argia.eus

Bereziak

burua

Extra! Extra!

Euskal zinemaren ajeez

2011-09-22 23:48:54 | Mikel Garcia

"Urte berri on, amona!", "Bi anai" eta "Bertsolari" filmak.

Euskal Zinemaren Egunean, dena zen laudorio eta alabantza etxeko zeluloidearentzat. Biharamunean, ikuspegi errealistagotik begiratu diezaiokegu gure ekoizpenari, Euskal Herriko zinema jaialdi garrantzitsuenean duen benetako pisuari erreparatuta.

Donostiako festibalaren historian, duela gutxitik du berezko atala euskal zinemak: Zinemira (Espainiakoak lehenagotik du Made in Spain saila). Aurten, estreinakoz saria jaso du Zinemirako pelikularik onenak (Bi anai). Kontua da, sari horretarako lehiatu diren guztiak igo direla podiumera, hiru hautagai baino ez direlako egon (irabazleaz gain, El último paso eta Naufragio), aukera handirik ez beraz epaimahaikoarentzat. Beste lau luzek eta Kimuak katalogoko laburrek osatu dute Zinemira. Gutxi da (are gutxiago euskaraz eginak baino ez baditugu aintzat hartzen), baina beharbada hori da hiru milioi biztanle inguruko herriari dagokiona, beharbada ez gara hainbeste tematu behar kopuruan, kalitatean baizik. Horregatik, nahiz eta Zinemira garrantzitsua izan etxeko produkzioaren erakusleiho gisa, Sail Ofizialean eta Zabaltegin egoteak ere izan behar du helburu; hots, nazioarteko zinema onenaren maila berean lehiatzeak, elkarren ondoan. Izan ere, ez gaitezen engaina, Zinemirak ez du kalitatea bermatzen, etxeko urteko uzta eskaintzen du.
 
Aurten, euskara hutsezko bi pelikula izan dira bi sail nagusietan egotea lortu dutenak: Asier Altunaren Bertsolari (Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo) eta Telmo Esnalen Urte berri on, amona! (Zabaltegin, zuzendari berri onenaren sarirako hautagai). Nik azken hori ikusi dut, eta esango nuke horrelako emaitza txukunekin bere bidea egiten ari dela euskal zinema, pixkanaka. José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak iaz esana da honakoa: "Espreski erakutsi nahi diot nire babesa euskal zinemagintzari; Zinemaldiak izan behar du euskal zinemaren Zinemaldia". Donostiako jaialdiaren partetik borondatea baldin badago, orain Euskal Herriko zinegile eta ekoizleei dagokie pelikulak egiten jarraitzea, eta ahal bada, pelikula onak.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403