Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroako Eki-ErdialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafarroako Eki-Erdialdea Nabaskoze-Irunberri-Leire-Xabier-Zangoza-Uxue-Donamartiri-Untz-Erriberri

HARRESI NATURALAK Ibilaldi hau hasteko abiapuntu gisa, beste mendate bateko begiratoki bat aukeratu dugu, hau da, Nabaskoze-Irunberri errepideak igarotzen duen Iso mendateko begiratokia hain zuzen ere. Zintzilik dagoen balkoi honetatik Arbaiungo Zintzurra ezin ikusgarriagoaren bista izugarria dugu.

Gainetik behatu ondoren, orain Nabaskozerako bidea hartuz (begiratokia atzean utziz, eskuinetara), arroilaren barrenean sartuko gara. Begiratokitik 1,6 km-tara (NA-178 errepideko 13,5 km-an), ezkerreranzko bihurgune handi batean (jaitsieran 11garrena), bidetxo bat abiatzen da eskuin aldetik. Hori hartuz, 50 metro egin ondoren aparkaleku batera ailegatuko gara, eta hortik aurrera, arroilaren barnetik oinezko paseo labur eta polita egiteko aukera izango dugu.

Bide beretik itzuli eta mendatea berriz igaroz gero, Irunberrirantz abiatuko gara, agertuko zaigun Gaztela itxurako trantsiziozko paisaian zehar. Tartean Domeñutik iragango gara (XIII. mendeko eliza protogotikoa dago bertan).

Irunberriko erdigunean Herriko Etxearen Plaza eta bere bi eliza interesgarriak bisitatu ostean Zintzurrerantz abiatuko gara. Horretarako “Foz de Lumbier” seinaleak jarraitu eta errotonda batean ezkerretara egin ostean, pare bat kilometrotara Irunberriko Arroilaren aparkalekura iritsiko gara. Hemendik aurrera, haizpitartearen barnetik prestaturiko ibilbide zoragarriari jarraituko diogu.

ZANGOZALDEA

Irunberrira itzuliz, ezkerreko aldetik Iruñerako bidea hartuko dugu. Hortik 3 km-tara aldiz, Zangoza-Huescara doana, segituan datozen bizpahiru bidegurutzetan barrena. Azkenik, Aragoira doan N-24O errepide orokorra hartuko dugu. Paisaiak dagoeneko tonalitate marroixkak hartu dituela ikusiko dugu, eta bertan mendi baxuak, zuhaixkak eta, oro har, paraje nahiko lehorrak nagusituko zaizkigu.

Errepide honetan sartu eta 4,5 km-tara, ezkerraldean, Irunberriko Zintzurraren beste aldea edo sarrera ikus dezakegu. Bertaraino hurbilduz gero, sarreran bertan apurtutako harrizko zubia ikusiko dugu, eta bidean (errepidearen alboan) euskal-erromatar hiri baten hondakinak. Hondakin arkeologiko interesgarriak Ledea (Belengo Santa Maria Eliza) baino 500m. lehenago daude. Herria pasatu eta beste 6 km-tara, gasolindegiaren osteko errotondan ezkerretara eginez, Leirera hurbilduko gara.

NAFARROAKO ERDIGUNE ESPIRITUALA

Leire Mendizerra igotzen ari garela, haizkiak, haitzak eta zuhaitz txikiz osatutako inguru eder honetaz gozatzen hasiko gara. Azkenik, 4,5 km. igo ostean, Leireko San Salbador Monasterioaren osotasun zabala agertuko zaigu gure begien aurrera. Interes artistiko ukaezinaz gain, bertan, ez dezagun ahaztu, Nafarroako lehenbiziko Errege-erreginen gorpuzkinak gordetzen dituzte.

Errepide nagusian berriz, ezkerrean Esa (Yesa) herria daukagu, eta aurreraxeago herriaren izena daraman (nahiz eta ia osorik Aragoin egon) urtegi luzea. Luzeran 11 km eta zabaleran 1 km inguru izateak oso egokia bihurtzen du bela, windsurfa, ur-eskia edota ur-motoetan aritzeko.

Esara itzuli eta bertan ezkerretara eginez, Zangozarantz abiatuko gara. Tartean, 5 km-tara eta ezkerretara eginez, Xabierko Gaztelua topatuko dugu, Nafarroako eta misiolarien zaindari den San Frantzisko Xabierkoaren jaiotetxe eta Xabierraldien helmuga.

Laborantza lurrak nagusitzen diren lautada bat zeharkatuz, 8 km-tara Zangozako erdialdean sartuko gara. Berau Santiago Bideko geldialdi garrantzitsu izateak eta mugan kokatuta egoteak eragina izan dute hiriaren garapenean, ondare historiko-artistiko aberatsa sortuz.

ERDI AROKO GOTORLEKU-HERRIAK

Zangozako Turismo Bulegotik zuzenean eta zezen-plaza inguratuz Sos del Rey Catolicorako (“Zaragoza por Sos”) bidea hartuko dugu. Onsella ibaia gurutzatzean, aldiz, eskuinetara egingo dugu, Zarrakaztelura (Carcastillo).

Laborantza lurren artean doan bide estuago batetik barrena goaz, eta hortik aurrera Kasedarako seinaleak jarraituko ditugu. Hori azken bidegurutzetik 9 bat km-tara ikusiko dugu. Pare bat gehiago eta Kasedako zentroan sartuko gara. Hurrengo herriak bezalaxe, hau ere mendixka baten maldan gora eraikia dago, ibaiaren meandro batean, eta ondorioz, bere kaletxoak estuak eta irregularrak dira.

Kasedako zubi luze eta dotorea zeharkatu eta ezkerretara egin ondoren, pare bat km-tara urrunean Galipentzu ikusten hasiko gara. Gure helmuga herri zaharra da, beraz ez nahasi. Herri berria lehenago geratzen da. Galipentzu zaharra izateaz gain, izenak dioen moduan, herritxo lasai eta atsegina da, eta eliza ingurutik lautada zabalaren oso ikustaldi ederrak ditugu. Herrian besteen gainetik nabarmentzen den XII.-XV.eko San Salbador Parrokiak antzinako kripta erromanikoa gordetzen du bere barruan. San Pedro Parrokiak ere merezi du bisitatxo bat.

Errepide berari jarraituz, Tafallarako norabidean, han urrunean Gerindako Parke Eolikoa ikusiko dugu. Izan ere, lautada honetan haizea errege da. Gure hurrengo geldialdia, pare bat kilometrotara, Eslaba izan daiteke, edota bestela lauzpabost kilometrotara dugun Lerga. Biak ere lehorreko laborantzan (zerealak, mahastiak) eta ardo-ekoizpenean diharduten herri txiki nekazari lasaiak dira. Lergan gainera, I-II.eko hilarri erromatarrak daude.

Tafallarako bidea jarraituz Donamartiri-Untzeko (San Martin du Unx) sarrerara iritsiko gara, baina herrian sartu aurretik, ezker aldera egingo dugu, lehenbizi Uxue bisitatuko baitugu.

Gorantz doan errepide berri honen alboetan paisaia geroz eta lehorragoa dela konturako gara. Zenbait eremuk basamortu desolatuen itxura dute. 6,5. km-rako bidegurutze baten erdian Gurutzeria altu eta dotore bat aurkituko dugu. Hemendik Uxueren gaineko ikuspegirik ederrena jaso dezakegu. Herria bera Nafarroako haizetsuena omen da, eta bere kokapena ikusiz gero, ez da harritzekoa. Hori bai, haizetsua bezain ederra dela esan behar.

Itzuleran, orain bai, Donamartiri-Untzen (San Martin de Unx) sartuko gara. Zenbait eliza interesgarri, bazter tipikoak eta armarridun etxe franko dituen herri hau, jada desagerturik dagoen gaztelu baten inguruan antolatu zen. Donamartirin bertan Erriberrirako (Olite) bidea hartuko dugu ezkerretara.

Erriberrin sartu, bere itzelezko gaztelu-jauregia agertzen ikusi, eta berehala konturatuko zarete hiri hau Erregeen Egoitza izan zela. Zerbaitengatik esan zuen Kanpionek: “Erriberri ez ezagutzea Nafarroa ez ezagutzea da”. Bisitatzen baduzue ados egongo zarete.

Orrialde nagusiraNafarroako Eki-ErdialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403