argia.eus

Bereziak

burua

Extra! Extra!

Egañak heroi ez izatea erabaki zuenekoa

2011-09-17 19:28:41 | Gorka Bereziartua

Bertsolari dokumentaleko irudi bat

“Ez diat hire pelikulako heroia izan nahi”. Dokumentalean ez du halakorik esaten Andoni Egañak, baina halere, hitz horiek ulertu zizkion Asier Altunak, 2009ko Bertsolari Txapelketa nagusiari buruzko dokumentala egiteko asmoz Zarautza hurbildu zitzaionean. Zer esan zuen benetan? Ba, gutxi gorabehera, nahiago izango zuela txapela beste lagunen batek janztea eta ez berak.

Bertsolari dokumentalaren atzean egon diren ideiak eta pasadizoak luze azaldu dituzte gaur arratsaldean zuzendariak eta hainbat bertsolarik prentsaren aurrean, filma Kursaalean eskaini ondotik (bidenabar, oharra kuboko langileei: txalometroa alda ezazue, gaur ikusleek kea botatzen jarri baitute). Altunaren hasierako ideian Egaña zen erdigune, protagonista, heroi; Odiseo bat, bosgarren txapela Itaka bihurturik. Baina hara, Odiseok oraingoan nahiago du lotofagoen irlan geratu eta heroia erori egiten da (are gehiago finaleko buruz burukora Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus pasatzen direlarik).

Plan aldaketa: bertsolaritza bihurtzen da filmaren erdigune; diziplina ezagutzen ez dutenei hurbilagoko egitea berriz, helburu. Eta horretarako Miren Amuriza bilakatzen da kontakizunaren eroale, bertsolariak gaia entzuten duenetik kantatzen hasi arte bizitzen duen 15-20 segundoko amildegiaren ertzean oinez (“ez zuen arriskurik pasa errodajean” azaldu du Altunak, amildegia ez baita batere metaforikoa filmean, benetakoa da, Aldatzeko harrobian grabatua).

Pena prentsaurrekoa amaitu baino lehen joan behar izan dugula hau idaztera, kazetari batek eskatuta bertsotan hastekoak baitziren Lujanbio, Egaña, Arzallus, Amuriza eta Sarasua.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403