2011-09-19 13:22:28 | Mikel Garcia
Alzheimerra zuzenean edo zeharka ukitzen zuten pelikulak ugari zirela ikusteak harritu gintuen iazko Zinemaldian. Zahartzaroa luzea eta zahar kopurua handia den garaiotan, zabalduta dagoen gaitza da, eta geroz eta obra gehiagotan du isla. Gai horri heldu dio baita ere Arrugas filmak, sentsibilitate bereziarekin. Zuzendariak memoria galtzen doan protagonistaren gainbehera kontatu du, zahar etxe (kasik ero etxe) batean gatibu. Animazioaren bidez egin du, baina marraztutako aktoreek ez diote indarra eta hunkitzeko gaitasuna gutxitu istorioari.
Adinaren zimurrak fisikoak bakarrik ez direnean, barruan eta burmuinean atxikitzen direnean, bidaia tristea da bizitzaren azken urteetakoa. Koadro etsigarria marraztu du Ignacio Ferrerasek, senitartekoak urrun eta dementzia gertu dituzten pertsonaiez osatua. Paco Rocaren izen bereko komiki arrakastatsuaren esentzia mantendu du zuzendariak, irudi landuen eta sakontasun handiko pertsonaien bidez. Goibela baina ederra da emaitza.
Ez gaude ohituta helduentzako animazioa ikustera, nahiz eta dagoeneko mordoxka bat diren eremu honetan murgildu direnak. Arrugasek bezala komikitik pantaila handira jauzi egin duten obrak daude (gogoratu Persepolis iraniarra), edota estetika baldarragoa erabiliz errealitatearen satira izan nahi duen South Park, esaterako. Bideak ugariak dira eta esperimentatzeko nahia beti da aberasgarria.
ZABALTEGI SAILA
Arrugas
Zuzendaria: Ignacio Ferreras.
Gidoilariak: Ángel de la Cruz, Paco Roca, Ignacio Ferreras, Rosanna Cecchini.
Espainia. 80 minutu.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403