Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroako Eki-ErdialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafarroako Eki-Erdialdea Nabaskoze-Irunberri-Leire-Xabier-Zangoza-Uxue-Donamartiri-Untz-Erriberri

ARBAIUNGO ZINTZURRA

Milioika urtetan zehar, Zaraitzu (Salazar) ibaiak Irunberri inguruko mendiak zulatu ditu, eta prozesu luze honek eraginda, gure begiek gozatuko duten ikuskizun natural hau dugu.

Haitzebaki sakon honek 6 km-ko luzera du, eta bere inguruekin batera Arbaiungo Zintzurraren Erreserba Naturala osatzen du, 1.164 hektareatan zehar. Dozena erdi kilometro hauetan zehar ur zalapartatsuak bizkor isurtzen dira, 200 metroko altuera duten horma bertikalen oinetan.

Ingurune basati hau almadizainen pasabiderik ikusgarriena izan zen aspaldi. Pirinioetako basoetatik sokaz lotutako egur-enbor luzez egindako almadi edo “tren” artikulatuak gidatzen zituzten almadizainek. Ur gaineko garraio-mota honen bidez ibaia oztopatzen zuten haitzak pasa zitzaketen, eta baita ur-jauzi txiki eta ugariak ere. Gaur egun berriz, ur hauetatik egurrezko almadiak igaro beharrean, osagai artifizialez egindakoak pasatzen dira, Arbaiungo zintzurra raftina egiteko toki aproposa baita.

INGURUNE BASATIA

Inguru honetako klima mediterraniar hezea bada ere, zintzurraren barruan zenbait topoklima ezberdin daude. Faunari dagokionez, hainbat espezie bizi dira bertan, baina denen artean nabarmentzen direnak sai arreak dira. Hauetako 200 bikotez osatutako kolonia bat bizi da bertan, eta ezagutzen den koloniarik handiena dugu berau. Zortea eta pazientzia izanez gero, bestelako hegazti harrapari asko ikusteko parada izan dezakegu: sai zuriak, arrano beltzak, belatz handiak, beleak, gabiraiak...

ISO MENDATEKO BEGIRATOKIA

Behatoki hau Nafarroan aurki dezakegun ikusgarrienetakoa da. Nabaskoze eta Irunberri arteko errepide alboan dagoenez, gainera, bertara iristea ezin errazagoa da (ikus ibilbidea).

Arroilaren sarreran kokatua dagoenez, leku pribilegiatu batean, ia haizpitarte osoa gure menpe dugu bertatik, eta ikusten duguna benetan arnasa kentzeko modukoa da: 200-400 metro arteko bi pareta bertikal, bata bestearen parean, eta hantxe behean, suge luze baten antzera, “erruduna”. Sinestezina dirudi ibai batek lan izugarri hori egin ahal izatea.

ZINTZURRA BARRUTIK

Ibilbidean zehazten den moduan arroilaren barruko aparkalekura iritsi ostean, eskuineko aldean bidezidor bat abiatzen dela ikusiko dugu.

Bidea oso erraza da, beti ere hormaren kontra doalako eta bakarra delako. Bertatik, ordu laurdeneko ibilaldi baten ondoren, bidearen azkenean bista ikusgarriak dituen balkoitxo natural batera iritsiko gara. Puntu horretara iritsirik ez egin aurrera, ez baitago prestatuta eta arriskutsua gerta daitekeelako.

Bidetxo polit horretan zehar goazela, bizpahiru lekutatik ibaira bertara jaisteko aukera izango dugu, eta bero eginez gero, ur freskoetan bainutxo bat ere har genezake. Jaitsiera-lekuak maldatsuak dira, baina arrisku gutxikoak.

IRUNBERRIKO ARROILA

1987tik Natur Erreserba izendatua, Irunberrikoa Nafarroako naturaren beste altxor horietako bat da. Arbaiungoa basatiagoa bada ere, Irunberriko zintzur honek bere barrualdetik joateko aukera eskaintzen digu (iristeko ikus ibilbidea), horrelako haizpitarte ikusgarri baten edertasunaz barrutik gozatuz.

ZINTZURRAREN BARNEAN

Kilometro bateko luzera eta 120 metroko desnibela duela, bere barrenetik Irati ibaia doa sigi-saga, ganibet batek egingo lukeen bezala lurra goitik behera ebakiz, milioika urtetan zehar. Kilometro horren barruan, sarrerako tunelaren eta amaierakoaren artean (argiztatu gabekoak eta nahikoa ilunak), ibaiaren alboan paseoa egiteko aukera ematen digun antzinako trenbidea dago.

Iratiko Trenak 1911ko apirilaren 23an egin zuen bere lehen bidaia. Zangoza eta Iruñea artean, penintsulako lehen tren elektrikoa izan zen. Lehenbizi egurra garraiatzeko erabiltzen bazen ere (lehenago lan hori ibai gaineko almadietan egiten zen), pertsonak ere eraman zituen, 1955ean desagertu arte. Amaierako tunela igarota, Deabruaren Zubia ikusiko dugu, arku bakarrekoa eta frantziarrek 1812an urperatua.

Paregabeko ingurune honetan fauna interesgarria bizi da, hegaztiak batez ere: sai arrek osatutako kolonia garrantzitsua, sai zuriak, sorbeltzak, gau hontzak...

IRUNBERRI

Irunberriko herria ere (Lumbier), Irati eta Zaraitzu ibaiek bat egiten duten inguruan kokatua, paseo bat merezi duten leku interesgarri horietakoa da, bertan ondare historiko-artistiko garrantzitsua gordetzen delako. Horrela, eraikin zibilen artean, hegal zabala eta arkupeak dituen XVI.eko Udaletxea azpimarra dezakegu.

Eraikin erlijiotsuei dagokienez, herria ondo hornituta dagoela esan beharra dago: San Adrián, Santa Maria Magdalena, San Bartolomé eta Trinitateko baselizez gain, San Benito Komentua ere ikus dezakegulako. Baina guztien gainetik herriko bi eliza nabarmentzen dira, XVIIko Santa Maria Magdalena (margo eta tailu ederrez apaindutako erretaula barrokoak) eta XIV.-XV. mende bitarteko Jasokundeko eliza gotikoa (erretaula nagusia nabarmentzen da).

ZANGOZA

Zangoza Aragoirekiko mugaren ondoan egoteak eta bereziki Santiago Bidean atsedenleku garrantzitsu izateak merinaldeburu izateraino (XIII. m.) garatzea ekarri zuten. Gaur ikus dezakeguna garrantzi historiko horren ondarea da: tenplu erlijiotsu eta eraikin zibil ederrez josita ageri zaigun erdi aro itxurako hiria.

IKUSTEKOAK

Zangozak, Iruñetik datorren bisitariari ongi etorria egiteko, Aragoi ibaia, zeharkatu behar duen zubi metalikoa eta atzean dagoen Santa Maria La Real eliza monumentala agertzen dizkio; hiriaren edertasunaz ohartzen has dadin.

Eliza erromanikoa XII.-XIV. mende bitartean eraiki zuten, eta bere elementurik ikusgarrienen artean dorre oktogonala eta barruko Rocamador-eko Andre Mariaren irudi gotiko eta ekisaindu prozesional handia azpimarratuko ditugu; baina batez ere, Erdi Aroko lanik zailenetakoa izandako itzelezko ataldea (XII. m.), eta eskulturez gainezka dagoen harrizko “erretaula” izugarria.

Kale Nagusiari jarraikiz, segituan Anues (XV.eko gotikoa) eta Iñigez Abarka (XVII.eko Berpizkundea) jauregiak pasatuko ditugu; kalearen beste aldean, arkupedun Udaletxea, eta laster, berriz ere eskuinaldean eta bata bestearen aldamenean jarriak, Sebastianen jauregia (XV.eko gotiko berantiarra, Enrique Labrit azken Bianako Printzearen jaiotetxea) eta Paris Iñigez Abarkatarren jauregia (XVI.eko Berpizkundea).

Amaieran, Foruen Plazan Asisko San Frantziskoren Komentu gotikoa ageri zaigu, 1266ko elizaren ostean eraikia. Barruan Klaustroa eta Erdi Aroko hilarri diskoidal bilduma interesgarria ikus ditzakegu.

Lehengo bide beretik atzera itzuli eta segituan eskuinetara egiten badugu, laster Bianako Printzearen Jauregi-Gaztelu luzearekin topo egingo dugu, XII.-XIII. mendeetan Nafarroako Errege-Erreginen egoitza izandakoa. Gaur egun, eraikin nagusia eta alboetako bi dorreak geratzen dira.

Bide honek elizara itzuliko gaitu, eta oraingoan Kale Nagusiaren eskuinalderantz zuzentzen den Alfontso Borrokalaria (geroago Enrique Labrit bihurtuko zena) izena daraman kalea hartuko dugu, gainontzeko monumentuak horren inguruan antolatzen baitira.

Horrela, Ongai-Vallesantoro Jauregi barrokoan (Turismo Bulegoa) elementu kolonialak eta batik bat zurez landutako hegal ikusgarria miretsiko ditugu. Aurrean Amadores kalea hasten da, Santiago eliza erromaniko-gotikoraino eramango gaituena, bere almenadun dorre eta atalde ikusgarriekin.

Borrokalariaren kaletik aurrera eginez, hurrengo plazatxoan XIII.eko San Salvador eliza gotikoa ageri zaigu, eta hurrengo kale-ahoan Iñigez Medrano jauregia (XVI. m.). Eskuinetara joanez berriz, Karmengo Andre Mariaren Komentua. Gotikoa, XIV.eko klaustro polita eta Eliz Dorreetako Erlojuen Museo bitxi bat gordetzen ditu barruan.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
45 km.
404 m.
4.553
%4
70 km2
66 bizt./km2
Errege Eguna (urtarrilak 6)
San Sebastian Eguna (urtarrilak 20)
San Sebastian jaiak (irailak 11-17)

 

 

 

 

 

LEIREKO MONASTERIOA

Izen bereko mendizerran eta Esako urtegian handioski goratuz, Leireko San Salbador Monasterioa Nafarroako monumentu historiko-artistiko garrantzitsuenetakoa dugu.

Jatorriz Behe Erdi Arokoa, (lehen berria 842. urtekoa da), bere mailarik gorena XI.-XII. mendeetan lortu zuen Antso III. Nagusiak berreraiki eta Erresuma Zaharreko erdigune izpirituala bihurtu zenean. Nafarroako errege-erreginen mausoleoa ere bertan egoteak ospea handitzen lagundu zion.

Monumentu erromaniko handios honetan (penintsulako iparraldeko lehena) bereziki azpimarratu beharreko elementuak honakoak lirateke: sarrerako hiru absideak, kripta harrigarria bere kapitel baxu eta itzelekin (denak ezberdinak), XII.eko “Porta Speciosa” atalde erromanikoa (aberastasun artistiko handiko eskultura-bilduma zabala, tinpanoaren inguruan), eta eliza erromaniko-gotikoaren barrualdea (Leireko Andre Mariaren eta San Salbadorren tailuak eta Nafarroako errege-erreginen Panteoia ikus ditzakegu besteak beste).

Zabalik: astelehenetik larunbatera, 10:15-14 eta 15:30-19 ordu bitartean; igandeetan, 10:15-14 eta 16-19 artean. Helduentzako sarrerak 225 pta balio du; umeentzakoak 50 pzta.

XABIERKO GAZTELUA

Aragoirekiko muga zaintzen duen mendixka batean, San Frantzisko Xabier (1506) nafar zaindariaren jaiotetxe-gaztelua aurkituko dugu, urtero martxoan egiten diren Xabierraldien helmuga.

Jatorriz XI. mendeko talaia soila, geroago dorre eta gune berriak eraiki zituzten, eta 1952an berriztatua izan zen. Gazteluan jada, barruko egongelak bisitatu ahala altxor bat baino gehiago topatzen joango gara:

Ate eta harresien osteko Ate Nagusiaren armarria, Arma-Etxaldea, Kristo Sainduaren Kapera (sainduaren heriotza-egunean odol-izerdia isuri omen zuen tailuarekin), Omenaldi-Dorrea (Sainduaren Gela eta San Migel Kapera), Kaperauen Gela (Gazteluaren historiarekin eta erlijioarekin loturiko gauzak ikusgai), Gazteluko Terraza, Gela Handia (sukalde-janleku-egongela), Pinakoteka erlijiotsua... Honi atxikirik Basilika ere miretsi dezakegu. Zabalik: asteartetik igande goizera, 9-13 eta 16-19 ordu bitartean. Sarreran gure borondatea eman dezakegu.

ERRIBERRI

Historikoa eta monumentala, labore-lur eta mahastiz inguratutako hiri honetan Nafarroako mende askotako historia laburbildua dago. Nekazaritza eta ardo lur horien erdian bertako gaztelua altxatzen da, itzela eta handiosa, urrunetik ikusten den hiria bere mendean duela eta Nafarroako alde zahar aberatsenetako baten aurrerapena dela.

HISTORIA

1147. urtean Gartzia Ramirez Konpontzaileak Lizarrak zuen foruaren moduko bat eman zion, biztanle gehiago erakartzeko, eta hortik aurrera hiria azkar garatzen joan zen. Erdigunea zabaldu eta antzinako barruti erromatarraren hegoaldean beste gune bat eraiki zuten.

Hortik aurrera Nafarroako errege-erreginen hiririk gogokoena bihurtu zen. Errege asko gerturatu ziren bertara, eta ondorioz Errege Jauregia altxatu eta Erresumako Gorteen egoitza izan zen. 1407an Karlos III Nobleak hiria begiko egoitza izendatu ostean, merinalde berri baten buru bihurtu zuen. 1630etik aurrera hiri-gutuna dauka.

Independentzia Gudan, 1813an, Espoz y Mina jeneralak Gaztelua (Nafarroan daudenetatik agian monumenturik garrantzitsuena) suntsitzeko agindua eman zuen, frantziarrak bertan babestu ez zitezen, baina 1937tik aurrera, berreraikitzen hasi ziren.

GAZTELUAK ETA ANDRE MARIAREN ELIZA

Errege Gaztelu-Jauregi zoragarria zenbait garai ezberdinetan eraikitzearen ondorio da. Horrela, bi gaztelu ditugula esan genezake.

Teobaldos plazan, zatirik zaharrena edo Gaztelu Zaharra, gaur egun Turismo Ostatu bihurtua, antzinako barruti erromatarraren gotorlekua zen. Bisigodoek berriz altxatu zuten eta erdi aroan Nafarroako errege-erreginen egoitza izan zen. Aurrealdean Talaiako edo “Zikoinaren” dorrea, leihate gotikoak eta Berpizkundeko sarrera nagusia azpimarra ditzakegu.

Gaztelu Zahar honi atxikirik, Andre Mariaren eliza gotikoa dugu. XIII. mendekoa, bere aurrealde gotiko ederra nabarmentzen da, klaustro itxura duena. Ikonografikoki oso aberatsa da, eta apostoluen, erregina baten eta Birjina eta umearen estatuak azpimarratu behar ditugu. Tinpanoan Deikundea, Jaiotza, Errugabeen Heriotza, Egiptorako Ihesa, Tenpluko Aurkezpena eta Bataioa irudikatuak daude.

Barrualdean, Berpizkundeko erretaula nagusi oparoa eta Heriotza Oneko Kristoren tailu hispaniar-flandesa ikusi beharrekoak dira. Azkenik “Barruko Ingurapen”etik “Kanpoko”ra pasatuz (Teobaldos plazatik Karlos III. plazara), elizari atxikirik (bi gazteluen artean kokatua) Karlos III.ak eraikiarazi zuen Errege Jauregi gotiko ezin ederragoa dago.

Esandako moduan Nafarroako monumenturik garrantzitsuena eta ikusgarrienetakoa den hau, gainera, Nafarroako Jaialdien egoitza izaten da urtero.

Jauregiaren erdigunea Erregearen eta Erreginaren ganbarek eta Urrezko Galeriek osatzen dute, eta bere inguruan, Erreginaren Lorategia, Hiru Koroen Dorrea, Uharkaren Dorrea (erronda-bideak lotuak), Lau Haizeetako Dorrea eta Talaiako Dorrea eraiki ziren.

Gazteluaren bisita-ordutegia: egunero 10-14 eta 16-18 ordu bitartean, itxi baino ordu erdi lehenago arte. Sarrera helduentzat 300 pezetakoa da. Gazte, ume eta nagusientzat deskontuak egon ohi dira.

PLAZA ETA ALDE ERROMATARRA

Alde erromatarra eta erdi arokoa banatzen dituen Karlos III. plaza honen erdian lurrazpian erdi aroko bi galeria bisita ditzakegu, puntu erdiko eta ojibar arkuak dituztela. Bertan, alde erromatarraren hasieran, Txapitelaren edo Erlojuaren Dorrea dugu, arku-atari baten gainean kokatua. Hornikuntza-biltegi eta Kontseiluaren egoitza izan zen.

Bertatik sartuz, Teobaldos ondotik igaroko gara, San Francisco kalean zehar, eta handik gutxira dagoeneko eraikia behar duen Ardoaren Museoa topatuko dugu. Kale honen ezkerrean Rua de la Tenderia eta eskuinean Rua de la Juderia (gaztelu ondoan) ditugu, ibilera atsegina egitera gonbidatzen digutenak.

ERDI AROKO GUNEA

Hemen ibilbide bat eskaini beharrean gomendatzen duguna zera da, galtzea, ertz bakoitzean norabide finkorik gabe ezker-eskuinera jotzea. Izkina bakoitzean bitxikeria edo edertasun berri bat aurkituko dugu, erdi aroko Barruti hau ezustekoz beterik baitago: Berpizkundeko eta barroko estiloko jauregiak, armarri handiak, egur, adreilu edo harrizko hegal ederrak, etxe-aurrealdeak... Osotasun paregabea.

Batez ere, eta bereziki, errepara ezazue Rua Mayor kaleko jauregi eta xehetasunetan. Bi azpimarratzearren, kale hasierako Rada eta amaierako Feriako Markesen jauregiek bisita bat merezi dute.

Paseatzen ari zareten bitartean, lehentxeago edo geroxeago harresien ondoan dagoen (El Fosal izeneko zabalgunean) San Pedro eliza aurkituko duzue. Estilo erromanikoan hasia, bere klaustro eta atalde erromanikoek zuen arreta erakarriko dute; eta baita orratz itxurako dorre gotikoak edota erretaula nagusi barrokoaren margoek ere.

HARRESIEN INGURUAK

Hiri honek Nafarroako erromatar garaiko harresi-barrutirik osoena eta zainduena gorde du. Bertatik gotorlekuaren egitura eta zenbait dorre geratu dira. Erdi aroan harresi hauek zabaldu egin ziren, mendebaldeko hiru defentsa-dorreak, Txapitelaren Dorrea, bost atari-sarrerak eta kaleetako izenak gehituz.

Rua Mayor amaitu, harresietatik irten eta eskuinetara eginez, Santa Klara komentua dugu, eta hiriaren beste aldean barruti erromatarretik gertu, XVIII.eko San Francisco komentua, atalde gotikoa gordetzen duena.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
42 km.
388 m.
3.042
%5
83 km2
38 bizt./km2
Herriko jaiak (irailak 14)

 

 

 

 

UXUE

Kondairak dioenez, lurralde hau musulmanen eskuetan zegoela, Ama Birjina kobazulo batean ezkutaturik bizi zen, eta egun batean artzain bati agertu zitzaion, leku berean santutegi bat eraiki zutelarik. Herriaren izena kobazulotik sartu-irten zebilen usotik letorke.

815 metrora kokatua, izen bereko mendizerran, haizea da nagusi hemen, erdi aroko egituran ordenatutako etxeen artean aske eta hotz. Harrizko kale aldapatsu eta armarridun etxeetako herria eta inguruko mendi eta larre ederrak mendean hartuz, Andre Mariaren eliza-gotorlekua aurkitzen da.

XII.-XIV. mendeen artean jasoa, Karlos II. Gaiztoaren bihotza gordetzen da barruan. Eliza aurre-erromaniko baten gainean beste erromaniko bat eraiki zuten (XI.-XII.), baina bakarrik buruko hirukoitza. Gero, Karlos II.ak barneluzego gotiko zabala altxarazi eta eliza erronda-pasabide eta almenadun dorrez inguratu zuen. Hauetatik Lau Haizeetakoak eta Pikuenak iraun dute.

Andre Maria hau Nafarroako Erriberaren zaindaria da, eta antzinatik oso debozio handia gordetzen zaio. Nafarroako erromanikoaren irudirik antzinako eta ederrenetakoa da. Zabalik: egunero 8etatik 20etara bitartean.

DONAMARTIRI-UNTZ

Donamartiri-Untz herria (San Martin de Unx) antzinako Ferrate gazteluaren inguruan bildutako etxe multzoak osatzen du. Gazteluak ez du gaur arte iraun.

San Martin Toursekoa elizak, herriko parterik altuenean kokatua, estilo erromanikoan egindako nabe bakarra du. 1156an kontsakratua, XVI.ean nabe gotiko bat erantsi zitzaion, eta XVIII.ean hirugarren bat, gaur egun elizpe dena. Ataurreko kapitelak eta eskailera batetik jaisten den kripta erromanikoa azpimarratuko ditugu, hiru barneluzego dituena. Zabalik: astearte eta ostegunetan, 8.30 eta 19:30 orduetan; larunbatetan 19:30etan, eta jaiegunetan 11:30etan.

Orrialde nagusiraNafarroako Eki-ErdialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403