Nacho Vigalondo: "Umoreak askatasuna izan behar du norabide guztietan eztanda egiteko"
2011-09-20 23:42:24 | Mikel Garcia
Estralurtarrek gauza bat dute ona: ez dakigu nolakoak diren, fisikoki zein izaeraz, ezta zein asmorekin etortzen diren gu bisitatzera. Areago, ez dakigu existitzen diren ere. Eta horrek aukera handiak eskaintzen dizkio gure irudimenari. Mota eta estilo guztietako istorioak kontatu dizkigute arnasten dugun atmosferatik kanpo bizi omen diren izakiei buruz (musker mozorrotuak ziren V-n, maskota buruhandi maitagarriak E.T.-n, munstro basatiak Alien eta gisakoetan...). Baina gutxitan izan dira komedia-gai (Mars Attacks! dugu salbuespen argienetakoa).
Nacho Vigalondo zuzendari espainiarra harago joan da Extraterrestre filmean eta estralurtarrak aitzakiatzat baino ez ditu erabili umorea egiteko, hain juxtu gizakion irudimenari eta plater hegalari bat ikusita izan ditzakegun burutazio zoroei tiraka. Dudarik gabe, originala da Vigalondok zuzendutako pelikula, eta ikuslea barrez jartzea lortu du Zinemaldian. "Istorio hutsal bat kontatzeko testuinguru ia apokaliptikoa" aukeratu du, Los cronocrímenes aurreko lanarekin zerikusirik ez duen pelikula honetan, "nire lehenengo pelikulekin askatasuna erosi nahi dudalako, jendeak ez ditzala gauza zehatzak espero". Hala azaldu du autoreak Donostian.
Umore motari dagokionez, adierazi du "ahalik eta zabalena" izan behar duela, ahalik eta jende gehienarengana iritsi dadin: "Horregatik, ez dut zalantzarik izan txantxa sotilak broma ergelagoekin uztartzeko garaian, umoreak askatasuna izan behar duelako norabide guztietan eztanda egiteko".
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403