Interpretazioak: zergatik margotzen zuten?
Artearen sorrera
Kronologia
Paleolitoko artea
Franko-Kantabrikoa
Arte Paleolitoaren gaiak
Teknikak
Interpretazioa
Haitzuloz haitzulo
Hondamena
Informazioa non

Denbora askoan uste izan zen horma-artea, gizaki Paleolitoak bere eguneroko ingurunearen dekoraziorako egiten zuela. Ez zen uste garai hartako gizakiak bizitza erlijioso edo zeremoniala zuenik. Baina, esan dugunez, haitzuloetan ez da margorik topatu pertsonak bizi ziren inguruneetan (kobetako sarrera aldean bizi ziren, egunaren argia iristen zen lekuan), baizik eta leizeetako alderdi ezkutu eta iristeko zailetan. Lehenengo teoria honen arabera, paleolito garaian aisialdirako denbora asko zeukan gizakiak, naturak errekurtso ugari ematen zituelako, eta oinarrizko beharrak errez betetzen zirelako. Horrela, artea aisialditik sortu zen, figura eta objektuak sortzearen plazer hutsetik.

Aro Paleolitoaren ezagutza sakonago batek teoria berriak ekarri zituen. Ikertzaileak kobetako irudiek esanahi sakonagoa zutela pentsatzen hasi ziren. Teoria berriek paleolito garaiko gizartea era desberdinean ikusten dute: garai hartan ez zegoen bizimodu errazik, horrenbeste denbora pasan aritzeko, elikagaien bilaketa konstantea baizik. Bizimodua ez zen hain lasaia. Horrela, animalien irudi batzuetan zauri edo geziak bezala interpretatu diren markak ageri dira. Ehiza gehiago lortu ahal izateko zeremonia magiko baten parte zen hori paretetan margotzea. Beste batzuetan animalien sabelak handituak ageri dira, umedun dauden animaliak adierazi nahian bezala.

Horma-artearen ikertzaile garrantzitsuena Henri Breuil izan zen 1930 eta 1950 artean. Breuil-en ustez, horma-arte Paleolitoa ehizarako magiaren espresioa zen: animalia horman irudikatuz eta ondoren sinbolikoki zaurituz, bere gainean gezi edo lantza bat jarriz, ahalmen sobrenaturalak martxan jarri eta ehizean arrakasta ziurtatzen zen.

Arte Paleolitoaren interpretazio berriago bat totemismoan oinarritu da, hau da, gizatalde batek animalia jakin bat (totem bat) bere arbaso mitiko gisa errekonozitzearen ideia. Tribu eta klanetan oinarritutako gizarte antolakuntza batean, tribu edo klan bakoitza bere totemak bereizten zuen, eta kobetako hormetan gizatalde bakoitzak bere animalia totemikoak irudikatzen zituen.

1960 hamarkadan interpretazio berri gehiago agertu zen, André Leroi-Gourhan ikertzailearen eskutik. Leroi-Gourhan-ek irudi desberdinen kokapenak eta beren arteko erlazioak ikertu zituen. Esan dugu animali irudien gehiengoa zaldi eta bisonteak direla. Gainera bi animaliak beti elkarrekin agertzen dira, eta hori, maskulino eta femeninoaren arteko erlazioaren errepresentazio bezala interpretatu zen. Irudi Paleolitoak bi kontzeptu desberdin eta kontrajarrien elaborazioaren ondorio dira, eta irudikatutako animali eta zeinuak kontzeptu bati edo besteari dagozkio. Zaldia eta bisontea, hurrenez hurren, printzipio maskulinoa eta femeninoa dira, eta aurreko teorien arabera geziak, lantzak, etxolak edo eskudoak zirenak, sinbolo maskulino eta femeninoak dira.

Orokorrean, gaur egun onartzen da arte Paleolitoa sistema erritual konplexu baten parte zela, Paleolitoko sinismen-munduaren parte. Hala ere, horma-artearen inguruko ikerketak irudien eduki eta esanahi posibleetan zentratu dira batik bat, eta, askotan, haitzuloen barruan kultu-zeremoniak eta dantza erritualak egiten zirela adierazten duten beste hainbat datu daudela ahaztu izan da. Datu hauek, pinturek ez bezala, toki bakan batzuetan iraun dute, izan ere, kobetako lehenengo ikertzaileek bertako lur heze eta batzuetan biguna zapaldu zuten, nahi gabe milaka urtetan han egondako arrastoak hondatuz: zeremonia haiek egiten zituzten pertsonen oinatzez ari gara. Le Tuc d'Audoubert koban mantendu dira horrelako oin arrasto batzuk: bertako aretoetako batean sei pertsonen oinatzak aurkitu dira, denak haurrenak, eta dantza baten pausuen itxuran daude eginak. Niaux-eko kobaren alderdi ezkutu batean 500 oinatz baino gehiago aurkitu dira, haurrenak eta helduenak nahastuta. Arrasto horiek dauden tokira iristeko bidea izugarri zaila da, lurrazpiko hiru aintzira igaro behar baitira lehenago.


Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403