Reggaetonarekin eta antzekoekin, musika estilo bat ez ezik, Puerto Ricok beste ideia bat zabaldu du mundu osora: turistifikazioaren eta iragan kolonialaren artean dagoen lotura estua. Milioika jarraitzaile dituen Bad Bunny artista da mezu horren bozgorailu. Azken diskoan Jorell Meléndez-Badillo historialariak kolaboratu du, eta Karibeko irla hartakoa “erresistentzia baten historia” dela dio. Turismoaren kalteak jasaten dituzten herrialdeetan, erresistentziarako erritmo boricuak aisago pegatzen hasi direla dirudi.
Surrealista da eszena: apo antropomorfo batekin hizketan ari den agurea, zerbait erostera doa auzoko betiko okindegira, baina bar & grill bat aurkitzen du haren tokian eta zerbitzaria ingelesez hasten zaio: “Quesito-a nola nahiko zenuke? Gaztarekin edo cheeseless?”, galdetzen dio. Surrealista guztiz, apo antropomorforik auskalo, baina Puerto Ricon edonork baitaki gazta gabeko quesito-rik ez dela existitzen. Opil herrikoi horrek bezala, esentzia lapurtu dioten herrialde bat balitz moduan irudikatu nahi izan du Bad Bunny musikariak Puerto Rico, PR, bere azken diskoko bideo ofizialean.
Turistifikazioak sortzen dituen kalteei buruzko kezka musika plataforma globaletako playlistetaraino sartu da dagoeneko. Euskal Herrian badakigu zerbait kalte horiei buruz, etxebizitza iragarkien prezioak ikustea besterik ez dago. Duela gutxi, higiezinen agentzia batek artzain borda bat salgai jarri du Itsasun 549.000 eurotan: “Ez da borda bat soilik erosgai, poesia barne du”, zioen Kazeta.eus egunkariak. Basoaren erdian, errekaño eder bat ondoan... zein aberaskumek ez luke nahi halakorik? Haserrea berehala zabaldu da herritarren artean.
Baina beste askotan gertatu bezala, turistifikazioaren ondorioak nabaritzerakoan ez da gauza bera non jaio zaren, zein azal kolore duzun edo bizi zaren etxearen eskriturak inbertitzaile baten izenean dauden. Eta ez da gauza bera kolonialismoa jasan duen Puerto Rico bezalako herrialde batekoa baldin bazara; lehen karabelak eta ontzi esklabistak arribatzen ziren hango kostaldera, orain banderarik gabeko putre-funtsak.
Benito Antonio Martínezek, Bad Bunnyk, errealitate hori lehen lerrora ekarri du DeBÍ TiRAR MáS FOToS (DTmF) albumean. Trapa eta reggaetona erabilita –musika genero horri buruz ditugun aurreiritziak aspaldi jarri zituen hankaz gora June Fernándezek, Ezin badut perreatu ez da nire iraultza artikuluan–, abeslariak badaki konektatzen belaunaldi gazteen ezinegon eta aldarrikapenekin. Baina beste estilo afrokaribetar batzuk ere erabiltzen ditu, salsa, bonba edo plena kasu.
Boricuek –horrela deitzen zaie Puerto Ricon jaio edo hazi diren herritarrei– mende batez erabili duten erritmoa da “plena” eta sarkasmoz beteriko kontakizunak sortzeko balio du, baita kritika soziala egiteko ere: “Quieren quitarme el río y también la playa / Quieren el barrio mío y que abuelita se vaya...” (Nahi didate erreka kendu eta hondartza ere nahi / Nahi dute nire auzoa, amiña joatea’re bai), diote LO QUE LE PASÓ A HAWAii abestiko hitzek. Zer gertatu zitzaion ba Pazifikoko artxipelagoari? AEBek kolonizatu eta turismoak gentrifikatutako irla artifizial bihurtu zutela. Ay ay ay, lelolai esanez amaitzen da kanta, Puerto Ricon oso errotuta dagoen espresio kulturala.
Erresistentzia baten historia
DTmF diskoan, Puerto Ricoko memoria antikolonialista lantzeko ardura Jorell Meléndez-Badillo historialariak hartu du. Abesti bakoitzak herrialdearen historiaren pasarte bat dakar karatulan, orain arteko narratibarekin hausten duena. Meléndez-Badillok Puerto Rico: historia de una nación (Puerto Rico: nazio baten historia) liburua kaleratu du eta Jacobin aldizkariko gaztelerazko edizioan laburbildu dute: “Bere lanak erakutsi du Latinoamerikako historiarentzat iraultzailea dela, Bad Bunnyren azken albuma reggeatonarentzat den bezain beste”, dio Cruz Bonlarronek sinaturiko erreseinak.
Norbanakoen bizitzen bidez, historialariak deskribatzen ditu Puerto Ricon garai bakoitzean memorian “galdu” diren erresistentzia moduak: arrazismoa jasaten duen Miguel Enríquez kortsario beltza; emakume izate hutsagatik gutxietsia den Providencia Trabal Pupa lider independentista... Puerto Ricori buruzko hainbat mito ere ezbaian jartzen ditu Meléndez-Badillok, besteak beste, bere statu quo koloniala betidanik onartu duela.
Puerto Rico, ofizialki AEBei elkarturiko estatu librea den arren, “historiako koloniarik zaharrena” da, Leire Artolak ARGIAn (2788. zenbakia) Puerto Rico. Historiako koloniarik zaharrenaren oihua erreportajean azaldu zigun bezala. Kristobal Kolon 1493an irlan lehorreratu zenetik, taino indigenen, esklaboen eta gerrilla urbanoen oihuak –Karibeko tradizioan horrela deitzen diete altxamenduei– etengabeak izan dira: “Puerto Ricoko historia erresistentzia baten historia da”, leitu dezakegu Jacobin-en.
“Sube tú pa' la montaña, porque hoy yo me quedo acá”, (Igo zu mendi aldera, gaur ni hemen geratzen naiz'ta) kantatzen du Bad Bunnyk, plena ezagun baten estribilloa errepikatuta. Boricuen izaera alaiaren aldeko eta turistifikazioaren kontrako beste oihu bat dirudike.
Keinu nostalgiko bat Nuevayol-dik
Puerto Ricon hiru milioi biztanle bizi dira eta urtero sei milioi turistek inbaditzen dute irla. Aldiz, milioika dira gentrifikazioak eraginda atzerrira joan behar izan diren puertorricarrak. NUEVAYoL abestian diaspora hori du gogoan artistak, eta udako sasoian AEBetako hirian sortzen den jai giroa deskribatzen du, eguraldiak Puerto Rico tropikalera itzultzen lagunduko balie bezala. Keinu nostalgiko horiek ez dira lelokeriak, “espazioaren eta denboraren deskolonizazio bat” sinbolizatzen dute, 80 grados agerkari digitalaren arabera.
Puerto Ricoko Gobernuak onarturiko 22 Legea-k jende asko utzi du kale gorrian. Atzerriko inbertitzaileek ez dute zergarik ordaindu behar eta desjabetzeei bidea irekitzen die
Ez da lehen aldia Bad Bunnyk bere abestietan turismo masiboa kritikatzen duela. 2017an Maria urakanak irla kolpatu zuenetik argindar etenaldi luzeak jasan behar izaten dituzte, eta horren harira El Apagón - Aqui vive gente (Itzalaldia - Hemen jendea bizi da) bideoklipa kaleratu zuen 2022an, Bianca Graulauk aurkeztutako dokumental batekin.
Dokumentalean salatzen da Puerto Ricoko Gobernuak onarturiko 22 Legea-k jende asko kale gorrian utzi duela. Lege horren bidez atzerriko inbertitzaileek ez dute zergarik ordaindu behar eta espekulazioari eta desjabetzeei bidea irekitzen die. Hori da, adibidez, Maricusa Hernándezi gertatu zitzaiona. San Juan hiriburuan bizi zen, Santurce auzoan, eta etxetik alde egiteko 30 eguneko epea eman zioten jabe berriek gutun bidez: “Esan zidaten dirua galtzen ari zirela nirekin”, azaldu dio kazetariari.
P fuckin’ R... izorrai!
Etxebizitzak bakarrik ez, PRn dena ari da bihurtzen herritarrentzat eskuraezin, eskoletatik hasi eta hondartzetaraino. Dokumentalean, Graulau saiatzen da hotelek inguraturiko hondartza esklusibo batera iristen; horretarako Rosa Riveraren laguntza izango du, Dorado Beach resortean lan egiten duen etxe garbitzailea: “Esango nuke turistentzat garbitu baino zertxobait gehiago egiten dudala, Puerto Ricoren 'zaporea' eskaintzen diet”, azaldu dio kamerari irri txikiarekin. Hondartzak publikoak dira herrialdean, hor doaz biak itsasertzetik, kazetaria eta etxe garbitzailea, baina bidea itxita aurkitu dute.
Bad Bunnyk diru asko irabazi du musika komertziala egiten, eta ez du erreparorik aberatsen festibaletara joateko, baina kontraesanak kontraesan, salsa doinuekin eta mezu garbi batekin amaitzen du diskoa: "De aquí nadie me saca, de aquí yo no me muevo / Dile que esta es mi casa, donde nació mi abuelo / Yo soy de P fuckin' R" (Hemendik ez nau inork aterako, hemendik ez naiz mugituko / Esaiozu hau nire etxea dela, aitona hemen jaio zela / P fuckin’ R-koa naiz ni). Izorrai lelolai!
Kanarietan, Mexikon, Costa Rican, Asturiasen, Balearretan, zein Euskal Herrian, ez da oso desberdina eredu turistiko basati honekin gertatzen ari dena. Donostiako Alde Zaharrean sartuta, ez al gara laster quesito-a jan nahi duen agurearen larruan sentituko? Ordaintzera joan eta no cash esango digu zerbitzariak, hari bezala. Eskerrak aldameneko lagunak mugikorra atera eta erositakoa ordaintzen dion: “Seguimo aquí” (Hemen jarraitzen dugu) esaten dio irribarretsu. (PD: Bide batez, jakin nahiko bazenu... apo antropomorfoa existitzen da, concho deitzen diote eta Puerto Ricon desagertzeko zorian dagoen anfibio endemikoa da).