Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

EuskaraSailak



Hizkuntzaren transmisioaz

Patxi Baztarrika, Hizkuntza politikarako sailburuorde ohia

Ikaragarria da euskarak eman duen jauzia, baina oso erronka konplexuak ditugu. Esango nuke naturaltasuna eta erakargarritasuna direla etorkizunari begira gako nagusiak. Eskolari eta euskaltegiei esker sortu diren elebidun berriek guraso izatean euskara transmitituko al diete beren seme-alabei lehen hizkuntza moduan? Saihestuko al dugu milaka eta milaka elebidunentzat euskara soilik hizkuntza akademiko, hotz eta barne-indar gabea izateko arriskua? Naturaltasuna da jokoan dagoena, eta naturaltasunaren eskutik dator erabilera erosoa eta bizia; eta erabilera eroso eta biziaren eskutik, hedapena. Jarrerak ere oso garrantzitsuak izango zaizkigu. Inoiz baino gehiago dago EAEn behinik behin –besterik baitira Nafarroa eta Iparraldeko kasuak– euskararen etorkizuna herritarren eta hiztunen esku.

(Administrazioan Euskaraz, 2010eko apirila. 68. zenbakia)

Martin Rezola, Administrazioko langilea

Administrazioa Euskaraz aldizkarian egindako elkarrizketa batean, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohiak galdetzen zuen: ‘Eskolari eta euskaltegiei esker sortu diren elebidun berriek guraso izatean euskara transmitituko al diete beren seme-alabei lehen hizkuntza moduan?' (antzeko gogoeta irakurri nion aspaldi Josune Ariztondori, oker ez banago: 'Hemendik urte batzuetara, orain eskoletan elebiduntzen ari diren belaunaldiek erabaki beharko dute zein izango den beren familia-hizkuntza'). Kontxo, Ataunen gehienek bai, Gasteizen gehienek ez. Aukera ez baitatza, errenta aitorpenean bezala, elizaren aldeko diru-ekarpena edo beste helburu sozialetara, A edo B laukia, markatzean. Zein hizkuntza aukeratu nahi duzu zure familian, euskara edo gaztelania?”

(Tiraka, 10-02-06)

Euskara batuaren ajeak

Xabier Amuriza, Bertsolari eta idazlea

Euskara batuak zehaztasuna behar du. Hizkuntza batek problemak izatea normala da, baina hainbeste! (...) Laburtasuna da premiazkoa: seinaleak, esloganak, kantak... Ia ez dute euskal aditza ametitzen. Gertatu zait niri erdarazko kantak euskarara pasatu eta neurri berdinean erdia esan beharra! (...) Aspaldian badago joera bat, herri txikietako karteletan eta, bertako euskara sartzekoa. Hori zelan egin daiteke? Gure guraso eta aitita-amonek, eskolatu bakoak izanda ere, bazekiten paperean ez zela idatzi behar berba egiten dugun moduan. Eta gaur egungo gazteek, itxuran, baietz uste dute, hori ondo dagoela, egin daitekeela, freskotasunaren mesedetan-edo. Ernegatu egiten nau horrek apur bat, unibertsitateko jendea delako. (Deia, 2010-08-09)

Jean-Louis Davant, Idazlea

Hegoaldetik batzuek galdetzen digute: ‘Zergatik eta zertako duzue iparraldeko batu hori?’ Erantzuna sinple zait: zuek hegoaldeko batu bat erabiltzen duzuelako, hiztegian guretzat aski urruna, ez errateko arrotza, gainera maiz erranaldietan gazteleraren pleguetara tolestua. Hortik euskara batuaren izenean saltzen zaiguna, frankotan gipuzkera osatua da.(...) Lapurtera baztertzen duen euskara bat ez da batua, gipuzkera osatua baizik ez da. (...) Erdiko euskaldunen kontra ez dut ezer, bereziki ekialdeko gipuzkoarren aurka. Euskararen bizkar hezurra osatzen dute, beharrik hor ditugu, bainan kontutan har dezatela zer lana kosta zaigun bazterrekoei euskara batuaren ikastea. (Le Journal du Pays Basque , 2010-10-21)


Euskara ez ikasteagatik zigortuak?

Terry Davis, Europar Kontseiluko idazkari nagusia

Zer esan nahi du ‘euskaraz bizitzeko eskubidea’ horrek? Ba al dago hura nahi den lekuan hitz egitea debekatzen duen legerik? Norbera nahi eta ezagutzen duen hizkuntzan bizi dadila, baina ez dezala eskatu hizkuntza hori ikasteko jakin-minik ez duten herritarrak zigortzeko. Ongi esan dut: ‘zigortuak’. Argi eta garbi esan behar da: euskararen ezagutza neurrigabeki saritzen da, bereziki –baina ez bakarrik– Euskal Autonomia Erkidegoan.
(Diario de Navarra, 10-05-20)

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan