argia.eus
INPRIMATU
Citizen Lab-eko zuzendaria Pedro Sanchezi erantzunez
“Twitterreko zoroetatik ariko da informazioa eskuratzen bere inteligentzia zerbitzua”
  • Espainiako Estatuan Pegasus eskandalua lehertu zuen Torontoko Unibertsitateko Citizen Lab ikerketa laborategiko zuzendari Ronald Deibertek Pedro Sanchezi erantzun dio sare sozialetan, honek beren lana zalantzan jarri ostean.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko maiatzaren 26a
Ronald Deibert Citizen Lab erakundeko zuzendaria eta ikerlari nagusia da.

Telefono mugikorrak zelatatzeko Pegasus teknologia baliatuz, CatalanGate gisa bataiatu zuten operazioaren berri eman zuen Citizen Lab erakundeak apirilaren 18an. Mahai gainean jarri zuten batez ere Kataluniako independentismoarekin loturiko goi mailako arduradun politikoak –baita EH Bilduko Arnaldo Otegi eta Jon Iñarritu ere– zelatatu zituztela.

Soka luzea ekarri du espioitzarekin loturiko azken eskandalu horrek, eta eztabaida politikoan protagonismo handia izan zuen aferak. Eraginen artean, CNIko buru Paz Esteban kargutik kendu zuten edo Europako Parlamentuak ikerketa abiatu du Espainiako espioitza politikoaz.

Pedro Sanchez bera ere zelatatzen zuela adierazi zuen honek gerora, eta azken hilabetean era guztietako adierazpenak egin dituzte Espainiako Gobernutik –independentismoaren aurkako espioitza justifikatzera iritsiz Robles Defentsa Ministroa–; eta PSOEk esan arren gaiak kezkatzen zuela, PP eta Voxekin batera, Pegasus auzia ikertzeko batzordea eratzea eragotzi zuen.

Maiatzaren 26an Pedro Sanchezek Espainiako Kongresuan gaia itxi nahi izan du, esanez ez zekiela halako espioitza operaziorik abian zenik eta ardurak Espainiako administraziotik kanpokoak izan litezkeela iradoki du. Gainera, ezer zehatzik aipatu gabe, Sanchezek Citizen Lab erakundearen ikerketaz "zalantza handiak" dituela adierazi du.

Horri Citizen Lab erakundeko zuzendariak erantzun dio Twitter bidez.

Espainiako Lehen Ministroak dio zerbitzu sekretuek erreforma bat behar dutela, Pegasusen eskandaluaren ondoren.

Baina Citizen Lab-en metodoak zalantzan jarri ditu. Bitxia bada ere, Espainiako Gobernuko inork ez digu eskatu gurekin biltzeko eta datuak balidatzeko.

Bere inteligentzia zerbitzua ariko da informazioa eskuratzen Twitterreko zoroetatik.

CitizenLab Torontoko Unibertsitatearen baitako ikerketa talde bat da, batez ere giza eskubideen urraketen esparruan aritzen dena. 20 urte daramatzate lanean eta erakunde independente gisa aurkezten dute beren burua, inolako alderdi edo mugimendu politikorekiko menpekotasunik ez duena.

Duela bi aste Europako Parlamentuko Ciudadanoseko ordezkariek beren lana zalantzan jarriz igorri zizkioten galderei emandako erantzunak publiko egin dituzte. Bertan ikus daiteke xehetasun osoz ez dagoela zalantzarik eragiten duen ezer, beren ikerketaren defentsa sutsua egiten duela eta ibilbide luzeko erakundea dela CitizenLab.

Besteren artean, Edward Snowdenek iritzi hau publikoki adierazi izan du erakunde honi buruz: "interneteko etsaiak argitara ateratzeko, Ron Deibert eta bere laborategiak baino gehiago ez du inork egin".