argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Odol epela

2011-09-21 19:12:18 | Gorka Bereziartua

Lisboako aldirietan bizi den familia da Sangue deo meu sangue filmeko protagonista

Drama sozialak kontatzen hastean maiz gertatzen da gauza bera: errealitatean lasai asko gerta daitezkeen egoerak fikziora eramatean, sinesgarritasuna galtzen dutela. Lisboako bazter-auzo batean bizi den familiaren istorioa ekarri digu Joao Canijok Sangue do meu sangue filmean: gauza interesgarriak dituen arren, egiantzekotasunaren aldetik herren egiten duen filma.

Marciak bi seme-alaba ditu eta ahizparekin bizi da aldirietako etxe batean. Semea, droga saltzen duen ganbelutxoa, erreformatoriotik atera berri da; alabak erizaintza ikasten du eta abentura bat dauka gizon ezkondu batekin. Amak hori jakiten duenean, eta batez ere gizon ezkonduaren izena ezagutzean, harremana eten nahiko du kosta ahala kosta. Istorio horren paraleloan, semea problema handi samarretan sartuko da bera baino handiagoa den dealer bati ziria sartu nahi izan ondoren, izebaren laguntza behar izateraino.

Ondo eramanak daude bi istorioak eta azpimarratzekoa da errealizadorearen lana, eszena batzuetan lortzen baitu plano berean bi hariak batera eskaintzea ikuslea erotu gabe. Bestela ere, kamera trebe erabilia dago film osoan, ezkutatzen duenarekin asko esatea lortzen du, eta neurri batean (ez larregi ere) iaz ikusi genuen Misterios de Lisboa ekarri dit gogora alde horretatik (eskola portugaldarra?).

Dena den, filmak egiantzekotasunean huts egiten duela esango nuke, bi istorioetako bakarra kontatzearekin ere aski izango baitzen uler genezan ez dela erraza famili-bizimodua hiriko ipularretan. Filmak ez du hortik aurrerako mezurik eta, sentsazioa izan dut sakontasun narratibo gehiagoren faltan, gidoiari lokatza gehitu diotela enpo egin arte, miserian debalde samar murgil egin nahian. Eta horrek kalte egiten dio pelikulari, baita ikusleari ere, bi ordutik gorako tragedia ikusi ondoren ez baitu inolako ondoriorik aterako. Nire odolaren odolak, epel samar uzten du zainetako likidoa zoritxarrez.

SAIL OFIZIALA
Sangue do meu sangue
Zuzendaria: Joao Canijo
Aktoreak: Rita Blanco, Anabela Moreira, Cleia Almeida, Rafael Morais
Portugal
139 minutu

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403