argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

LSDaren ostean dator onena

2011-09-17 08:00:00 | Mikel Garcia

Brad Pittek maisuki antzeztu du aita zorrotzaren rola.

George Harrison LSDa kontsumitzearen esperientziaz ari zen, Scorsesek Beatleseko kide zenari eskainitako dokumentala ikusteari utzi behar izan diodanean, Terrence Malicken The tree of life ikustera joateko. Eta bidaia haluzinagarriren baten antzeko esperientzia izan da filmaren hasiera: umekia, planetaren jatorria, izadia, bizidun zelulabakarrak, dinosauroak… Discovery Channelen gisan abiatu ondoren, istorio indartsua kontatu du zuzendariak.

50eko hamarkadan girotua, hiru semeetan zaharrenak nerabezarorako bidean senitartekoekin dituen harremanak eta horiek eragiten dizkioten sentimenduak ditu ardatz filmak. Aita zorrotzarekin duen gorroto-maitasun hartu-emana, anaiaren eta bien arteko konfiantza, amarekin dituen gorabeherak… Etorkizunean, bizipen horiekin guztiekin bere bizitzaren errepasoa egiten du anaia zaharrenak, baita modu mamitsuagoan bizitzari berari eta unibertsoari buruzko gogoeta ere. Hain justu, filosofia esplizitua, dimentsio sakonagoa eta mistikoagoa lortzeko baliatutako denbora, off ahotsak xuxurlatuz ematen dizkigun mezu moralista gehiegizkoak… astunak egin zaizkit, baina istorioa bera, narrazioa eta pelikulak egiten duen ibilbidea benetan dira interesgarriak.
 
Ezin utzi aipatu barik aktoreen lana: ondo amak (Jessica Chastain), oso ondo aitak (Brad Pitt) eta bikain semeak (Hunter McCracken, nahiz eta asko kostatu zaidan bere izena lortzea, protagonista izan arren umearen izena ez baita pelikularen fitxan ageri). Aldiz, apenas azaltzen den Sean Penn pelikulan; dirudienez, eztabaidaren bat ere izan du zuzendariarekin, azken emaitzan bere plano andana kendu dituztela ikusi duenean.


ZABALTEGI SAILA
The Tree of Life
Zuzendaria eta gidoilaria: Terrence Malick.
Aktoreak: Hunter McCracken, Brad Pitt, Jessica Chastain, Sean Penn.
AEB. 140 minutu.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403