argia.eus
INPRIMATU
Gaur onartuko dute "Wert legea" Madrilen
Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 28a
Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa

2012ko irailean aurkeztu zen proiektuaren lehen zirriborroa eta ordutik ibilbide gorabeheratsua izan du, hezkuntza sektorea eta jendartearen zati handia kontra izan duelako.

Polemikaz beteriko hamalau hilabeteren ostean gaur onartuko da legea PPren gehiengo absolutuari esker. Ondoren Espainiako Erregeak sinatu beharko du eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik datorren ikasturterako Lehen Hezkuntza eta Lanbide Heziketan lege berria ezarriko dela aurreikusten da.

DBH eta Batxilergoan berriz beranduago jarriko da martxan erreforma, 2015 eta 2017ko ikasturteen artean, hain zuzen. Bestalde, lege berriak selektibitatea ezabatuko du baina unibertsitatera joateko asmoa duten ikasleek froga hau gainditu beharko dute 2017-2018 ikasturtera arte.

EAEko Legebiltzarra LOMCEri aurre egin nahian

Hezkuntza erreforma eztabaidagai izan zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. Luze aritu ziren gaiaz Wert ministroaren lege proposamenari aurre egiteko bideak zehazteko.

EH Bilduk intsumisioaren bidea proposatu zuen, baina EAJ eta PSEko legebiltzarkideek hezkuntza legeari ez diotela intsumisiorik eginen adostu zuten ebazpen baten bidez. Espainiako marko juridikotik kanpo aritzeak hezkuntza sistema osoa kolokan jar zezakeela argudiatu zuten.  

Hala ere, legea saihesteko ahalegin guztiak egingo dituztela hitzartu dute taldeek. Auzitegietara jotzeko asmoa agertu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Erabaki horren aurrean PSEk babesa agertu dio.