Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Euskara Elkarteen erronkak: militantzia, solidaritatea eta aldarrikapena

Malores Etxeberria

Euskara elkarteak: Egitura txikiak eta iraunkorrak, jasangarriak izatea eskatzen du biziraupenak, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da militantziaren balioa berreskuratzea.

Aldaketa handiko garaian gaudela esatea ez da nobedade bat, beste konturik ez baitago azken aldian toki guztietan, eta, entzuteaz gain, gertutik bizi izaten ari garen errealitatea ere bada. Sistema ekonomikoaren muina pitzatuta eta oreka berria bilatu ezinik, kolokan jarri da mundu aberatseko gizarte ereduaren egitura osoa. Krisi ekonomikoarekin heldu den egonkortasun ezak zipriztindu bakarrik ez, uholde larriak ekarri ditu gurera ere, Euskal Herrira: langileon soldatak izoztea, herritarron eros ahalmena gutxitzea, langabeziak gora egitea, diru laguntzen jaitsiera izugarria…

Paradoxikoki, aldi berean ilusio handiko egoera bizi dugu politikaren aldetik Euskal Herrian: bake-prozesua abian da, alderdi abertzaleak gora doaz hauteskundeetan, politika beste modu batera egiteko asmoa eta gogoa duten hautetsiak ditugu, herritarrek administrazioaren erabakietan parte hartu dezaten bideak sendotzen ari dira eta abar.

Egoera konplexu horretan zer nolako bizi indarra izango dute gizarte mugimenduek, eta zehazkiago Euskara Elkarteek?

Diru eskasia izango da datozen urteotako konstantea. Administrazioa ari da, dagoeneko, guraizeak sartzen diru laguntzetan, errukirik gabe. Eusko Jaurlaritzak iragarri ditu jaitsierak euskara arloan, eta Nafarroako Gobernuak esan die euskarazko herri-komunikabideei ez diela ordainduko 2011ri dagokion agindutako subentzioen 2. zatia, eta 2012an… zero diru laguntza izango dutela!

Esan gabe doa Nafarroan UPN-PSN gobernuak hartutako erabakiok krisi ekonomikoaren aurreko neurri beti eztabaidagarrietatik askoz haratago doazela, eta lotuta daudela euskararen kontrako jarrera erasokorrarekin. Nafarroan euskalgintzak bizi duen egoera larrialdi betekoa zen lehendik, eta orain desesperatua da.

EAEra etorrita, ikuskizun daude foru aldundi eta udaletatik euskara elkarteek eta berauek kudeatzen dituzten herri-komunikabideek orain arte jaso dituzten diru publikoak jasotzen jarraituko duten ala jaitsierak izango diren eta zenbatekoak.

Kolore iluneko panorama horren aurrean, bizirautea izango da euskara elkarte eta herri-komunikabide askoren lehentasuna datozen urteetan, bizirik irauteko prestatu eta lan egin behar dute. Egitura txikiak eta iraunkorrak, jasangarriak izatea eskatzen du biziraupenak, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da militantziaren balioa berreskuratzea euskaltzaleen artean. Elkarteak aurrera ateratzeko militanteak behar dira, beren denbora eta lana eskainiko dutenak. Honi ondorio on bat bilatzen hasita, beharbada aukera bat gerta dakieke Euskara Elkarteei, gehiegizko profesionalizazioak eraginda, neurri batean, galduxea zegoen balore hori errekuperatzeko. Ezin da ulertu giza mugimendu baten jarduera bere kideen borondatezko lanean oinarrituta ez bada.

Norberak bizirik irauteaz gain, besteri bizirauten laguntzea ere izan behar du euskara elkarteen lehentasuna. Euskara elkarteak edo herri-komunikabideak oso beharrezkoak diren leku askotan arazo larriak izango dituzte lanean segitzeko, badituzte dagoenekoz. Nafarroako hainbat elkartez eta horiek sustatzen dituzten lekuko komunikabideez ari naiz, konkretuki, eta garrantzitsua izango da horiei laguntzea. Solidaritatearen balorea, era horretara ulertuta, euskara elkarteen dinamikan txertatzea oso inportantea izango da. Euskal Herrian horrelako esperientziak ez dira berriak. Denboran oso gertu ditugu Iparraldeko edo Nafarroako ikastolei laguntzeko antolatzen genituen diru bilketak, esaterako.

Euskara elkarteen beste egiteko garrantzitsua, salaketarena izan beharko da, Euskararen normalizazioari egiten ari zaizkion erasoak salatzea, herri mailan bezala Euskal Herri mailan. Hortxe ditugu, batzuk aipatzearren, eraso berri batzuk: Kontsumitzaileen legeari Eusko Jaurlaritzak egindako aldaketa, kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak urratzen dituena; edota Nafarroako eskoletan gaztelania sendotzeko sortu duten egitasmoa eta horretan gastatuko duten dirutza; edota euskalduntze alfabetatzean HABE egiten ari den murrizketak, ikasleen bekak kenduz, Udal Euskaltegien finantziazioa murriztuz eta abar. Euskara elkarteen egitekoa ere bada urraketa horien berri ematea herritarrei eta gogor salatzea.

Azkenik, salatzeaz gain, aldarrikatu eta exijitu egin behar diete euskara elkarteek administrazioei euskararen normalizazioari zor zaizkion diruak ematea. Euskararen normalizazioan ari diren agenteen sektore osoa ari da nozitzen Administrazioaren presioa. Sektore horretan agente indartsuagoak eta ahulagoak daude, eta denak izan behar dira kontuan aldarrikapenetan.

Ez da erraza egoera zailak aukera bihurtzea, baina datozen urteotan horretarako bidea egin beharko genuke euskara elkarteetatik. Euskara elkarte bakoitzak bere herrian edo eskualdean, baina Euskal Herri osoaren perspektiba galdu gabe. Euskararen normalizazioaren alde lanean ari den arlo osoari erreparatuz, talde ahulenekiko eta behar handiena dutenekiko solidario jokatuz.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan