2011-09-18 23:21:58 | Mikel Garcia
Zikina obsesiboa ezkutukoa. Ederra dibertigarria intimoa. Bigarren motako sexua nahi du protagonistak, bigarren motako giza-harremanak eta bizimodua nahi ditu. Baina kontrolik gabeko sexua baino ez du aurkitzen, gabezia eta barne-arazo larrien adierazgarri.
Ageriko sexu eszenak zineman tabua ez direnetik, eskandalagarritasuna galdu dutenetik, pertsonaien konplexutasuna eta harreman “normalak” izateko gaitasun eza sexu disfuntzionalaren bidez islatzea ez da gauza berria. Shame filmean ere, planteamendu horri heldu dio zuzendariak, eta originaltasun falta horrek dezepzionatu nau gehien, sarri erabilitako ideia berriz ikusten ari naizen sentsazioa izan baitut. Gainerakoan, ondo kontatutako istorioa da, zikina obsesiboa eta ezkutukoa. Protagonistaren norabiderik gabeko bidaian ederki murgiltzen du ikuslea McQueenek, erritmo basatia eta pausatua tartekatuz, New Yorken erraza baita Infernuetara jaustea, baina hortik irtetea ez hainbeste.
Hain zuzen ere, aipagarria da nola, New York bezalako hiritzar kosmopolitak irudikatzen dituzten pelikula ugaritan (honetan barne) erretratu ohikoa den emagalduekin, drogekin eta gaueko bizimodu “desegokiekin” jolastea maite duten yuppiena. Urre koloreko fatxadaren atzean, guraso eta hiritar eredugarri askoren benetako bizimodua oso desberdina den seinale.
ZABALTEGI SAILA
Shame
Zuzendaria: Steve McQueen
Gidoilariak: Steve McQueen, Abi Morgan.
Aktoreak: Michael Fassbender, Carey Mulligan.
Britainia Handia. 99 minutu.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403