Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraIratiko OihanaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Iratiko Oihana Donibane Garazi-Ezterenzubi-Iratiko txaletak-Otsagi-Auritz-Eaurta-Orbaitzeta

HARPEARA LASAITASUN BILA Donibane Garaziko erdiguneko bidegurutzetik Eiheralarrerako (Saint Michel) bidea hartuko dugu, udal kanpinerantz. 3,5 km-tara Eiheralarre, Donazaharre eta Ibañeta Mendatearen arteko bide erromatarrari eta gero Santiagoko bideari jarraitu ondoren, eskuinaldera, Ezterenzubira hartu.

5 km-tara Ezterenzubi dugu. Hau Errobi (La Nive) ibaiaren inguruko txangoetarako abiapuntu egokia izan liteke. Bidegurutzean eskuinetara eta beherantz egin, erreka ondotik (ezkerretik), eta erdialdetik pasatzen den bidean, zuzen. Momentuz, seinalatu gabeko errepidetxo honi beti zuzen-zuzen jarraituko diogu.

2,5 km-tara dugun bidegurutzean eskuinetara egingo dugu, Iraty - Sources de La Nive jartzen duen seinaleari jarraiki. Gero zuzen segituko dugu. 1,5 km-tara Artzain-Etxea Hotela pasatuko dugu, eta handik 200 metrora bidegurutzean eskuinetara egingo dugu Sources de La Niverantz. Ezkerreko bidea “Iraty”rantz doa, eta itzuleran hartu beharko duguna izango da. Azken km-etan jada Iratiko bihotzean sartzen ari garela nabarituko dugu, hain da ederra eta.

Handik pixka batera, igotzen hasiko gara, paisaia gero eta basatiagoa bihurtuz. Metro batzuk aurrerago, aldiz, Sources de La Nive Hotela ezkerrean utziz gorantz doan bidea hartuko dugu. 1 km-ra dugun bidegurutzean ezkerreko bidea, lauagoa, hartuko dugu. Bestelako seinalerik ez dagoen bitartean, gu beti zuzen joango gara.

Hoteletik 7 km-ra, eta 180ºko hiruzpalau bihurguneren ostean, autoa gelditu egingo duzue, begien aurrean duzuen paisaia zoragarria delako. Ongi etorri Organbidexkako Mendatera. Pixka bat aurrerago dugun bidegurutzean, ezkerrera egingo dugu, eskuinetara eginez gero Nafarroan sartzen garelako. Orain bidea estuago bihurtzen da.

Azkenik, 4 km zuzen egin eta borda pare bat pasatu ostean, bidearen azkenera iritsiko gara, Harpeatik 5 minutura oinez. Ikusten duzuen parajea aluzinazioa iruditzen bazaizue, lasai, egiazkoa da. Sinestezina dirudi gaur egun oraindik horrelako miraririk gera daitekeenik, baina hala da.

OKABE MENDIA ETA ILLARRITA HARRESPILA

Gogoratzen duzue ezkerrera Iraty jartzen zuen bidegurutzea?. Tira, bada orain bertara itzuli eta bide hori bera hartuko dugu. 14. km-an, Ezterenzubi baino 2 km. lehenago beraz, 180ºko jira egingo dugu eskuin aldera. Hemen ere ez dago ia seinalerik, beraz besterik esan ezean, beti zuzen eta gorantz jarraituko dugu. Bidean pottokak, ardiak, behiak... ikusiko ditugu, baina ziur aski gizakiaren inolako arrastorik ez.

Bidegurutzetik 6,5 km-tara mendate bat igaroko dugu, eta jakina, soilguneek eta zenbait bordek osatutako panoramika ederra behatzeko parada ere izango dugu. Beste 2,5 km egin eta beste bidegurutze bat aurkituko dugu, honako hau seinalatua. Guk ezker aldera egingo dugu, “Iraty”rako bidean.

Bihurgunez bihurgune ibili ostean, beste bost bat km-tara (ibilbide osoaren 54. km-an), Surzai Lepora iritsiko gara. Hemen, errepidearen ondoan, autoa aparkatu eta gure aurrean dugun malda igotzen has gaitezke, Illarritako harrespilak igaroz Okabe mendiaren tontorreraino. Itzultzen garenean ezker aldera abiatuko gara, beherantz, Iratiko Etxolarantz.

ORI MENDIA, IRATIKO TALAIA ETA LEHEN 2.000 METROKOA

Surzaitik 6 km-tara dugun bidegurutzean ezkerretara hartu, Iratiko Etxolarantz (Plateau des Lacs). Handik 500 metrotara eskuinera egingo dugu, Larrañerantz. Iratiko Etxola bailara polita dugu, txiki eta lasaia, eguna pasatzeko leku aproposa.

Hemendik aurrera, eta Larrañera iritsi bitartean, aurreko ibilbidean (Zuberoako Haizpitarteak) ere egin dugun bide bera egingo dugu (alderantziz). Beraz, oraingo honetan, lekuak aipatu besterik ez ditugu egingo, zehaztasun gehiagorako aipatutako ibilbide hori ikus dezakezuelako.

Horrenbestez, azken bidegurutzetik 6,5 km-tan gorantz egin ostean, Iratiko Txaletetara iritsiko gara, eta pixka bat geroago Organbidexkako Lepora, bere bista ederrez gozatzera. Hemendik aurrera bide aldapatsuak beherantz eramango gaitu, eta Larrañetik hurbil gaudenean, aldiz, gorantz. Tartean mendi-soilguneetako ikustaldi zoragarriez gozatzeko aukera izan dugu.

Iratiko Txaletetatik 12,5 km-tara Larrañe koloretsua topatuko dugu, eta herrian bertan, 180ºko bira eginez, izen bereko mendatea igotzen hasiko gara. 500 metro inguru igo eta gero, Larrañeko herria eta aurrean duen mendi bitxi eta ikusgarria inoiz baino distiratsuago agertuko zaizkigu, azkenaldian herrian egin dituzten lanak direla-eta (etxaurreak koloreztatu, esaterako). Errepide estuak, bien bitartean, bere igoera gogorra egiten segituko du, pagadi sarrian barrena.

Errepide gogor hau Ori mendiaren maldan gora doanez, erraza da noizbehinka ikustaldi politak izan behar dituela pentsatzea, eta egia esan, halakoak dira, ederrak. Larrañetik 6 km-tara Ori pare-parean izango dugu, dotore, eta kilometro bat aurrerago, Erroimendi Mendatetik pasatuko gara. Hemendik so eginez, ezkerrean Hiru Erregeen Mahaia eta Pirinio inguruko mendiak agertuko zaizkigu, ikusgarriki. Oro har, Ori eta Oritxipiaren magalean burutuko dugun mendatearen azken zatia guztiz zoragarria da.

Azkenik, beste 5 km izugarri egin ostean, ibilbidearen 92.ean mendate-gaina harrapatu eta Nafarroan sartuko gara, eta 500 m aurrerago, mendateko tunela igaroko dugu. Tunela igaro eta berehala aparkatu egingo dugu, hemendik igoko baitugu Ori mendi-talaia ikaragarria.

NAFARROA GARAIKO IRATIREN BIHOTZERANTZ Orik eskaintzen dituen ikuspegiez gozatu ostean, Otxagabia-Otsagirako bidean jarraituko dugu. Alde honetatik ere paraje ikusgarri eta basatiak ikusiko ditugu, ez baita animalien edo gizakiaren aztarnarik ikusten, mendiak, landaretza, izeiak, pagoak... besterik ez. Beti Otsagirako bidean, 16. km-an lehen herria aurkituko dugu, Itzaltzu. 1034ko San Salbador eta San Migel Monasterioaren babespean sortua, eliza gotiko berantiarra dugu (XVI. mendekoa), gurutzeria erako sabaia eta XIV.eko birjina gotiko bat duela.

3 km. geroago, Otsagiko sarreran, eskuinetara Muskildako Andre Mariara doan bidea abiatzen da, 4 km. igo ostean. Baseliza dagoen menditik bailara osoa ikus dezakegu gure menpe. Jaitsi eta berehala, Otsagin sartuko gara, seguru aski Euskal Pirinioetako herririk politenean, bere harrizko kaleetan eta bi edo lau isurialdeko teilatupeetan ibiltzera.

Herria zeharkatu eta eskuinetara Elurretako Andre Mariara doan bidea hartuko dugu, berriz ere Iratiko bihotzerantz. Asfaltaturik dagoen arren, bidezulo askotxo ditu; beraz, lasai eta beti zuzen joanez paisaiaz luzaroago gozatuko dugu. Handik pixka batera, gorantz hasiko gara eta panoramikek ere hobera egingo dute.

10. km-an Abodi Mendatean izango gara, eta ikustaldiak paregabeak bihurtzen hasiko zaizkigu, lehenbizi soilguneez eta gero pago eta izeiez beterik. Euskal Herrian gutxi izango dira hau bezalako mendi-errepide ederrak. Otsagitik 23 km-tara agerrune batera iritsiko gara, eta bertatik eskuinera, Elurretako Andre Mariaren baseliza txiki eta zuria ikusiko dugu.

300 metrotara Iratiko Etxoletako hondakinetara iritsiko gara. Hemen aparkatuz gero, hondakin horiek eta pixka bat aurrerago baseliza bisitatzeko aukera izango dugu, baina batez ere, Irabiako Urtegiari itzulia eman ahal izango diogu. Dagoeneko Iratiko bihotzean bertan gaude, eta edonora joan gaitezke, ikusiko dugun guztia eder-ederra izango baita.

Bide beretik itzuliko gara Otsagiraino, eta bertan eskuinetara, Iruñera doan bideari jarraituko diogu. Ezkarozen eskuin aldera egingo dugu, Auritzerako (Burguete) bidean. Pirinioetako herri polit honetan San Roman Eliza, hainbat jauregi eta armarria duten etxeak azpimarratuko genituzke. Bi baseliza ere badira: Santa Luzia eta Madalenarena.

Gorantzako errepide atsegin batetik Eaurtara (Jaurrieta) iritsiko gara. Zaraitzu Bailarako herririk garaiena da. 1880an sute batek ia osorik kiskalita utzi zuen. San Bartolome Apostoluaren elizan zenbait zurezko tailu interesgarri ditugu. Remendia Mendatea pasa ostean, Abaurregaina zeharkatuko dugu. Euskal Herriko herririk altuena da (1.032 m.). Zatoiako leizean aztarna arkeologikoak ikusi eta espeleologia praktikatzeko aukera dago. San Migel Gainetik, berriz, bista ederrak.

Aurrerago, Abaurrepea ingurutik (San Martin Tours-eko eliza gotikoa), Iratiko beste zati handi bat ikus dezakegu, eta 5 km aurrerago, Garaioan (eliz ataria, Udaletxea eta garai bat), noiznahi eta nonahi ikusiko ditugu paisaia politak. Hemendik 3 km-tara Ariben (garai bat eta erdi aroko zubi “erromatarra”) sartuko gara. Bertan 180º eskuinetara egin eta Orbaitzetarantz hartuko dugu.

Berriz ere Iratiko bihotzerantz goazela nabarituko dugu, paisaiak gero eta ederragoak direlako, Orbaratik pasatuko gara (San Roman eliza, erdi aroko zubia eta garai bat), eta 2 km aurrerago, Orbaitzeta herritik. Irabia eta Iratirako sarrera den herri honek 3 garai eta zenbait trikuharri ditu, baita San Pedro Apostoluaren eliza gotiko berantiarra, harrian egina, erretaula txurrigereskoa duela.

Azkenik, 3 km aurrerago dagoen bidegurutzean ezkerretara egin, “Fábrica de Orbaiceta”rantz, eta gero zuzen jarraituz, beste 2 km-tara Orbaitzetako Olara helduko gara (kartela duen zubitxo bat igaro eta berehala ezker aldera eginez); berriz ere, Iratiko bihotzean egongo gara. Olaren hondakinak ibaiaren gainetik pasatzen dira. XV.ean burdinola izan zen, baina 1784an Karlos III.ak Erregearen Arma Fabrika izendatu zuen, trukean aezkoarrek bere mendiak estatuari utzi beharko zizkiotelarik (1988an itzuliak). Olak 1873an utzi zion lan egiteari.

Orrialde nagusiraIratiko OihanaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403