argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Harreman familiar zailak, irribarre errazarekin

2011-09-20 00:02:59 | Gorka Bereziartua

Familia handiaren gorabeherak dira Le Skylab filmaren natza

Azkenean gogoz atera da txaloa Julie Delpyren Le Skylab bukatzean. Familia handi baten bazkaria marko gisa erabilita, umore handiz, belaunaldi diferenteetako pertsonen harremanetan sakontzen du filmak, modu fin eta inteligentean.

Izango da ez delako handinahiez egindako pelikula. Egitura nahiko sinplea da, ia film osoa hartzen duen flashback bat, eta elkarrizketak, batez ere elkarrizketak: elkarrizketa biziak, barregarriak, samurrak, biolentoak, absurduak, pertsonaiak bikain zedarritzen pelikularen hasieratik bukaerara.

Itxuraz bazkari bat besterik ez gara ari ikusten, baina garai baten erretratua ere bada, 1970eko hamarkadaren bukaerako Frantziakoa, Mitterrandek ekarriko omen zuen aldaketan esperantza jarria zeukaten progreena eta Algeriako traumekin ezin bizirik zebiltzan fatxoena. Eta bada Albertinen (Lou Alvarez) haurtzarotik nerabezarorako pausoa ere; eta bada hiria vs. landa eremua; eta bada haurrak hezteko moduen arteko talka; eta heriotzaren itzal arin bat ere bai; eta da, funtsean, “familia” esaten diogun horrek biltzen dituen gauza asko pantailaratzen asmatzea, esku trebez gidatuz (arrunt zaila baita pertsonaia horiek guztiak metraje ez oso luzean kabiaraztea eta bidean istripurik ez edukitzea).

Oso film frantsesa izanik ez da txokokerian galtzen, eta Sail Ofizialean orain arte pasa dituzten filmetatik gehien konbentzitu nauena da, zalantzarik gabe

SAIL OFIZIALA
Le Skylab
Zuzendaria: Julie Delpy
Aktoreak: Julie Delpy, Eric Elmosnino, Aure Atika, Noémie Lvovsky, Bernadette Lafont
Frantzia
114 minutu

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403