Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

ArteaSailak



Neurriak

Xabier Gantzarain

Arg.: Dani Blanco

Xabier Gantzarain

Arte kritikaria

Oraintxe aurretxoan, inork ez zekien zer zen arte garaikidea, baina jakiteko plantak egiten zituen mundu guztiak, orain berriz, inork ez daki zer den arte garaikidea, baina jada ez dio axola.

Aurten erraza dago urtearen errepasoa: gutxiago, kaxkarrago, zabarrago. Ez da diru falta, ez da aurrekontu murrizketa: plantak egiteari uzteko aukera ezin hobea ikusi du askok. Zertarako ibili plantak egiten, vernissage probintzianoetan xanpainarik eta pintxorik ez badago? Arte garaikidea, zertarako?

Noiz eskertuko zaio artistari bere lana? Hildakoan? Batzuei ezta orduan ere. Infernuan zimenduak jarrita zeruraino altxatutako etxe multzo ezin berriagoko kale ospelari zein izen jarri ezinda dabiltzanean akordatuko dira agintariak artistaz, eta esango dute, domaia, luzeegia da izena kale batentzat: Manu Muniategiandikoetxea.

Berrian egin zioten elkarrizketa urrian: “Bi urtetan ia desegin egin da aurreko hamar edo hamabost urteetan egindakoa. Atzerapena izugarrizkoa da. Eta hori dena gero berriro martxan jartzea ezinezkoa izango da. Ematen du artea luxu bat dela, baina artea behar bat da, eta hori desagertzen bada...”.

Esaldia ez du bukatzen, eten puntuek airean uzten dute erantzuna, ez dakigu zer etorriko den. Eten puntuan bizi gara. Bukatu da Arakisen aroa. Azken urteotan Euskal Herriko lekurik interesgarrienetakoa bilakatua zen Gasteizko Montehermoso Kulturunea ez du gehiago Xabier Arakistainek zuzenduko, Gasteizko Udalak ez dio berritu kontratua, publiko guztietara zabaltzeko nahia aipatu dute, ez dut pentsatu ere egin nahi zer esan nahi duen horrek.

Hori da dogma orain: jendeak eskatzen duena ematea. Eta jendeak ez badu ezer eskatzen? Hobeto, hagitzez. Orduan ez dago ezer eman beharrik. Bere kasa hiltzen uztea da arte zentro bat inork faltan bota ez dezan lortzeko modurik onena. Urteak eta urteak ematea ezer egin gabe, kea saltzen, birdimentsionatzen, ez ados jartzea helburuetan, ez izatea herri proiekturik. Hor dago Tabakalera, litezkeen porrot guztien erakusgarri.

Baina eta jendeak anbulatorioa eskatzen badu, edo azoka, edo garajea? Kasu egin beharko litzaioke akaso, eta serio ari naiz, batere zinismorik gabe, akaso iritsi da ordua orain arte hainbeste puztutakoa bere neurrira ekartzeko, alde batera uzteko turismo kulturalaren diruetatik biziko den herria bilakatzeko ideia zoroa, ez egoteko beti kanpora begira.

Akaso iritsi da artistei gehiago lagundu, azpiegiturak sendotu, ondarea zaindu, aparra kendu eta gure neurriko sistema bat indartzeko ordua. Neurriak hartzekoa. Baina benetan.
 


© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan