Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Intoxikazioa eta kontrola

Ixiar Rozas

Performatibitatea: Istorioak, testuaren egiak eta testuarekiko fideltasunak garrantzia galtzen du eta ikusle/ entzulean sortuko den efektua gailentzen da. Sortzailea eta ikusle/ entzuleen artean gertatzen den horretan dago obra.

arri hiru liburu idazmahaiaren aurrean. Ireki edozein orrialdetik. Eta hasi begien amu azkarrez harrapatutako esaldiak beste paper batean idazten. 23. orrialdea eskuinetan eta 24.a ezkerretan. Liburu bat gastronomiakoa izan daiteke, lau giza desioekin: samurtasuna, edertasuna, intoxikazioa eta kontrola. Lau landare, horiek asetzeko gai: sagarra, tulipa, marihuana eta patata. Segi begiekin hitzak, esaldiak, parrafoak, hotsak arrantzatzen. Liburu hau behar batetik abiatzen da: maitasun diskurtsoak gaur sekulako bakardadea pairatzen du. Belarriekin, orain, idazmahaitik harago datorrena harrapatzen. Hau ez da igande goiz batez lasai idatzitako testua. Hirugarren liburuko 10. orrialdean, indarkeria subjektiboari eta lengoaiaren indarkeriari, indarkeria “sistemikoa” gehitu behar zaizkio. Astelehen goiz batean idatzitako testua izan daiteke.

Idazketa luzatu, norabide guztietan, hartu idazketa hedadura baten moduan eta luzatu hego, ipar, ekialde eta mendebalderantz. Testualitateak sortu, testu aukera desberdinak. Performatibitatea ez da literaturatik eszenara jauzi egitea.

Performatibitatea ez da liburu bat, bere osotasunean edo bertako pasarte batzuk, eszenara egokitzea. Eszenara eramandako testu ez performatiboak ikusi/ entzun ditut, performatiboak ez diren pieza eszenikoak ikusi/ entzun ditudan bezalaxe.

60ko hamarkadatik hona eszenak, eszena mota batek behintzat –hau da, antzerki postdramatikoa bezala ezagutua denak—, dramatik urruntzeko moduak bilatzen ditu. Estetika performatibo bat bilatzen du, zeinean testua ez da gehiago literatur lan batean edo draman beran oinarritzen. Aske dago drama burgesaren morrontzatik. Testuak negoziazio bat hasten du presentziaren eta ausentziaren artean, fikzioa eta ez fikzioaren artean: antzerkiak ez bezala, non gehienetan aurkezten dena errepresentazioa eta teatralitatearen testuinguruan egoten den, performatibitateak ekintza eta etengabeko aldaketarekin du zerikusia. Negoziazio bat dago esperimentazioa eta sortzen diren egoeren konplexutasunaren artean. Desplazamenduak, leku eta denbora aldaketak, arrakalak. Istorioak, testuaren egiak eta testuarekiko fideltasunak garrantzia galtzen du eta ikusle/ entzulean sortuko den efektua gailentzen da. Sortzailea eta ikusle/ entzuleen artean gertatzen den horretan dago obra. Eta une horretan gertatzen den esperientzia performatiboa izan daiteke. Aukera estetiko honetan, esan gabe doa, ideologia bat dago, mundua ikusteko modu bat.

Performatibitateak zeresan ugari eman du –eta oraindik ere ematen du—, ezagutzaren hainbat arlotan. Ezagunak dira Austinen performatiboak, 50eko hamarkadan filosofian abiarazi zituenetik: izendatzen duena produzitzeko ahalmena du lengoaiak. Ordutik hona interpretazio eta berrinterpretazio ugariak. Bat aipatzekotan, Judith Butlerrena: performatibitatea heterosexualitate hegemonikoari aurre egiten dion botere sortzailea da. Hots, hitz egiten dugunean, eta esaten duguna errepikatzen dugun heinean, izendatzen dugun egoera sor dezakegu.

Pentsamenduan ematen ari diren desplazamenduez, aldaketez, arrakalez hitz egiten digu? Ezagutzaren subjektu berriak abiarazten ditu? Nola ezagutzen dugun esaten digu? Nola ezagutzen ahal dugun eta ezagutzeak zer esan nahi duen? Galdera horiei galdera gehiago eransten badizkie, orduan bilakatzen da interesgarria performatibitatea.

Hezkuntza performatiboa izan daiteke, curriculum ofizialak, toxikoak, agerikoak eta ezkutuak mahai gainean jartzen baditu eztabaida batean. Baita sukaldaritza ere, plater ofizialak, toxikoak, agerikoak eta ezkutuak mahai azpian jartzen baditu eztabaidan. Maitasun diskurtso bakartiak. Identitate itxietatik harago abian jar daitezkeen subjektibitate prozesuak. Dena izan daiteke performatiboa mahai baten ertzean. Urriak 20ko agiria eta azaroak 20aren osteko gorputzoi geratzen zaigun zirrikituetako bat halaber, hots, praktika performatiboak abian jartzekoa. 23. orrialdea eskuinetan eta 24.a ezkerretan. Liburuetako bat gastronomiakoa izan daiteke, bestearen 10. orrialdea indarkeria subjektiboaz ari da. Astelehen goiz batean idatzitako testua izan daiteke, lau giza desioekin.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan