko prentsaurrekoan gehien erabili dituen gaiak. Sail Ofiziala zabaldu duen filma XX. mende hasieran dago girotua, Pancho Villaren iraultza garaian.
AEBetako armada atzerriko herrialde bat okupatzen; matxinatuak; tortura; eta, porrot militar erabatekoaren ostean, ezinbestean, okupazioaren amaiera. Berehala etorri da galdera: ea gidoi horrekin ez ote den posible paralelismoak egitea; 1916ko Mexikoz gain, ez ote den ari estatubatuarren gainontzeko inbasioez ere.
–Noski –erantzun du Cazalsek.
–Bai noski, ala ez noski? –kazetariak.
Baietz, baietz. Baina Mexikokoaren berezitasunak nabarmendu ditu. Hondamendi bikoitza izan baitzen AEBentzat: ez zuten Pancho Villa harrapatzerik izan, eta XIX. mendean hainbeste garaipen ekarri zizkien zalditeriaren azkena izan zen.
Okupazioak, ordea, ez du zertan militarra bakarrik izan. Eta behin soldaduek alde egin dutenean ere, oinperatzen ahal da herrialde oso bat bestelako erremintekin: Cazals kexatu da zinema mexikarrak bere herrialdean bertan bizi duen egoeraz. Banaketa “lotsagarria” dela esan du, eta aretoetan dauden filmen %96,4 AEBetako pelikulak direla.
Eskertuko lukete iraultza berriren bat, karteldegia berenganatzen dutenen jauntxokeriarekin amaitzeko. Bitartean, pelikuletan iraultza kontatzearekin konformatu behar.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403