« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Extra! Extra!

“Burokrazia da protagonistaren benetako etsaia”

2010-09-18 19:44:28 | Mikel Garcia

Tentsioa mantentzen du filmak.

Paul Conray estatubatuarra kamioilari ari da Iraken. Dirua lortzeko helburuarekin, bahitu, hilkutxa batean sartu eta lurperatu egingo dute han. Orduak baino ez zaizkio geratzen lurrak itota edo oxigeno faltagatik hiltzeko, eta hala ere, Buried pelikulako zuzendari Rodrigo Cortésen hitzetan, “burokrazia da Paul Conray-ren benetako etsaia”. Langile den enpresarekin, AEBetako enbaxadarekin, FBIarekin, segurtasun erakundeekin… desesperatuki hitz egingo du Conrayk sakelakoaren bateria agortu aurretik. Baina burokraziari ez zaizkio pertsonak axola, sistemaren ordena baizik.

Cortés zuzendariak prentsaurrekoan adierazi duenez, komunikatzeko egina dagoen eta juxtu inkomunikazioa bultzatzen duen burokrazia sistemak ideologiak, herrialdeak eta erregimen politikoak gainditzen ditu. Latza da ikustea pertsona bat hiltzen ari dela, baina inork ez duela ezer egiten, “terroristekin” ez delako negoziatzen, hedabideetan halako albisteak ematea ez delako komeni, edota arazoa beti beste departamentu bati ematea erosoagoa delako. Kafkianoa, eta beldurgarria. Filmak frustrazio hori transmititu nahi duela azaldu du Cortések.
 
Eta baita lortu ere. Zaila da kaxa batetik atera gabe 90 minutuko istorioa kontatzea aspertu gabe, baina tentsioa mantentzen du uneoro. Pelikula fisikoa dela esan du zuzendariak, ikusteko baino sentitzeko egina, ikuslea aztoratzeko, urduri edukitzeko, arnasarik gabe uzteko. Lan txukuna aitortu behar zaio Cortési, komertzialki arrakasta lortuko duena, dudarik gabe. Horri guztiari, kritika sakona dario, Iraken eta berriki Afganistanen ikusten ari garenaren isla, pertsonek eta hildakoek ez dutelako axola, politikak baizik, erregimenak, botereak, burokrazia antzuak.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403