Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraIratiko OihanaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Iratiko Oihana Donibane Garazi-Ezterenzubi-Iratiko txaletak-Otsagi-Auritz-Eaurta-Orbaitzeta
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi ITZALTZU-OTSAGI-ORBARA-ORBAITZETA

NAFARROA GARAIKO IRATIREN BIHOTZERANTZ Orik eskaintzen dituen ikuspegiez gozatu ostean, Otxagabia-Otsagirako bidean jarraituko dugu. Alde honetatik ere paraje ikusgarri eta basatiak ikusiko ditugu, ez baita animalien edo gizakiaren aztarnarik ikusten, mendiak, landaretza, izeiak, pagoak... besterik ez. Beti Otsagirako bidean, 16. km-an lehen herria aurkituko dugu, Itzaltzu. 1034ko San Salbador eta San Migel Monasterioaren babespean sortua, eliza gotiko berantiarra dugu (XVI. mendekoa), gurutzeria erako sabaia eta XIV.eko birjina gotiko bat duela.

3 km. geroago, Otsagiko sarreran, eskuinetara Muskildako Andre Mariara doan bidea abiatzen da, 4 km. igo ostean. Baseliza dagoen menditik bailara osoa ikus dezakegu gure menpe. Jaitsi eta berehala, Otsagin sartuko gara, seguru aski Euskal Pirinioetako herririk politenean, bere harrizko kaleetan eta bi edo lau isurialdeko teilatupeetan ibiltzera.

Herria zeharkatu eta eskuinetara Elurretako Andre Mariara doan bidea hartuko dugu, berriz ere Iratiko bihotzerantz. Asfaltaturik dagoen arren, bidezulo askotxo ditu; beraz, lasai eta beti zuzen joanez paisaiaz luzaroago gozatuko dugu. Handik pixka batera, gorantz hasiko gara eta panoramikek ere hobera egingo dute.

10. km-an Abodi Mendatean izango gara, eta ikustaldiak paregabeak bihurtzen hasiko zaizkigu, lehenbizi soilguneez eta gero pago eta izeiez beterik. Euskal Herrian gutxi izango dira hau bezalako mendi-errepide ederrak. Otsagitik 23 km-tara agerrune batera iritsiko gara, eta bertatik eskuinera, Elurretako Andre Mariaren baseliza txiki eta zuria ikusiko dugu.

300 metrotara Iratiko Etxoletako hondakinetara iritsiko gara. Hemen aparkatuz gero, hondakin horiek eta pixka bat aurrerago baseliza bisitatzeko aukera izango dugu, baina batez ere, Irabiako Urtegiari itzulia eman ahal izango diogu. Dagoeneko Iratiko bihotzean bertan gaude, eta edonora joan gaitezke, ikusiko dugun guztia eder-ederra izango baita.

Bide beretik itzuliko gara Otsagiraino, eta bertan eskuinetara, Iruñera doan bideari jarraituko diogu. Ezkarozen eskuin aldera egingo dugu, Auritzerako (Burguete) bidean. Pirinioetako herri polit honetan San Roman Eliza, hainbat jauregi eta armarria duten etxeak azpimarratuko genituzke. Bi baseliza ere badira: Santa Luzia eta Madalenarena.

Gorantzako errepide atsegin batetik Eaurtara (Jaurrieta) iritsiko gara. Zaraitzu Bailarako herririk garaiena da. 1880an sute batek ia osorik kiskalita utzi zuen. San Bartolome Apostoluaren elizan zenbait zurezko tailu interesgarri ditugu. Remendia Mendatea pasa ostean, Abaurregaina zeharkatuko dugu. Euskal Herriko herririk altuena da (1.032 m.). Zatoiako leizean aztarna arkeologikoak ikusi eta espeleologia praktikatzeko aukera dago. San Migel Gainetik, berriz, bista ederrak.

Aurrerago, Abaurrepea ingurutik (San Martin Tours-eko eliza gotikoa), Iratiko beste zati handi bat ikus dezakegu, eta 5 km aurrerago, Garaioan (eliz ataria, Udaletxea eta garai bat), noiznahi eta nonahi ikusiko ditugu paisaia politak. Hemendik 3 km-tara Ariben (garai bat eta erdi aroko zubi “erromatarra”) sartuko gara. Bertan 180º eskuinetara egin eta Orbaitzetarantz hartuko dugu.

Berriz ere Iratiko bihotzerantz goazela nabarituko dugu, paisaiak gero eta ederragoak direlako, Orbaratik pasatuko gara (San Roman eliza, erdi aroko zubia eta garai bat), eta 2 km aurrerago, Orbaitzeta herritik. Irabia eta Iratirako sarrera den herri honek 3 garai eta zenbait trikuharri ditu, baita San Pedro Apostoluaren eliza gotiko berantiarra, harrian egina, erretaula txurrigereskoa duela.

Azkenik, 3 km aurrerago dagoen bidegurutzean ezkerretara egin, “Fábrica de Orbaiceta”rantz, eta gero zuzen jarraituz, beste 2 km-tara Orbaitzetako Olara helduko gara (kartela duen zubitxo bat igaro eta berehala ezker aldera eginez); berriz ere, Iratiko bihotzean egongo gara. Olaren hondakinak ibaiaren gainetik pasatzen dira. XV.ean burdinola izan zen, baina 1784an Karlos III.ak Erregearen Arma Fabrika izendatu zuen, trukean aezkoarrek bere mendiak estatuari utzi beharko zizkiotelarik (1988an itzuliak). Olak 1873an utzi zion lan egiteari.

Zer ikusi

IRABIAKO URTEGIA

Iratiko Oihanaren erdialdean, alde guztietatik zuhaitzez inguratuta dagoen urtegi zahar eta bitxi hau dugu, landare-itsaso baten erdiko ur-irla bailitzan. Urtegi honek horrenbestez, Iratiren bihotza ezagutzeko aukera eskainiko digu, berau inguratzen duten bidetxoak ez baleude oso-oso zaila gertatuko bailitzaiguke baso eder honetan hainbeste barneratzea.

Urtegiak 13,5 Hm3ko edukiera dauka, eta presak, berriz, 158 metroko luzera eta 44ko altuera ditu. Itxurari dagokionez, mapari begiratzen badiozue, hiruhortzeko bat dirudiela ikusiko duzue, hortzak bata bestetik urrun dituena.

Kondairak dioenaren arabera, inguru hauetan, Parisen pozoitua izan zen Juana de Labrit Erreginaren mamua agertu ohi da haizealdietan, sorginek eta lamiek haren hondakinak hartu eta haren lurralde (Iratiko Oihana) izandakoetan batera eta bestera darabiltzatela, beldurgarriki. Horregatik, ekaitz-egunetan aezkoarrak beren etxeetan babesten dira, mamuak harrapatu eta desagerrarazi ez ditzan.

IBILBIDEA

Oinezko ibilbidea Elurretako Andre Mariaren Ermitatik hurbil ditugun Iratiko Etxoletako hondakinetatik hasiko dugu (ikus ibilbidea). Erreka ezkerrean eta Zabaleta mendia eskuinean ditugula, aparkaleku batetik abiatuz txarto asfaltatuta dagoen baina sekulako zuhaitz tzarren artean doan bidetxoari jarraituko diogu. 6 bat km-tara urtegiaren iparraldeko muturrera iritsiko gara, eta gero, Egurgi zubitxotik ezkerrerantz segituko dugu. Jarraian, hegoalderantz zuzenduz, beti ere urtegia ezkerrean dugula, beste 6 km eder egin ostean presara iritsiko gara.

Orduan egin beharreko guztia zera da: presa zeharkatu eta ezker aldetik abiatzen den bidezidor ederra hartu, urtegia ezkerrean dugula bira osoa emateko, eta hasierako aparkalekuaren inguruan amaitzeko. Guztia egun erdi batean egin daiteke.

OTSAGI

Otxagabia edo Otsagi Anduña eta Zatoia ibaiek bat egiten duten lekuan aurkitzen da. Hortik aurrera bailara osoari izena ematen dion Zaraitzu (Salazar) ibaiaren ur garbiak bat eginik joango dira. Haran honetako herririk populatuena, Otsagi, Euskal Herri osoan topa daitekeen herririk politenetakoa da, euskal Pirinioetako kutsu nabarmena daukana.

Gainera, Irati deitzen den mirari horretan sartzeko Nafarroako ate eta zerbitzugune nagusia da, berau bisitatzea derrigorrezkoa bihurtuz. Horrela, naturazaleak bazarete, ondo legoke herriko Naturaren Interpretazio Zentrotik osteratxo bat egitea. Zabalik: apirila eta iraila bitartean, egunero (astelehenetan izan ezik), 10:30-14 eta 16:30-20 ordu bitartean; urtean zehar, igande eta jaiegunetan, 11-14 eta 16-19:30 ordu bitartean. Helduen sarrera 200 pezetakoa da.

Herria bere oinetan duen eliza San Joan Ebanjelizatzailearena da. XVI. mendean altxatua, hurrengo bi mendeetan zenbait aldiz berritu zuten, eta barruan Berpizkunde eta barroko estiloko erretaula ederrak ikus daitezke.

Halere, Otsagiren xarma, monumentu batek edo batzuek baino gehiago, herri osoak gordetzen du bere barnean: Pirinio estiloko harrizko etxeak, horien ateburu, balkoi edota hegal landuak, arbel gris-beltzezko edo teila gorrizko teilatu maldatsuak, galtzada-harriz egindako karrika aldapatsuak, ibaien gaineko harrizko zubiak, herria bitan banatzen duen ibaiko ur garbiak...

Berau bisitatzea zoragarria bihurtzen duten hainbat eta hainbat xehetasun, bertako kaleetan zehar paseatzera gonbidatzen duten milaka detaile. 1794an Konbentzio Gerraren erdian frantziarrek su eman ostean, inoiz baino ederrago azaltzen zaigun herri honen ikuspegi orokorra, Iratirantz joateko bidegurutzetik lortuko dugu. Leku horretan bertan XVI.-XVII. mendeetako Kalbario edo Gurutze platereskoa dago, atzean beste eraikinen gainetik eliza nabarmentzen den herria duela, ezin hobeto kokatua.

MUSKILDA BASELIZA

Otsagiko elizaren atzealdetik (antzinako bidetik) nahiz herriaren sarreran gorantz egiten duen errepidetik (ikus ibilbidea), herria bera eta haran osoa mendean hartzen dituen mendixka batean kokatua, santutegi ospetsua dugu.

Berehala, Muskildako Ama Birjinaren dorretxo bitxiaren egur beltzeko teilatu biribil edo konikoak zuen arreta erakarriko du, eta baita bere atalde erromanikoak ere, gainjarritako puntu erdiko lau arku erakusten dituena. Urtero, irailaren 8ko erromeriara jende asko hurbiltzen da, bestelakoen artean herriko dantzarien mugimendu koloretsuak ikustera. Ermitaren alboko begiratokitik bistak ere oso politak dira.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
85 km.
765 m.
701
%7
130 km2
5 bizt./km2
Ama Birjinaren Eguna (irailak 8)

 

 

 

 

Argazkiak


Otsagi, Muskilda baseliza


Otsagi, elizara zuzentzen duen karrika


Irabiako urtegian zehar

 

Orrialde nagusiraIratiko OihanaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403