Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraIratiko OihanaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Iratiko Oihana Donibane Garazi-Ezterenzubi-Iratiko txaletak-Otsagi-Auritz-Eaurta-Orbaitzeta

IRATIKO OIHANA

Iratiko Oihanean barneratzea Euskal Herriko eremurik birjin eta basatienean barneratzea da, antzinako basoak zelakoak ziren ezagutzea; eremu magiko eta mitiko batean murgiltzea. Irati Euskal Herriko Amazonia da, hots, gure nazioaren birika; azken finean, gure lurrak sortu duen eta oraindik dirauen fruiturik gozoena.

Izan ere, izugarrizko landare-geruza honek gure altxorrik ederrenetako asko gordetzen ditu bere baitan, naturazko mundu harrigarri baten froga gisa. Laburbilduz, baso hau miraria kontsidera daiteke; batetik izatea bera eta bestetik gaur arte irautea. Espero dezagun hurrengo belaunaldiek ere horrelaxe ezagutzea.

IRATIKO MIRARIEN EZAUGARRIAK

Iratiko Oihanaren hedapena zehaztea gaitza bada ere, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren artean banatzen diren 150 km2 inguruko zabalera horren barruan hauexek lirateke bere mugak: Ekialdetik Ori mendia eta Ollokiako Lepoa, iparraldetik Ori eta Mendizar mendien arteko gailurrak, hegoaldetik Abodiko Mendizerra eta mendebaldetik Berrendi eta Azalegi mendien arteko zabalunea.

Kaiku arbolatsu erraldoi horren hondoan Irabiako Urtegia kokatua dago, eta berau dominatzen duen talaia Ori mendia da, Pirinioetako lehen bi milakoa. Europa Erdialdeko Oihan Beltzaren ondoren Europa mendebaldeko bigarren basorik garrantzitsuena den honek, paregabeko pagadi eta izeidia osatzen du. Zehazki, Iratik izei zuriaren mendebaldeko muga markatzen du Europan.

Irabiako urtegiaren mendebaldean pagoak erabat nagusi badira ere, ekialdeko zatian izei luzeekin batera banatu behar du lurra. Gainera, intxaurrondo eta urki franko ere topa dezakegu bertan. Faunari dagokionez, basoan basurdeak, orkatzak, katagorriak, oreinak, putreak, sai zuriak eta abar luzea bizi dira, nahiz eta urteetan zehar beren populazioa beherantz egin duen, ehizaren, turismoaren eta egurraren ustiapenaren ondorioz. Horrela, otsoa eta hartza aspaldian desagertu ziren bertatik. Udazkenean gerturatzen bazarete, irailaren azken aldera edo urriaren hasieran, garaian garaiko landareen eta argiaren tonu marroixken artean, animalien orroa entzun ahal izango duzue, araldi garaia baita.

Historian atzera eginez, bi estatuek, itsasontziak egiteko helburua zutela, XVIII. mendean basoa ustiatzeari ekin zioten, eta horrek urritu egin zituen bertako zuhaiztiak. Halere, basoaren barnean mugarik ez izateak alde bateko zein bestekoen arteko liskarrak ekarri zituen, 1856an bi estatuek behin betiko muga erabaki zuten arte. Erabakiaren ondorioz, Ipar Euskal Herriak basoaren bosten bat jaso zuen, eta beste guztia Nafarroaren eskuetan geratu zen.

Nafarroako aldean, hertsiena eta basatiena kontsideratua, bi eremu babestu dira bereziki, beren aberastasuna dela-eta: Mendilatzeko Natur Erreserba eta Lizardoiako Erreserba Integrala. Azken honek, inoiz ustiatua izan ez den pagadi-izeidi birjina gordetzen du Zabaleta edo La Cuestión mendian.

Azkenik, kontuan hartu bertan klima nahikoa hezea dela, udan bat-bateko ekaitzak ez direla batere arraroak, eta gauez hotz egin dezakeela. Orain, baso zoragarri honi buruzko ideia txiki bat egiteko, lau leku edo ibilbide proposatzen dizkizuegu, zein baino zein ederragoa, eta banan-banan hartuta, Euskal Herriko tokirik ikaragarrienetakoak.

HARPEA

Inora ez daraman leku isolatu batean, bi Nafarroak elkar ukitzen duten bazter galdu eta isolatu batean, L.P. Santiagoren esanetan “isiltasuna, bakardadea, edertasuna eta buru gaineko haizea maite dutenak bakarrik heltzen diren leku batean” aurkitzen da Harpea.

Bertan, Beherobiko erreka, egurrezko zubitxoa, harrizko harresitxoa eta artzain-borda ondoan dituela, kobazulo misteriotsua kokatua dago. Aldi berean triangelu ikusgarri eta tolesdura arrokatsu den natur mirari honen aurrean, ahotsik gabe geratuko zarete. Errozate mendiaren barrualdea behatzea ahalbidetzen digun fenomeno geologiko bitxi hau eta bere ingurune ederra luzaroan gogoratuko duzuen osotasun zoragarria izango da.

Bertaraino joateko, Organbidexkako Lepotik azken bordetaraino jaitsi bazarete (ikus ibilbidea), oinez egiteko bidea ezin errazagoa da. Egin behar duzuen gauza bakarra azken borda horietatik ateratzen den bidezidorrari bost bat minutuz segitzea da. Segituan, txundituta utziko zaituzten Euskal Herriko paisaiarik politenetakoa osatzen duen mirari naturala ikusiko duzuelako: izugarrizko mendi biren artean, goitik behera jausten den errekatxoaren atzealdean, Harpeako begi okertua agertuko zaizue, ikuskizun zoragarria behatzen duen parajeko erregea.

Kondairak dioenez, udako arratsalde beroetan lamiak kobaren sarrerara irteten ziren, eta haitzaren gainean eseriz, eguzkiaren azken errainuen artean distira itsugarria sortzen zuen urrezko orraziaz beren ilaia luzea orrazteari ekiten zioten.

OKABE MENDIA ETA ILLARRRITA HARRESPILA

Okabe mendia, Iratiko ikuspegirik politenetakoa eskaini dezakeen 1.466 metroko gailurra izateaz gain, bere magalean Euskal Herrian aurki dezakegun kromletx-multzorik garrantzitsuena erakusten du, Illarritakoa hain zuzen ere.

Illarritako edo Okabeko harrespila hauek (zirkuluan jarritako harriak) Burdin Arotik (K.a. 800-300 urte) ailegatu zaizkigu, eta dirudienez, antzinako errausketen hileta-monumentuak izan ziren. Horrela, eremu sakratu horien erdian, hildakoaren errautsak ontzietan sarturik lurperatzen zituzten.

Harrespilak, herri-giroan “Jentil-baratze” edo “Mairu-baratze” izenekin ezagunak, tradizionalki euskal mitologiako pertsonaia horien ehorzketarekin lotuak egon dira oro har. Gaur egun arte inguru honetan 30etik gora aurkitu badituzte ere, adituek gehiago topatzea espero dute.

Gehiago aurkitu ala ez, dagoeneko gaur egun ezagutzen ditugunek osotasun magikoa eratzen dute, aire zabalean kokatzen den historiaurreko santutegi moduko bat. Gertutik ala goitik begiratuta, bisitaria txundituta uzten duten biribil handi hauek paregabeko paisaia osatzen dute.

Zelai larretsu hauetan gora segituz, Okabe mendiko gailur zabal eta lau modukoak Iratiko ikuspegi pribilegiatu eta izugarria eskainiko digu. Horrenbestez, bertatik Nafarroa Behereko eta Zuberoako mendi guztiak ikusteaz gain, Nafarroako gailurren zati handi bat ere behatu ahal izango dugu: Ori, Mendizar, Abodi, Errozate, Saiarre, Bizkartze... eta abar oso luzea, Iratiko landare-geruza koloretsu eta zabalaren gainean nabarmenduz.

OINEZKO IBILBIDEA

Illarritara eta geroago Okabeko gailurrera iristeko oinezko bidea Surzai Lepotik hasiko dugu (ikus ibilbidea). Surzai Lepotik (1.135 metro), eta ekarri dugun bidearen aurrean dugun magalean gora, pixka bat ezkerretara, bidezidor bat abiatzen da, basoan barrena. Bideari jarraituz, handik gutxira basotik irten eta Illarritako Lepora iritsiko gara. Izen bereko nekropolia eskuin aldean dago, goraxeago.

Segituan konturatuko zaretenez, hemendik aurrera zelai zabal eta nahiko lauak nagusi dira; izan ere, tamalez, Okabeko gailurrera 4x4 batez ere iritsi daiteke, gurpilen arrastoek erakusten duten moduan. Horrenbestez, harrespilak bisitatzen ditugun bitartean (1.385 metro inguruan), egin beharreko gauza bakarra gailurreriari edo horrelako arrastoren bati jarraitzea da, Iratiko ikuspegia gero eta ederragoa bihurtzen zaigun bitartean.

Gailurra, biribil samarra, ez dugu azken unera arte ikusiko, baina bertaraino iristean, bi ordu eta erdiko esfortzua merezi izan duela pentsatuko duzue. Azkenik, tontor zabalari bira ematea gomendatzen dizuegu, alde guztietatik bista zoragarria baita.

ORI MENDIA

Ori, Pirinioetako 2.000 metrotik gorako lehenbiziko tontorra izateaz gain (2.017 metro alegia), Iratiko mendien artean Erregea da. Herri-sinismenaren arabera, bertan Mari bizi da, euskal mitologiako jainkosa nagusia, eta bertako basoetan Basajaun mitikoak ere gordeleku aurkitu zuen. Zuberoako esaera zahar batek ere dioen moduan, “Orhiko txoria, Orhin laket”.

Izan ere, mendi eder honetako gailurrera ailegatzen denak zoriontasuna besterik ezin du sentitu, hain miragarriak baitira mendia bera zein gailurretik ikusgai eta gozagai dugun ikuskizuna. Inguruko jendeak hainbeste miresten eta maitatzen duen mendi honek imajina dezakegun ikustaldirik zoragarrienetakoa eskaintzen digu:

Hegoalde zein mendebalderantz begiratuz, Iratiko tapiz orlegi-more zabala agertuko zaigu, iparraldean Xiberoako paisaia idilikoa, eta ekialderantz, berriz, Pirinio hurbilaren ikuspegirik ederrenetakoa (Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Atxerito...).

OINEZKO IBILBIDEA

Gailurreraino iristeko erarik errazena Nafarroa eta Zuberoa lotzen dituen Larrañeko Portutik abiatzen dena dugu (ikus ibilbidea), hain zuzen ere portu gaineko tuneletik. Oinezko bidea tunelaren alboan hasten da, Zuberoatik gatozela tunela pasatu eta berehala ezkerretara.

Bidezidor hau tunelaren gainetik igarotzen da, eta laster mendi-gailurreria harrapatzen du. Hemendik aurrera, gailurreria baino metro batzuk beheragotik jarraitzen du bideak (horrela Oritxipia gailurra saihestuko dugu), hegoaldeko aldetik.

Jarraitzeko oso erraza eta garbia da, 10 metro inguruko harrizko zati aldapatsu bat kenduta. Hasieran gogorra suerta liteke, baina gero askoz errazagoa bihurtzen da. Bideak, azkenik, Oriko gailurrari bira eman eta azken igoerari mendebaldetik ekiten dio, gailur zoragarri honetaraino iritsiz. Guztira, pare bat orduko esfortzua, benetan merezi duena.

IRABIAKO URTEGIA

Iratiko Oihanaren erdialdean, alde guztietatik zuhaitzez inguratuta dagoen urtegi zahar eta bitxi hau dugu, landare-itsaso baten erdiko ur-irla bailitzan. Urtegi honek horrenbestez, Iratiren bihotza ezagutzeko aukera eskainiko digu, berau inguratzen duten bidetxoak ez baleude oso-oso zaila gertatuko bailitzaiguke baso eder honetan hainbeste barneratzea.

Urtegiak 13,5 Hm3ko edukiera dauka, eta presak, berriz, 158 metroko luzera eta 44ko altuera ditu. Itxurari dagokionez, mapari begiratzen badiozue, hiruhortzeko bat dirudiela ikusiko duzue, hortzak bata bestetik urrun dituena.

Kondairak dioenaren arabera, inguru hauetan, Parisen pozoitua izan zen Juana de Labrit Erreginaren mamua agertu ohi da haizealdietan, sorginek eta lamiek haren hondakinak hartu eta haren lurralde (Iratiko Oihana) izandakoetan batera eta bestera darabiltzatela, beldurgarriki. Horregatik, ekaitz-egunetan aezkoarrak beren etxeetan babesten dira, mamuak harrapatu eta desagerrarazi ez ditzan.

IBILBIDEA

Oinezko ibilbidea Elurretako Andre Mariaren Ermitatik hurbil ditugun Iratiko Etxoletako hondakinetatik hasiko dugu (ikus ibilbidea). Erreka ezkerrean eta Zabaleta mendia eskuinean ditugula, aparkaleku batetik abiatuz txarto asfaltatuta dagoen baina sekulako zuhaitz tzarren artean doan bidetxoari jarraituko diogu. 6 bat km-tara urtegiaren iparraldeko muturrera iritsiko gara, eta gero, Egurgi zubitxotik ezkerrerantz segituko dugu. Jarraian, hegoalderantz zuzenduz, beti ere urtegia ezkerrean dugula, beste 6 km eder egin ostean presara iritsiko gara.

Orduan egin beharreko guztia zera da: presa zeharkatu eta ezker aldetik abiatzen den bidezidor ederra hartu, urtegia ezkerrean dugula bira osoa emateko, eta hasierako aparkalekuaren inguruan amaitzeko. Guztia egun erdi batean egin daiteke.

OTSAGI

Otxagabia edo Otsagi Anduña eta Zatoia ibaiek bat egiten duten lekuan aurkitzen da. Hortik aurrera bailara osoari izena ematen dion Zaraitzu (Salazar) ibaiaren ur garbiak bat eginik joango dira. Haran honetako herririk populatuena, Otsagi, Euskal Herri osoan topa daitekeen herririk politenetakoa da, euskal Pirinioetako kutsu nabarmena daukana.

Gainera, Irati deitzen den mirari horretan sartzeko Nafarroako ate eta zerbitzugune nagusia da, berau bisitatzea derrigorrezkoa bihurtuz. Horrela, naturazaleak bazarete, ondo legoke herriko Naturaren Interpretazio Zentrotik osteratxo bat egitea. Zabalik: apirila eta iraila bitartean, egunero (astelehenetan izan ezik), 10:30-14 eta 16:30-20 ordu bitartean; urtean zehar, igande eta jaiegunetan, 11-14 eta 16-19:30 ordu bitartean. Helduen sarrera 200 pezetakoa da.

Herria bere oinetan duen eliza San Joan Ebanjelizatzailearena da. XVI. mendean altxatua, hurrengo bi mendeetan zenbait aldiz berritu zuten, eta barruan Berpizkunde eta barroko estiloko erretaula ederrak ikus daitezke.

Halere, Otsagiren xarma, monumentu batek edo batzuek baino gehiago, herri osoak gordetzen du bere barnean: Pirinio estiloko harrizko etxeak, horien ateburu, balkoi edota hegal landuak, arbel gris-beltzezko edo teila gorrizko teilatu maldatsuak, galtzada-harriz egindako karrika aldapatsuak, ibaien gaineko harrizko zubiak, herria bitan banatzen duen ibaiko ur garbiak...

Berau bisitatzea zoragarria bihurtzen duten hainbat eta hainbat xehetasun, bertako kaleetan zehar paseatzera gonbidatzen duten milaka detaile. 1794an Konbentzio Gerraren erdian frantziarrek su eman ostean, inoiz baino ederrago azaltzen zaigun herri honen ikuspegi orokorra, Iratirantz joateko bidegurutzetik lortuko dugu. Leku horretan bertan XVI.-XVII. mendeetako Kalbario edo Gurutze platereskoa dago, atzean beste eraikinen gainetik eliza nabarmentzen den herria duela, ezin hobeto kokatua.

MUSKILDA BASELIZA

Otsagiko elizaren atzealdetik (antzinako bidetik) nahiz herriaren sarreran gorantz egiten duen errepidetik (ikus ibilbidea), herria bera eta haran osoa mendean hartzen dituen mendixka batean kokatua, santutegi ospetsua dugu.

Berehala, Muskildako Ama Birjinaren dorretxo bitxiaren egur beltzeko teilatu biribil edo konikoak zuen arreta erakarriko du, eta baita bere atalde erromanikoak ere, gainjarritako puntu erdiko lau arku erakusten dituena. Urtero, irailaren 8ko erromeriara jende asko hurbiltzen da, bestelakoen artean herriko dantzarien mugimendu koloretsuak ikustera. Ermitaren alboko begiratokitik bistak ere oso politak dira.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
85 km.
765 m.
701
%7
130 km2
5 bizt./km2
Ama Birjinaren Eguna (irailak 8)

 

 

 

Orrialde nagusiraIratiko OihanaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403