Irailaren 1ean hasi dute ikasturtea Ipar Euskal Herrian, euskarazko eskaintzari dagokionez, hainbat berrikuntzarekin. Esaterako, Sohüta eta Luhusoko haur eskola publiko banak euskarazko murgiltze eredua eskainiko dute, eta Hazparneko Armand-David laborantza lizeoak euskaraz eskainiko ditu hiru modulo profesional. Seaskak, zeinak 2027an lizeo berria irekiko duen Donapaleun, eta ikastola bat Beskoitzen, ostegunean emango du ikasturte berriaren inguruko prentsaurrekoa.
Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) urtarrilean aurkeztutako datuek erakusten duten moduan, bi hamarkadatan (2004 eta 2024 artean) euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeek gain hartu diete frantsesezkoei Ipar Euskal Herrian. Seaska, eskola publikoak eta ikastetxe katolikoak, hiru sareak hartu ditu kontuan EEP erakundeak Frantziako Gobernuaren Hezkuntza Ministerioarekin batera egindako lanak.
Hiru sareak kontuan hartuta, murgiltze eredua eta eredu elebiduna eskaintzen duten ikastetxeak %42 izatetik %71ra igaro dira Lehen Hezkuntzan. Beste era batera esanda, frantsesezko eskola elebakarrak 2004an %58 izatetik gaur egun %29 izatera igaro dira (guztira 65 ikastetxe). Bigarren mailan, bestalde, 41 kolegioetatik 32tan irakaskuntza elebiduna eskaintzen dute; eta lizeoei dagokienez, 15 zentroetatik 12tan dago eredu elebiduna. Aldiz, ikasle kopuru eta proportzioei begiratuta, oraindik frantses elebakarreko ereduan ikasten dutenak dira gehiengo.
Abian den ikasturteari dagokionez, Sohüta (Zuberoa) eta Luhuson (Lapurdi) euskarazko murgiltze eredua eskainiko dute bi eskola publikok; lehenak 40 haur har ditzake, eta bigarrenak 21. Halaber, Hazparneko (Lapurdi) Armand-David laborantza lizeoan euskaraz eskainiko dituzte hiru modulo profesional: agro-ekipamendua, zientzia sozial eta ekonomikoak, eta enpresa ekonomia. "Hiru urte baino gehiagoko borrokaren emaitza da", zioen urte hasieran Bertrand Gaufryau lizeoko zuzendariak Kazeta.eus agerkarian.
Ikasturte honetan ez, baina ondorengoan Seaskaren barruan ere izango da berrikuntzarik. Batetik, ikastolen federazioak bigarren lizeo bat irekiko du 2027ko irailean, Donapaleun (Nafarroa Beherea). Bertako ikastolaren ondoan egongo da, eta hasiera batean 180 ikasle hartu ahal izango ditu. Eta bestetik, Beskoitzen (Lapurdi) ikastola eraikitzeko lursaila eskuratuta, asmoa da 2026-2027 ikasturtean orain arte gela prefabrikatuetan ikastera behartuak ziren 50 bat haurrek ohiko eraikin batean ikastea.
Hala ere, Ipar Euskal Herriko ikasleek oraindik ez dute baxoa azterketa euskaraz egiteko aukerarik, nahiz eta, "emeki emeki, abertzale edo euskaltzaleen aldarrikapenak gero eta gehiago entzuten diren, eta hautetsiek ere onartzen edo asumitzen duten gaiari aterabide bat aurkitu behar zaiola".