Gidoia: funtsezkoa batzuentzat, ez beharrezkoa besteentzat
2010-09-20 15:57:25 | Mikel Garcia
Gidoi on batekin pelikula txarrak egin daitezke, baina gidoi txar batekin inoiz ez duzu pelikula onik egingo. Zuzendari bati baino gehiagori entzungo diozu hori. Baina zein garrantzia du gidoiak pelikulan? Ondo lotua izan behar da ala errodajearen gorabeheren menpe utzi beharko litzateke? Eta hirugarren aukera: gidoia bera baztertzea. Hona Zinemaldian filma aurkeztu duten bi zuzendariren hausnarketa kontrajarria:
Buried pelikulako zuzendari Rodrigo Cortés-ek esana: “Ordu eta erdi kaxa baten barruan gertatzen den istorioa errodatu behar duzunean, ezinbestekoa da gidoia bikain landua eramatea. Ikuslea denbora horretan guztian tentsioan mantentzea idatzitakoaren meritua da guztiz, gidoiaren lorpena. Makineria zutik eta martxan izateko tresna funtsezkoa da gidoia eta horregatik dena oso mastekatua generaman filmaziora. Noski, errodajean gertatutako aldaketei erantzuteko adina malgutasunarekin beti ere, baina egitura zorrozki landuarekin”.
Guest filmeko zuzendari José Luis Guerín dokumentalaz ari bada ere, bere lanetan ez ditu dokumentala eta fikzioa generoak desberdintzen (nahastu egiten ditu), errealitateak eskaintzen dionaren arabera egituratzen baitu filma: “Dokumental askoren arazoa da gaiaren preso direla, eta oso-oso garrantzitsua da begirada askea izatea, aurreiritzirik gabe, gauza berriak aurkitzeko prest egotea, hasiera batean hutsalak diruditenak, baina arretarekin begiratuz gero esanguratsuak izan daitezkeenak. Zinema modernoaren bidea hori izan behar dela uste dut. Zaharkitua iruditzen zait gidoiaren babesa bilatzen duen zinema, istorio konplexuekin, inguruan ditugulako zinemarako elementu onenak”.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403