Hirigintza Sailak Luxury Rental Apartments SL enpresa zigortu du 2025eko urtarrilean, Pintore kaleko etxebizitza batean obra “klandestinoak” egitea egotzita. Enpresako partaidetzen %50 Gustavo Antépararena da, eta administratzailea bere bikotekidea. Antépara PPko kide esanguratsua da, besteak beste zinegotzia da Gasteizko Udalean eta EAEko PPko buru Javier de Andrésen hurbilekoa.
Hiri Ereduaren, Hirigintzaren, Etxebizitzaren, Garbiketaren eta Ingurumenaren Sailak zigor berria ezarri zion 2025eko urtarrilaren 16an Luxury Rental Apartments SL enpresari, ARGIAk jakin duenez. Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalean dago zigortutako etxebizitza, bigarren solairuan. Atariak lau etxebizitza ditu, bat solairu bakoitzeko, eta lauen jabe da Luxury. Baita etxebizitza gehiagorena ere, Alde Zaharrean zein beste auzo batzuetan.
Sailak “lizentziarik gabe eraikitakoaren eraisketa” eta “etxebizitza jatorrizko egoerara itzultzea” agindu zion enpresari, eta bi hilabeteko epea eman zion horretarako. Ebazpenak ohartarazten du agindua bete ezean udalak isun ekonomikoa ezarriko diola Luxuryri, eta Fiskaltzari helaraziko diola informazioa enpresak desobedientzia delitua burutu duen azter dezan.
Udalaren ebazpenaren aurka helegite administratiboa aurkezteko hilabeteko epea zuen Luxuryk, edo bi hilabetekoa epaitegietan aurkeztuz gero. Hirigintza Sailera deitu du ARGIAk espedientearen inguruko informazio eguneratua jaso nahian, eta eskuratutako informazio bakarra da espedientea irekita dagoela. Horrek adieraziko luke Luxuryk helegitea aurkeztu duela. Pintore kaleko atari inguruko bizilagunek, bestalde, hedabide honi ziurtatu diote ez dela lehengoratze lanik egin etxebizitzan.
Lau espediente, bigarrena etxebizitza beraren aurka
2022ko azaroaz geroztik hainbat aldiz ireki ditu espedienteak Gasteizko Udalak Luxuryren aurka, gutxienez lautan azken hau kontutan hartuta, eta denak arrazoi berdinarengatik: etxebizitzetan eraberritze lan integralak egitea horretarako baimenik izan gabe. Hiru Pintore kalean, laugarren bat Hedegile kalean, denak Alde Zaharrean. Etxebizitza turistikoak eskaintzen ditu bere enpresak.
Are gehiago. Bigarren aldia da udalak espedientea ireki duena Pintore kaleko atariko bigarren solairuan egindako obra “klandestinoak” direla eta. Lehen aldiz 2022ko azaroan ireki zuen, eta horren ondorioz 2023an isuna ezarri zion udalak Luxuryri.
Luxury eta Antepara
Merkataritza erregistroaren arabera, 2003an Grupo Enea Editorial enpresa sortu zen; 2007an Grupo Editorial y Comunicaciones Enea izena hartu zuen; eta azkenik 2020an egungo Luxury Rental Apartments SL izena. 2016an Gasteizko Udaleko zinegotzi sartzean Antéparak derrigorrezko ondasunen deklarazioa aurkeztu zuen, eta enpresaren %100a zuela deklaratu. 2019an postua uztean, enpresaren %50 zuela deklaratu zuen.
2023ko apirilean Gasteizko PPko kide Gustavo Antépara: obra “klandestinoak” legez kanpoko pisu turistikoetan ikerketa erreportajea argitaratu zuen ARGIAk. Erreportajeak oihartzuna izan zuen beste hedabide batzuetan, eta PPk sinesgarritasuna eta garrantzia kendu nahi izan zien salaketei bi modutara: batetik, adierazi zuen Antéparak Luxuryren “zenbait partizipazio” zituela soilik; bestetik, ziurtatu zuen PPko kideak 2019an utzi ziola enpresaren administratzailea izateari.
Administratzaile karguari dagokionez, orduan frogatu zuen ARGIAk 2022eko uztailera arte izan zuela ardura hori Antéparak (ez 2019ra arte) eta 2021etik behintzat alokatu dituela etxebizitza turistikoak beharrezko baimenik gabe, hau da, bera administratzaile zela. 2022ko uztailean Pilar Perosanz izendatu zuten administratzaile berria, eta gaur egun horrela izaten jarraitzen du, Merkataritza Erregisroaren arabera. Perosanz etxebizitza turistikoen araudia moldatzeko lobby lana egin duen Arabatur elkarteko presidentea da, eta Antépararen bikotekidea. Perosanezek ere ziurtatu zion 2023an ARGIAri Antéparak Luxuryrekin zuen lotura bakarra “partaidetza gutxi batzuk” zirela.
2024ko irailean udal ordezkarien ondare-ondasunen erregistroa berritu zuen Gasteizko Udalaren webguneak. Antéparak Luxuryren partaidetzen %50aren jabe dela deklaratu zuen. Urteko kontu ekonomikoak azken aldiz 2021ean aurkeztu ditu Luxuryk Merkataritza Erregistroan, urtero aurkeztea derrigorrezkoa bada ere.
Luxuryk, bestalde, bere jabetzako hainbat etxebizitza esplotatzen ditu etxebizitza turistiko bezala, horietariko batzuk beharrezko baimenak izan gabe.
PPko kide esanguratsua eta Javier de Andrésen gertukoa
Gustavo Antéparak ibilbide luzea du PPn. Besteak beste, zinegotzia izan zen 2016-2019 artean Gasteizko Udalean; 2023ko udal eta foru hauteskundeetan Gasteizko Udalerako zein Arabako Aldundirako zerrendetan joan zen; hauteskundeen ostean Gasteizko udal taldearen aholkulari izendatu zuten hilabeteko 3.450ko soldata gordinarekin; 2024tik zinegotzia da legebiltzarrera joan zen Ainhoa Domaica ordezkatu eta gero.
2024ko apirilaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren. Kanpainan, ohikoa izan zen Antepara Javier de Andrés lehendakarigaiarekin eta bere taldearekin batera ikustea. Hauteskundeen gauean emaitzen balorazioa egin zuen De Andrések hedabideen aurrean. Telebista irudietan Antépara agertu zen bere ondoan atzealdean, Carlos Iturgaizen eta orduan Gasteizko Udaleko bozeramaile zen Ainhoa Domaicaren artean. Urtebete geroago, 2025eko apirilean, alderdien buruekin bilera erronda egin zuen Imanol Pradales lehendakariak, tartean De Andrésekin. Gustavo Antéparak lagunduta heldu zen bilera tokira.
---
Jarraian, informazio honi loturiko beste bi artikulu:
- Baimenik gabeko etxebizitza turistikoak ustiatzen jarraitzen du PPko Antépararen enpresak
- Gasteizko Hirigintza Saila eta gardentasun eza: urtebete eskaera ofizialei erantzunik eman gabe
Gustavo Antépararen negozioen inguruko informazio guztia, kanal honetan.