Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

DantzaSailak



Azkaindarrak, jauzi eta ebats!

Urteak dantza alorrean zer eman duen pentsatzen hasi eta konturatu gabe dantzan hasi naiz. Azkaindarrak etorri zait oinetara, dantza-jauzi bat. Ez da harritzekoa, 2010a dantza-jauzien urtea izan baita, zalantzarik gabe. Garai batean Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Baztanen eta Biarnon dantzatzen ziren jauziak eta mutil-dantzak, eta orain horiez gain, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa osoan eta Ameriketan dantzatzen dira. Ez da aurten gertatu den iraultza izan, baina 2010ean hainbat ekimenek indar handia eman diote aurretik zetorren joerari.

Dantza-jauziak ez datoz bat azken hamarkadetan euskal dantzen inguruan indartu diren topikoekin. Ikusteko baino, dantzatzeko eginak daude. Ez da hanka ilargiraino altxatzeko ahaleginik egiten, eta ez da kabriola eta jira-bira konplikaturik egin beharrik ere. Ez dute adin mugarik, ez dago sasoian egon beharrik, eta lesionatzeko arriskurik ere ez dute. Eta hala ere —edo hain zuzen ere horregatik, besteak beste—, dantza egitearen plazera plazetara itzultzeko gaitasuna dutela frogatzen ari dira. Orain hamarkada batzuk ia desagertu ziren, baina orain loraldia bizi dute.

Mutxikoen edo dantza-jauzien arrakasta, dantzaldi irekien eta dantzazalearen figuraren indartzearekin lotuta dator. Kantuzaleak bezala, dantzazaleak ere elkar-antolatzen hasi dira, eta antolatzen ez direnean ere, dantzarako aukera guztiak baliatzen dituzte. Dantza taldeetako dinamikatik aparte, dantzaren alderdi ludikoa erreibindikatu dute. Dantzazaleek dantzan gozatzen dute, eta eremu formaletik aparte, dantzaren gozamena plazetara itzularazteko ahaleginetan dihardute.

Jaurlaritzan izandako aldaketak izan al du eraginik dantzaren alorrean? Ez da igarri ia ezer, tamalez. Lehen txanpa honetan ohartu gara kudeatzaile berriek dantza sustatzeko lehengoek adina gogo dutela. Alegia, borondaterik ez dagoela, eta beraz, alde horretatik berdin jarraitzen dugu. Lehendakaria dantzari ohia izateak ez du ekarri gobernu dantzazalea. Dantzaren alorra ohitu da bere kasa moldatzen, trakets, dena esan behar bada, baina iraunbizitzen, eta ez dio askorik eragiten joera bateko zein besteko gobernuak, denekin nahiko kaskar moldatzen baita.

Dantzariok kudeatzaile, saltzaile eta politikari kaskarrak garela erakutsi dugu, baina hala ere, ez dugu dantza erabat zapuztea lortu, eta milaka lagunek gozatzen du dantzan gaur eta hemen. Foru Aldundiak bultzatutako ikerketa bati esker jakin dugu Gipuzkoan 10.000 lagun ari direla astero dantzan ikasten. Administrazioak beste aldera begiratu arren errealitatea egoskorra da, eta ikusten denez, errealitate honi dantza egitea gustatzen zaio.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan