argia.eus
INPRIMATU
Nekazarien garaipena: Jaurlaritzak azokak egiteko debekuan atzera egin du
  • Hurrengo astean nekazarien azokak berriz martxan jartzea onartu du Eusko Jaurlaritzak. Horrela jakinarazi du Apirilaren 11ko eguerdian egin duen agerraldian Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 11
Argazkia: DonostiKidSS.

Estefanía Beltrán de Herediak honela jantzi du Jaurlaritzak hiru egun lehenago hartutako erabakian atzera egin izana: "Aste Santuetako festen aurreko testuinguruan, Jaurlaritzak erabaki zuen azokak debekatzea. Debeku hori bat zetorren mugikortasuna murrizteko neurri gogorrekin. Orain baldintzak aldatu dira eta lehentasunezkoa ez den industriaren jardueraren debekuak ez du eraginik izango astelehenetik aurrera. Testuinguru honetan, Jaurlaritzak baita ere egokituko du merkatuei buruzko agindua, horrela, hurrengo astetik aurrera azokak egin ahal izango dira berriro ere. Beti ere mantenduz distantzien eta garbitasun neurriak".

Larunbata honetan ere izan da azokarik

Azoken eskumena udalena denez, udal batzuek jakinarazi dute apirilaren 11n azoka egingo zutela, koronabirusa zabaltzea galerazteko babes neurriak hartuta. Besteak beste herri hauetan egin dituzte azokak: Oñatin, Ondarroan, Eibarren, Zarautzen, Bergaran, Donostiako Bretxan...

Nekazarien garaipena

Martxoaren 30ean Espainiako estatuko 150 nekazal eragile (Hego Euskal Herrikoak barne) elkartu ziren Gobernuari eskatzeko nekazarien azokak irekita izateari buruzko argibide zehatzak emateko autonomia erkidegoei.

Gobernuaren "erantzun epela" ikusita, apirilaren 6an beste gutun bat idatzi zioten, hauxe eskatuz: bultzatu ditzatela eskala txikiko nekazaritzako elikagaien ekoizpena, komertzializazioa, nekazaritza ekologikoa eta tokiko ekonomia. Aldi berean, #SOSNekazariak kanpaina jarri zuten martxan sare sozialetan eta tokian tokiko eragileei eskatu zioten bakoitzak bere eremuko udal eta autonomia erkidegoetara gutuna birbidaltzeko.

Gaia horretan zenean, kontrako norabidean hartu zuen erabakia, ordea, Jaurlaritzak. Apirilaren 8an debekatu zuen Eusko Jaurlaritzak nekazarien azokak egitea. Horrek nekazari eta kontsumitzaile askoren haserrea ekarri zuen eta 200 eragilek azokak berriz irekitzeko eskatu zioten Jaurlaritzari. Guztiek gogorarazi zuten, gainera, azoken eskumena udalena dela.

Eragileek "helburu susmagarriak" ikusi dizkiote debeku honi, nekazariei bere produktuak merkaturatzeko modu bakarra utzi baitie horrela konfinamendu garaian Jaurlaritzak: supermerkatuen bidez merkaturatzea. Sare sozialetan asko zabaldu da Ea herriko alkate den Iratxe Arriolaren testigantza.

Baratzera joateko eskubide eske jarraitzen dute

Jakoba Errekondok apirilaren 2an ARGIAn kaleratu zuen Jende zakurra, baratzera joaten uzten ez diguna artikuluan salatu zuen baratzea etxetik urrun duten herritarrek ez dutela beren elikagaiak lantzeko aukerarik eta hori osasunarentzako galera handia dela.