argia.eus
INPRIMATU
Argia Sarien kronika
Tradizio berriei so
Gorka Pe├▒agarikano Goikoetxea 2024ko urtarrilaren 26a

Folklorea kristalizatu den gauza hori zela zioen Ion Celestinok ARGIAn. Eta tradizioa, aldiz, une jakin batek ematen duen lorea dela azaltzen zuen.

ARGIA Sariak “tradizio” bilakatu direla esango genuke gaur egun. Hasteko, eta gehiegi pentsatu gabe, 35. urtez banatu direlako. Tradizionala bihurtu den tradizioa beraz, batzuen irudiko, eta atzerakoia ere bai, elkar estuki lotu ohi diren kontzeptuak direlako. Baina lore txiki bana ernaltzen da urtero. Lurra zaharra da, baina segitzen du ematen, zaintzen badugu.

Historia zaharra da, baina ARGIAren historiaren parte hurbil eta inportantea betetzen duten harpidedun zaharrak mahai batean bueltan jartzea, elkar aurrez ezagutzen ez zirenak, lore bat ernaltzea bezalakoa da. Haiek dira komunitatea zaindu dutenak eta motiboak eman dituztenak aurrera segitzeko. Haien hitzetik jakin dugu gaur gauzak ez direla hainbeste aldatu.

Duela urte asko hasita, Euskal Herri Mendebaldeko biosfera bat erreserbatu nahi dute batzuek, baina ez dute lortu, eta ez dute etsiko; ezta herritarrek ere. Mendebaldeak izango du zeozer; begira Saharan ere zer gertatzen ari den, eta nola jarraitzen duten. Euskara hilobiratu ere egin nahi izan zuten –batzuk baino, askok–, eta hori ere ez zuten lortu. Datorren mendean ere ziur egingo ditugula egungo zapalkuntza istorioen kontakizunak. Eta Egiak izango ditu ordurako beste milaka memoria-dokumentu zahar. Baina espero dezagun, ordurako, kulturgintzan dabiltzan euskaldunak lasaiago biziko direla paper artean. Aferak ez dira aldatzen; aurpegiak aldatzen dira.

Aurpegi berriak ere baditu ARGIAk. Lantaldea handitu eta gaztetu da azken urtebetean, ikusmolde eta proiektuak irabazi ditu, sinergiak egin, eta sinadura berriak gehitu; baina baita galdu ere. Pello Zubiria ondo merezitako erretiroa hartzear da, eta ARGIAn, uraren zikloa bezala –leitu bere printzipioz azken Larruna–, sortuko dira gauza berriak. Lurra zaintzen badugu bederen, ernalduko da euskarazko kazetaritza ere. Momentuz, ari da urratsak ematen.