Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Jabetza intelektuala: badaukagu nondik ibili

Igor Estankona

Egile eskubideak: Ederra litzateke gizarteari jabetza intelektualaren euskal diseinu bat opatzea, ohartuz dena ez dela merkatu hutsa eta, osatzekotan, era askotako ekimen txiki eta ertainek osatzen dutela gure kulturaren ehuna.

Irakurleari ezagun egingo zaizkio beharbada EAJko eta PSOEko azken gobernuko ordezkarien elkarrizketak, Estatutuak jaso bai baina orain arte garatu ez diren zenbait eskumenen gainekoak. Espainiako estatuko aurrekontu eta egonkortasunaren truke Euskal Autonomia Erkidegora zelan eta ze edukirekin etorri ziren banan-banan azaltzea eta negoziazioen inguruabar guztiak hemen aletzea ezinezkoa da. Laburbilduz, baina, esan dezagun 2010eko azken hileetan lan arloko politika aktiboak, ikuskaritza edo lanbide heziketa lako gaiak itxi zirenetik, transferentzien bigarren fase bat egon zela irekita 2011ko lehen seihilekoan. Zerrenda horretan zeuden lan ikuskaritza, artxiboak, itsasoko eta ibaietako garraioa, tituluen baliozkotzea… eta baita gaurko honetara gakartzana ere, Autonomia Estatutuaren 12.4 artikuluarekin daukana zerikusia: Euskal Herriko Komunitate Autonomoari dagokio jabetza intelektualari buruzko Estatuaren legea betearaztea. Araudia Estatuak ezartzen du, gaia eramatea Gasteizi dagokiolarik.

Transferentzia honen potentzialaz jabeturik, kulturaren sektoreko zati baten izenean txosten bat landu zen, eta EAJko ordezkaritzari aurkeztu zitzaion eskatuz, proposamenak egin behar zuen bidean, kontuan behar zirela hartu gaiaren alderdi guztiak, eskumena osorik ekartzeko. Jabetza intelektualaren erregistro autonomoa martxan jartzea erraza zen, baina gestiorako entitateak sortzeko aukerari funtsezko iritzi zitzaion. Bada, juridikoki bikaina den testua itxi dute ordezkari horiek, ate interesgarria zabaltzen diona Euskal Herriko zati honetan egiten den kulturari eta are Euskal Herri osokoari.

Teknikoki, Transferentzien Bitariko Batzordeak onesten ditu EAEra eskualdatutako eskumenak guztiak, eta Errege Dekretuz berresten dira gero. Dena dela, aipatutako alderdi mailako negoziazioen fruitu da, egin-eginean, 2011ko ekainaren 30eko Euskadiko Agerkari Ofizialak eta Espainiakoak dakartena: 2011ko uztailaren 1etik aurrera Jaurlaritzari dagokio, batetik, Jabetza Intelektualaren Lurralde Erregistroa ezarri eta kudeatzea eta bestetik, nagusiki EAEn jardun nahi duten egile-eskubideen edo jabetza intelektualaren eskubideen gestiorako entitateak baimen daitezke, egundo lehenengoz geure agentzia propioak ahalbidetuz. Azkenik, EAEn jarduten duten entitate guztien kontrola bertan ezarri da.

Urgenteena arin egin behar zen, eta horregatik sano presazkoa izan da euskal sektore kulturaleko eragileen arteko eztabaida. Euskal Idazleen Elkartearen babespean bildu izan gara dozena erdi ordezkari. Edozelan ere, dena dago egiteko. Uste dut, dena dela, baitezpadakoa den espiritua eratzen hasi dela: egile-eskubideen geure modeloa lantzen hasteko gogoa dago, sektore kultural hain anitz, hain bizi, hain berezi honentzat baliagarri izango dena.

Eusko Jaurlaritzan eta beste erakunde batzuetan auziaren garrantziaz jabetu daitezen lan egitea da asmoa. Oraindik euskal agentziarik ez daukagun arren, hori ez da derrigorra eskumenak dakarrena norbere egiten hasteko. SGAEren inguruan irekitako azken auzi-bideek erakusten duten legez, jarraipena zorroztu behar da, eta bitarteko pertsonal eta material egokiak bideratu jabetza intelektualarekin lotutako zerbitzuetara, are gehiago jakinik egile-eskubideen agentziek figura konplexuak kudeatzen dituztela denon izenean. Kanona, esate baterako, ez da aurrekontu publikoetan ageri, baina administrazioak zaintzen du: tributuen zenbait ezaugarri ditu, asistentziara eta kultur sustapenera bideratu behar da eta, norbanakoen arteko konpentsazio bat den arren, izaera berezia dauka. Horregatik guzti horregatik eta eduki kulturalen gozamen edo kopiagatiko beste edozein lizentzia edo ordainarazpen ez dadin etengabeko arazo iturri izan, kultur baliabide moduan kudeatu behar ditugu guztion artean, ez kontrolik gabeko kuota edo zerga pribatu soil bezala.

Baina batez ere, apurka-apurka, administrazioaren papera gora-behera, kulturzaleon asmoak zehaztu behar dira, Espainiako Kultura Ministerioak 2009an zehatz ateratako azken memoriaren arabera 2.740 milioi euro mugitzen dute-eta jabetza intelektualarekin lotutako jarduerek EAEn. Jo ezkero Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kulturaren sektoreak Estatu osoko %5 hartzen duela –okupazio, kontsumo gastu, lanpostu eta abarrei begiratuz–, 23 milioi euro bildu ziren urte hartan EAEn kanon eta lizentziekin, horietatik 18 milioi euro joan zirelarik ustez autoreentzat, eta ustez kultur programetara. Jaurlaritzak 36 milioi euro pasatxo aurreikusi bazituen 2011rako kulturaren sustapenerako partidan, bistan da lan eta erantzukizun handia daukagula gure kultur sarearen eta profesionalen zerbitzura jartzen hasteko, laguntza publiko hutsen osagarri, kultur sare horrek berak sortutako baliabideen zati gero eta handiagoa.

Aspalditik dabiltza beste batzuk negozio honetan. Monopolioa hautsiz, ordea, ederra litzateke gizarteari jabetza intelektualaren euskal diseinu bat opatzea, ohartuz dena ez dela merkatu hutsa eta, osatzekotan, era askotako ekimen txiki eta ertainek osatzen dutela gure kulturaren ehuna, diziplina desberdinen batasun hori. Euskal sorkuntza hedatzea helburu eta kreazioaren espresio libreak errespetatuz diru-sarrerak, zerbitzuak eta sustapena segurtatzea, horra hor balizko egile-eskubideen agentzia batek jagon beharreko oreka zaila. Hurbiltasunagatik bakarrik, eraginkortasun eta gardentasun handiagoa lor daiteke bertatik, eta beharrizanak benetan non dauden hobeto zehaztu. Gure xedea bada artistaren lana aintzatetsi dadila, eta ekoizpena, banaketa, zabalkundea, kontsumoa eta kalitatea bizkortzea, kate horretan parte hartzen duten guztien jokalekua finkatu behar da lehenik eta gero, nork jakin, antolakuntza propio bat prestatu, lanabesak zorroztu. Horregatik diot badaukagula nondik ibili.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan