ARTEAREN SORRERA LEHENDABIZIKO ARTISTAK
Artearen sorrera
Kronologia
Paleolitoko artea
Franko-Kantabrikoa
Arte Paleolitoaren gaiak
Teknikak
Interpretazioa
Haitzuloz haitzulo
Hondamena
Informazioa non

Paleolito garaiko gizakiak egindako artelanak begiratzeak beti sortzen du halako zirrara bat, harridura eta beldur antzeko zerbait nahasita. Gaurko gizakia txundituta gelditzen da haitzuloak diren leku misteriotsu eta irreal horietan bertan, gure arbasoek errito sakratuak eta zeremonia ezezagunak egiten zituztela pentsatzean, gu gauden toki berean, baina milaka urte lehenago. Munduko lehenengo artista haien lanak begien aurrean edukitzea hunkigarria dela ezin uka.

Duela hainbat urte, ez zen uste haitzuloetan aurkitutako artelanak harri-aroko gizon edo emakumeek eginak izan zitezkeenik. Hain animalia irudi dotoreak, naturalak eta teknika aurreratuaz marraztuak, ondoegi eginak ziruditen gizaki Paleolitoak eginak izateko. Berrikiago eginak zirela uste zen. Haitzuloetako pinturen antzinatasun handiaz, aurkikuntza berriekin eta datazio teknikekin konbentzitu zen mundu zientifikoa. Aurkitu diren irudirik zaharrenak duela 35.000 (erraz esaten da...) urtekoak dira. Irudiaren espresioa homo sapiens sapiens gizakiarena da bakarrik, gaurko gizakia dena, Cromagnon deitzen duguna. Bere aurreko arbasoak, Neanderthal gizakiak, ez zuen arte espresiorik erabili inoiz. Sinboloen bidez komunikatzeko gaitasuna homo sapiens sapiens-ek hasi zuen.

Eta lehenengo artista haiez eta beren artelanez pentsatzen jarrita, hamaika galdera egiten dizkio gaurko pertsonak bere buruari: zergatik hasi ote ziren egun batez, glaziazio garaiko gizakiak irudien bidez espresatzen? Zergatik sartzen ote ziren kobetara, pasabide zailetatik barna, sakonenean irudiak egitera? Pertsona bakar batek egiten zituen edo gizatalde osoak kobetara joaten ziren beren zeremoniak egitera? Nork margotzen zituen? Gizonek, emakumeek, haurrek? Edozein pertsonak, edo txaman edo aztiek? Eta zertarako margotzen zuten? Eta bestalde, zergatik, haitzuloak leku askotan egonda ere, margotutako kobak batez ere Frantzia hegoaldean, Euskal Herrian eta Espainia iparraldean daude? Zertarako? Nola? Zergatik?... Galdera hauetako asko erantzun gabe dago oraindik.


Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403