argia.eus

Bereziak

burua

Extra! Extra!

Olivia Harrison: "George Harrisonen barne-esperientzian askoz gehiago sakondu ahal izan dut"

2011-09-19 22:48:05 | Mikel Garcia

Olivia Harrison pelikula aurkezten (Montse G. Castillo).

George Harrison: Living in the material world Martin Scorseseren dokumentalaz hitz egin du gaur Olivia Harrisonek, Beatles taldeko kide ohiaren alargunak. Produktore askoren eskaintza izan arren, Oliviak Scorseserengana jo zuela kontatu du, “beldurra nuelako Georgez egingo zuten erretratua agian ez zela zehatza izango; Martinek esan zidan bere musika interesatzen zitzaiola, baina baita bere barne-bidaia ere, eta horrek konbentzitu ninduen”. George Harrisonek eta Martin Scorsesek elkar ezagutu zuten; Oliviak azaldu duenez pare bat aldiz egin zuten topo, baina gau osoa aritu ziren solasean, musika eta zinema eztabaidagai.

Hiru urteko muntaiaren ostean, txoko guztietatik jasotako material bilduma ikaragarria da dokumentala (hiru ordu eta erdiko luzera du emaitzak), tartean Georgeren etxeko zintak eta kontratatutako ikertzaileek lorturiko irudi ezezagun ugari. Senarraz ez zekien ezer topatu al du Oliviak hainbeste bideo eta audio artean? “Nolabait, Georgeren barne-esperientzian askoz gehiago sakondu ahal izan dut eta bere musika lehen baino askoz sakonago sentiarazi dit dokumentalak”. Laguntasunari ematen zion garrantzia ere izan du hizpide, John Lennonen eta Paul McCartneyren arteko zubi gisa irudikatzen baitu dokumentalak. Olivia Harrisonen hitzetan, “unean unekoa bizitzen zuen beti, eta horregatik da bere bizitza hain interesgarria eta irekia, beti hemen eta orain”.
 
Guztiz ezberdina da Zinemaldiak beste musikari bati eskaini dion dokumentala: Neil Young Journeys, Jonathan Demmek zuzendua. Protagonistaren hitz gutxi batzuk kenduta, bere jaioterri Ontarion (Kanada) emandako kontzertuak betetzen du film osoa, eta egia esan, gehiago espero nuen. Berriako kazetari Jon Eskisabelek aditzera eman dit kontzertu on baten grabazioa bera gauza handia izan daitekeela, Neil Youngen Heart of gold gogoan, eta arrazoi du, gainera arteak oro har eta zinemak zehazki erakutsi dutelako mugak apurtzea gauza ona dela: musika, dokumentala, fikzioa… uztartzeko eta esperimentatzeko beldurrik ez da izan behar, sailkapenak alboratuta. Kontzertua izanik lan honen azala eta mamia, kamera-joko ausartagoak, kontzertuari balio erantsia emango liokeen ekarpenen bat eskertu izango nukeen nik, baina Youngen zaleek, ziurrenik, bere musikarekin hunkitzen direnek, gozatuko dute dokumental-kontzertu-pelikulaz.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403