argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Lee Myung-soo!

2011-09-17 14:38:09 | Gorka Bereziartua

Amen filmeko protagonista

Lau gai landu gura izan omen ditu Kim Ki-duk zuzendariak Amen pelikulan: maitasuna, bizitza (heriotzarekin kontrastean), gaur egungo bizimodu hiritarra eta zinema bera. Ordu eta hamar minutu pasatxoko pelikula da, exigentea, ia elkarrizketarik ez dagoelako eta kamera eskuan grabatua dagoelako. Eta exigentea pazientzia aldetik ere, errepikakor samarra baita.

Duela bi urteko Zinemaldian Jeon Soo-il zuzendariaren I came from Busan ikusi zutenek déjà vu sentsazioa izango zuten pelikula honen zenbait unetan, argumentuaren oinarriak eta hizkera zinematografikoa antzekoak baitira: hirian galduta dabilen neska, eskale bizitza egiten eta ume bat sabelean; giro-soinua, plano luzeak, erritmo pausatua.

Ameneko protagonistak Lee Myung-soo izeneko gizona bilatzen du eta gas-maskara bat jantzita duen norbait du segika. Zapatak, txamarra eta motxila ostuko dizkio lo dagoenean; gero, filmak aurrera egin ahala, pixkanaka itzuliko dizkio. Eta neska hiri batetik bestera ibiliko da trenez eta Lee Myung-soo beste norabait joana dela esango dioten bakoitzean haren izena ohiukatuko du, “Lee Myung-soo!” eta kamerak zoom azkarra egingo dio paisaiari; eta gauza bera hirugarren aldiz errepikatzen denean, aspertu egingo da ikuslea eta zerbait berria noiz gertatuko den galdezka hasiko da.

Labur esateko, ez dut uste zuzendari korearrak lortu duenik landu nahi zuen gaietako bakar batean ere sakontzea. Batzuetan, etxean grabatutako bideo bat ikusten aritzearen sentsazioa izan dut, gainera: gaueko eszena batean, protagonista parke batean atzera-aurrera dabilela, kameralariaren itzala ikusten da. Hankasartzea? Ez! Gogoratu, zinemari buruzko gogoeta ere egin nahi du zuzendariak (ez konturatzea ere!).

Alde on bat dauka Amenek: erakusten du, baliabide gutxirekin edonork egin dezakeela pelikula bat. Alde txarra horixe bera litzateke: film hau edonork egin dezakeela. Zerorrek, berbarako.

SAIL OFIZIALA
Amen
Zuzendaria: Kim Ki-duk
Aktoreak: Kim Ye-na
Hego Korea
72 minutu

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403