HARPEARA LASAITASUN
BILA Donibane Garaziko erdiguneko bidegurutzetik Eiheralarrerako
(Saint Michel) bidea hartuko dugu, udal kanpinerantz. 3,5 km-tara
Eiheralarre, Donazaharre eta Ibañeta Mendatearen arteko bide
erromatarrari eta gero Santiagoko bideari jarraitu ondoren, eskuinaldera,
Ezterenzubira hartu.
5 km-tara Ezterenzubi dugu. Hau Errobi (La Nive)
ibaiaren inguruko txangoetarako abiapuntu egokia izan liteke. Bidegurutzean
eskuinetara eta beherantz egin, erreka ondotik (ezkerretik), eta
erdialdetik pasatzen den bidean, zuzen. Momentuz, seinalatu gabeko
errepidetxo honi beti zuzen-zuzen jarraituko diogu.
2,5 km-tara dugun bidegurutzean eskuinetara egingo
dugu, Iraty - Sources de La Nive jartzen duen seinaleari jarraiki.
Gero zuzen segituko dugu. 1,5 km-tara Artzain-Etxea Hotela pasatuko
dugu, eta handik 200 metrora bidegurutzean eskuinetara egingo dugu
Sources de La Niverantz. Ezkerreko bidea Iratyrantz
doa, eta itzuleran hartu beharko duguna izango da. Azken km-etan
jada Iratiko bihotzean sartzen ari garela nabarituko dugu, hain
da ederra eta.
Handik pixka batera, igotzen hasiko gara, paisaia
gero eta basatiagoa bihurtuz. Metro batzuk aurrerago, aldiz, Sources
de La Nive Hotela ezkerrean utziz gorantz doan bidea hartuko dugu.
1 km-ra dugun bidegurutzean ezkerreko bidea, lauagoa, hartuko dugu.
Bestelako seinalerik ez dagoen bitartean, gu beti zuzen joango gara.
Hoteletik 7 km-ra, eta 180ºko hiruzpalau bihurguneren
ostean, autoa gelditu egingo duzue, begien aurrean duzuen paisaia
zoragarria delako. Ongi etorri Organbidexkako Mendatera. Pixka bat
aurrerago dugun bidegurutzean, ezkerrera egingo dugu, eskuinetara
eginez gero Nafarroan sartzen garelako. Orain bidea estuago bihurtzen
da.
Azkenik, 4 km zuzen egin eta borda pare bat pasatu
ostean, bidearen azkenera iritsiko gara, Harpeatik 5 minutura oinez.
Ikusten duzuen parajea aluzinazioa iruditzen bazaizue, lasai, egiazkoa
da. Sinestezina dirudi gaur egun oraindik horrelako miraririk gera
daitekeenik, baina hala da.
OKABE MENDIA ETA ILLARRITA HARRESPILA
Gogoratzen duzue ezkerrera Iraty jartzen zuen bidegurutzea?.
Tira, bada orain bertara itzuli eta bide hori bera hartuko dugu.
14. km-an, Ezterenzubi baino 2 km. lehenago beraz, 180ºko jira
egingo dugu eskuin aldera. Hemen ere ez dago ia seinalerik, beraz
besterik esan ezean, beti zuzen eta gorantz jarraituko dugu. Bidean
pottokak, ardiak, behiak... ikusiko ditugu, baina ziur aski gizakiaren
inolako arrastorik ez.
Bidegurutzetik 6,5 km-tara mendate bat igaroko dugu,
eta jakina, soilguneek eta zenbait bordek osatutako panoramika ederra
behatzeko parada ere izango dugu. Beste 2,5 km egin eta beste bidegurutze
bat aurkituko dugu, honako hau seinalatua. Guk ezker aldera egingo
dugu, Iratyrako bidean.
Bihurgunez bihurgune ibili ostean, beste bost bat
km-tara (ibilbide osoaren 54. km-an), Surzai Lepora iritsiko gara.
Hemen, errepidearen ondoan, autoa aparkatu eta gure aurrean dugun
malda igotzen has gaitezke, Illarritako harrespilak igaroz Okabe
mendiaren tontorreraino. Itzultzen garenean ezker aldera abiatuko
gara, beherantz, Iratiko Etxolarantz.
|
IRATIKO
OIHANA
Iratiko Oihanean barneratzea Euskal Herriko eremurik birjin eta
basatienean barneratzea da, antzinako basoak zelakoak ziren ezagutzea;
eremu magiko eta mitiko batean murgiltzea. Irati Euskal Herriko
Amazonia da, hots, gure nazioaren birika; azken finean, gure lurrak
sortu duen eta oraindik dirauen fruiturik gozoena.
Izan ere, izugarrizko landare-geruza honek gure altxorrik ederrenetako
asko gordetzen ditu bere baitan, naturazko mundu harrigarri baten
froga gisa. Laburbilduz, baso hau miraria kontsidera daiteke; batetik
izatea bera eta bestetik gaur arte irautea. Espero dezagun hurrengo
belaunaldiek ere horrelaxe ezagutzea.
IRATIKO MIRARIEN EZAUGARRIAK
Iratiko Oihanaren hedapena zehaztea gaitza bada ere, Nafarroa,
Nafarroa Beherea eta Zuberoaren artean banatzen diren 150 km2 inguruko
zabalera horren barruan hauexek lirateke bere mugak: Ekialdetik
Ori mendia eta Ollokiako Lepoa, iparraldetik Ori eta Mendizar mendien
arteko gailurrak, hegoaldetik Abodiko Mendizerra eta mendebaldetik
Berrendi eta Azalegi mendien arteko zabalunea.
Kaiku arbolatsu erraldoi horren hondoan Irabiako Urtegia kokatua
dago, eta berau dominatzen duen talaia Ori mendia da, Pirinioetako
lehen bi milakoa. Europa Erdialdeko Oihan Beltzaren ondoren Europa
mendebaldeko bigarren basorik garrantzitsuena den honek, paregabeko
pagadi eta izeidia osatzen du. Zehazki, Iratik izei zuriaren mendebaldeko
muga markatzen du Europan.
Irabiako urtegiaren mendebaldean pagoak erabat nagusi badira ere,
ekialdeko zatian izei luzeekin batera banatu behar du lurra. Gainera,
intxaurrondo eta urki franko ere topa dezakegu bertan. Faunari dagokionez,
basoan basurdeak, orkatzak, katagorriak, oreinak, putreak, sai zuriak
eta abar luzea bizi dira, nahiz eta urteetan zehar beren populazioa
beherantz egin duen, ehizaren, turismoaren eta egurraren ustiapenaren
ondorioz. Horrela, otsoa eta hartza aspaldian desagertu ziren bertatik.
Udazkenean gerturatzen bazarete, irailaren azken aldera edo urriaren
hasieran, garaian garaiko landareen eta argiaren tonu marroixken
artean, animalien orroa entzun ahal izango duzue, araldi garaia
baita.
Historian atzera eginez, bi estatuek, itsasontziak egiteko helburua
zutela, XVIII. mendean basoa ustiatzeari ekin zioten, eta horrek
urritu egin zituen bertako zuhaiztiak. Halere, basoaren barnean
mugarik ez izateak alde bateko zein bestekoen arteko liskarrak ekarri
zituen, 1856an bi estatuek behin betiko muga erabaki zuten arte.
Erabakiaren ondorioz, Ipar Euskal Herriak basoaren bosten bat jaso
zuen, eta beste guztia Nafarroaren eskuetan geratu zen.
Nafarroako aldean, hertsiena eta basatiena kontsideratua, bi eremu
babestu dira bereziki, beren aberastasuna dela-eta: Mendilatzeko
Natur Erreserba eta Lizardoiako Erreserba Integrala. Azken honek,
inoiz ustiatua izan ez den pagadi-izeidi birjina gordetzen du Zabaleta
edo La Cuestión mendian.
Azkenik, kontuan hartu bertan klima nahikoa hezea dela, udan bat-bateko
ekaitzak ez direla batere arraroak, eta gauez hotz egin dezakeela.
Orain, baso zoragarri honi buruzko ideia txiki bat egiteko, lau
leku edo ibilbide proposatzen dizkizuegu, zein baino zein ederragoa,
eta banan-banan hartuta, Euskal Herriko tokirik ikaragarrienetakoak.
HARPEA
Inora ez daraman leku isolatu batean, bi Nafarroak elkar ukitzen
duten bazter galdu eta isolatu batean, L.P. Santiagoren esanetan
isiltasuna, bakardadea, edertasuna eta buru gaineko haizea
maite dutenak bakarrik heltzen diren leku batean aurkitzen
da Harpea.
Bertan, Beherobiko erreka, egurrezko zubitxoa, harrizko harresitxoa
eta artzain-borda ondoan dituela, kobazulo misteriotsua kokatua
dago. Aldi berean triangelu ikusgarri eta tolesdura arrokatsu den
natur mirari honen aurrean, ahotsik gabe geratuko zarete. Errozate
mendiaren barrualdea behatzea ahalbidetzen digun fenomeno geologiko
bitxi hau eta bere ingurune ederra luzaroan gogoratuko duzuen osotasun
zoragarria izango da.
Bertaraino joateko, Organbidexkako Lepotik azken bordetaraino jaitsi
bazarete (ikus ibilbidea), oinez egiteko bidea ezin errazagoa da.
Egin behar duzuen gauza bakarra azken borda horietatik ateratzen
den bidezidorrari bost bat minutuz segitzea da. Segituan, txundituta
utziko zaituzten Euskal Herriko paisaiarik politenetakoa osatzen
duen mirari naturala ikusiko duzuelako: izugarrizko mendi biren
artean, goitik behera jausten den errekatxoaren atzealdean, Harpeako
begi okertua agertuko zaizue, ikuskizun zoragarria behatzen duen
parajeko erregea.
Kondairak dioenez, udako arratsalde beroetan lamiak kobaren sarrerara
irteten ziren, eta haitzaren gainean eseriz, eguzkiaren azken errainuen
artean distira itsugarria sortzen zuen urrezko orraziaz beren ilaia
luzea orrazteari ekiten zioten.
OKABE MENDIA ETA ILLARRRITA HARRESPILA
Okabe mendia, Iratiko ikuspegirik politenetakoa eskaini dezakeen
1.466 metroko gailurra izateaz gain, bere magalean Euskal Herrian
aurki dezakegun kromletx-multzorik garrantzitsuena erakusten du,
Illarritakoa hain zuzen ere.
Illarritako edo Okabeko harrespila hauek (zirkuluan jarritako harriak)
Burdin Arotik (K.a. 800-300 urte) ailegatu zaizkigu, eta dirudienez,
antzinako errausketen hileta-monumentuak izan ziren. Horrela, eremu
sakratu horien erdian, hildakoaren errautsak ontzietan sarturik
lurperatzen zituzten.
Harrespilak, herri-giroan Jentil-baratze edo Mairu-baratze
izenekin ezagunak, tradizionalki euskal mitologiako pertsonaia horien
ehorzketarekin lotuak egon dira oro har. Gaur egun arte inguru honetan
30etik gora aurkitu badituzte ere, adituek gehiago topatzea espero
dute.
Gehiago aurkitu ala ez, dagoeneko gaur egun ezagutzen ditugunek
osotasun magikoa eratzen dute, aire zabalean kokatzen den historiaurreko
santutegi moduko bat. Gertutik ala goitik begiratuta, bisitaria
txundituta uzten duten biribil handi hauek paregabeko paisaia osatzen
dute.
Zelai larretsu hauetan gora segituz, Okabe mendiko gailur zabal
eta lau modukoak Iratiko ikuspegi pribilegiatu eta izugarria eskainiko
digu. Horrenbestez, bertatik Nafarroa Behereko eta Zuberoako mendi
guztiak ikusteaz gain, Nafarroako gailurren zati handi bat ere behatu
ahal izango dugu: Ori, Mendizar, Abodi, Errozate, Saiarre, Bizkartze...
eta abar oso luzea, Iratiko landare-geruza koloretsu eta zabalaren
gainean nabarmenduz.
OINEZKO IBILBIDEA
Illarritara eta geroago Okabeko gailurrera iristeko oinezko bidea
Surzai Lepotik hasiko dugu (ikus ibilbidea). Surzai Lepotik (1.135
metro), eta ekarri dugun bidearen aurrean dugun magalean gora, pixka
bat ezkerretara, bidezidor bat abiatzen da, basoan barrena. Bideari
jarraituz, handik gutxira basotik irten eta Illarritako Lepora iritsiko
gara. Izen bereko nekropolia eskuin aldean dago, goraxeago.
Segituan konturatuko zaretenez, hemendik aurrera zelai zabal eta
nahiko lauak nagusi dira; izan ere, tamalez, Okabeko gailurrera
4x4 batez ere iritsi daiteke, gurpilen arrastoek erakusten duten
moduan. Horrenbestez, harrespilak bisitatzen ditugun bitartean (1.385
metro inguruan), egin beharreko gauza bakarra gailurreriari edo
horrelako arrastoren bati jarraitzea da, Iratiko ikuspegia gero
eta ederragoa bihurtzen zaigun bitartean.
Gailurra, biribil samarra, ez dugu azken unera arte ikusiko, baina
bertaraino iristean, bi ordu eta erdiko esfortzua merezi izan duela
pentsatuko duzue. Azkenik, tontor zabalari bira ematea gomendatzen
dizuegu, alde guztietatik bista zoragarria baita.

|