Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Narrazio mamuak

Santi Leone

Nafarroaren konkistaren urteurrena: Konkistaren kariaz, historian bilatuko dute ikertzaileek garenaren esentzia, eta saiatuko dira historiari erranarazten zer garen eta zer ez garen.

guneroko bizitzan urtebetetzeak nola, hala erabiltzen ditugu historian urteurrenak iraganean gertatutakoa ospatzeko edo gogoratzeko. 2012a Nafarroaren konkistaren (hasieraren) urteurrena izanen da, eta iduri du gai horren inguruan luze mintzatu eta eztabaidatuko dela. Gure gizartearen egoeraren adierazle, konkistaren inguruko jarrera kontrajarriak ditugu honetan ere: nafar gobernuak konkista ospatu nahi du; erakunde ofizialetatik kanpo, ordea, aski dute konkista gogoratzea.

Urteurrenek gertakari jakin baten inguruan herritarren jakin-mina pizteko balio dezaketen arren, zilegi da galdegitea benetan balio ote duten gertakari horren gaineko ezagutza zabaltzeko, batez ere Nafarroaren konkista bezalako gai polemiko baten kasuan. Urte osoan mila aldiz entzunen baititugu “zientzia” eta “objektibotasuna” hitzak gaiaz arduratuko diren historialari eta idazleen ahotik. Eta izan, ekarpen zientifikoak izanen dira naski, bai espainolisten aldetik (sinplifikatze aldera, dei diezaiegun horrela konkista ospatu nahi dutenei) bai abertzaleen aldetik (izenda ditzagun horrela, gauzak errazteko, konkista gogoratu nahi dutenak). Baina abiapuntua bera zalantzan egonik, 2012an eginen diren kongresu, jardunaldi eta mintzaldi gehienen helburu nagusia ez da izanen ustezko aurrerapen zientifikoak ezagutaraztea, baizik eta lehian dauden narrazio metahistorikoetarik bat gizarteratzen eta bertzeari gailentzen laguntzea. Eta narrazio horiek, narrazio mamu baten gisan, neurri batean datu historiko eta objektiboez elikatzen badira ere, hauen gainetik daude.

Eman dezagun adibide bat. Nafarroaren espainiartasuna dugu Nafarroaren konkista ospatzeko argudioen hauspo. Alde batetik, Gaztelarekin bat egin izanaren (ustezko) onurak aipatzen ahal dituzte historialari espainolistek konkista justifikatzeko; baina frogatuko balitz konkistak ez zuela ondorio onik ekarri, edo kalteak onurak baino handiagoak izan zirela, edo konkistak nafar gizartean eragindako sufrimendua ikaragarri lazgarria izan zela, orduan espainiartasunera jo lezakete historialari horiek: Nafarroa berez eta aspalditik espainola izanik, konkista (eta hark ekarritako sufrimendu guztia) historiak erabili zuen trikimailu bat izan zen, gure lurraldeak bere patu espainiarra bete zezan. Aukeran, historialariak onurak (datuak) aipatuko ditu, baina benetan ideologia gordina den espainiartasunaren narrazioak (esentzia hori ezin baita frogatu) biziko du haren diskurtsoa.

Bistan da, nire ustez, komenigarria dela horrelako diskurtso bati erantzutea. Zalantzagarriagoa da, ordea, ematen ari zaion ihardespena egokia ote den. Azken buruan, antzeko narrazio mamua osatzen ari baitira horren kontra ari diren historialari franko. Kasu honetan, benetako narrazio mamua, Iban Zalduak Volgako Batelariak webguneko artikulu batean dotore adierazi zuen bezala, kontrafaktual baten gainean eraikia baitago: zer gertatuko zatekeen Nafarroa konkistatu izan ez balute? Dokumenturik eskatzen ez duenez, gertatu ez den historiak abantaila argia dauka gertatu denaren gainean. Honek, hipotesiak egiteko, agiriak eta datuak eskatzen ditu; hark irudimena bertzerik ez du behar; hortaz, erran liteke gertatu ez den historia hobeki ezagutzen dugula gertatu dena baino, eta ederki dakigula zein izanen ziratekeen alegiazko gizarte horren nahiak (susmagarriki, gureekin bat egiten baitute normalean). Erran dezagun deblauki: Nabarralderen inguruko historialariek ere ekarpen zientifikoak egin egin dituzte, eta, dudarik gabe, aurten bertze batzuk gehiago eginen dituzte. Baina, betiere, poliki-poliki eta zirriturik utzi gabe osatzen ari diren narrazio mamu horren zerbitzura.

2012an, “bertzeek” izanen dute ideologia, “haiek” nahasiko dituzte historia eta politika. “Guk” benetako historia kontatuko dugu. Berriz ere, historia eta politika eta bien arteko harremana izanen ditugu mintzagai. Baten batek (dinosauro batzuk bizirik daude-eta oraindik) eragin politikorik batere izan gabe idazten duela defendatuko du; eta izanen dira politika eta historia eskutik hartuta ibiltzen direla onartuko dutenak. Eta hala ibiltzen dira, hori ez dut nik ukatuko. Susmoa dut, halere, azken bolada honetan argudio hori erabili izan dela historia politikaren erranetara paratzeko aitzakia gisa (baina ez da gauza bera historiaren eta politikaren arteko harremana onartzea, edo lehena bigarrenaren morroi bihurtzea). Edonola den ere, eztabaida horrek balioko du batez ere (balio izan du aurten ere), “gu” (historia ongi egiten dugunok) “haiengandik” (historia ideologikoki lerratua egiten dutenengandik) bereizteko, eta bidenabar “guk” egiten dugun historiaren beharra azpimarratzeko: okerreko historia gezurrez betea zabaldu nahia dabiltzanen arriskua hain da handia, ezen gure inguruko jarraitzaile-taldea trinkotu behar dugun eta, ondorioz, barne-kritika bertze egun baterako utzi. Narrazio mamuak elkarrekin lehian aritzeaz gain, beren balizko publikoaren onespena lortu eta bertan hegemoniko bihurtu beharra baitute.

Konkistaren kariaz, historian bilatuko dute ikertzaileek garenaren esentzia, eta saiatuko dira historiari erranarazten zer garen eta zer ez garen. Beharrik. Bertzenaz, geure burua asmatzen hasi beharko genuke.

Konkistarenarekin batera, Navas de Tolosako batailaren urteurrena ere izanen dugu aurten. Horren inguruko ospakizuna iaz hasi zen. Duela hilabete batzuk, kartel batzuk jarri zituzten Iruñeko erdialdeko pasealeku batean: “Nafarroa eta Jaen, historiari esker bat eginda”. Eztabaida historiografikoan ez dugu segur aski ustekabe handirik izanen, baina, aipatu kartel horrek erakusten duen bezala, Nafarroako Gobernuak xelebrekeriak asmatzeko duen gaitasunak ez du mugarik. Beraz, auskalo zer ikusi beharko dugun.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan