argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Gaizki ez, baina ez espero miraririk

2011-09-20 15:52:55 | Gorka Bereziartua

Bitan banatutako familiaren istorioa kontatzen du Kisekik

Haurrak dira protagonista Hirokazu Kore-eda zuzendariaren Kiseki filmean. Gurasoak banandu zirenetik elkarrengandik urrun bizi dira Koichi eta Ryunosuke, bata Kagoshiman eta bestea Hakatan. Bi anaiek elkar topatzeko bidaia antolatuko dute, gurasoek ezer jakin gabe. Momentu samurrak eta irrigarriak baditu pelikulak, baina astun samarra ere egiten da azkenerako, kontatzeko daukanak ez duelako bi ordu baino gehiagoko metrajerik eskatzen.

Filmaren tituluak “miraria” esan nahi du, horixe baita anaiek elkar topatzeko duten leitmotiva: ipar eta hego norabidean doazen Bala Trenak ziztuan gurutzatzean gurari bat eskatuz gero, bete egingo dela sinetsita daude eta beraz, trenak gurutzatzen diren hirira joango dira, bakoitza bere lagunekin eta lagun bakoitza bere ametsarekin. Batek eskolako liburuzainarekin ezkondu nahi du, beste batek aktore izan, hurrengoak hil berri zaion txakurra berpiztu dadila... Bidaia planeatzen duten bitartean elkarrizketa barregarri zenbait eskaintzen ditu Kisekik, umeen ustezko inozentziaz baliatuz helduen munduaz trufa egiteko.

Eta kontua da txisteetako batzuk benetan onak direla, baina hortik aurrera ere zerbait gehiagorako ematen zuen istorioak eta ez dela behar bezala landu. Labean minutu batzuk gehiago behar dituen filma da Kore-edarena eta apika baita labanarekin lantxoren bat egitea ere eskertuko lukeena, bi ordu baino gehiagoz luzatzea gehiegizkoa baita zenbait hari solte uzten dituen pelikularentzat. Miraririk ez, beraz; baina aizu, ez dago gaizki ere.

SAIL OFIZIALA
Kiseki
Zuzendaria: Hirokazu Kore-eda
Aktoreak: Koki Maeda, Oshiro Maeda, Joe Odagiri, Ryoga Hayashi, Seinosuke Nagayoshi
Japonia
126 minutu

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403