Epaimahaia mozkortu daiteke lasai
2011-09-19 00:34:48 | Gorka Bereziartua
Alex de la Iglesia epaimahaikideak katarroa zeukala esan zuen, sudurraren koloreaz galdetu ziotenean
Maite ditut maite Sail Ofizialeko epaimahaikideak lanbroak ezkutatzen dizkidanean. Non ezkutatzen diren, ez direnean filmera garaiz azaltzen, orduan hasten bainaiz ezkutukoak, nire baitan pizten diren ostia txar miresgarriak artikulu batean idazten. Haiek gabe ez baita proiekziorik hasten eta Take this waltz filmaren igande eguerdiko pasea ordu laurden atzeratu zen jujeak inondik agertzen ez zirelako.
Non ote zeuden? Kim Ki-duken Amen filmeko dialogo luzeak banaka errepasatzen? Intruderseko mamuaren aurpegia marrazten? Bertsolariren baten bila, Asier Altunaren dokumentala fake bat ez dela ziur esan ahal izateko? Ba ez, nik esango nuke No habrá paz para los malvadoseko poliziak baino gehiago edan zutela larunbat gauean eta gero ez zegoela epaimahaia garaiz mugiaraziko zuen aitaren alabarik, ezta amaren semerik ere. Kursaalaren tamainako ibuprofenoak hartu behar izan zituztela buruan zeukaten Arriya ateratzeko.
Gertatzen da, antzerako egoeran zeudela kazetari asko ere (Begizuloen Nazioarteko Festibala antolatzeko moduan), baina garaiz iritsi zirela, berandu ailegatuz gero, pelikula galduko zutelako. Epaimahaikoei aldiz, filmak itxaron egiten die, mozkortu daitezke lasai. Inork ez zuen esan Zinemaldian hierarkiarik ez zegoenik.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403