« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Extra! Extra!

Euskal glamourra…

2010-09-23 03:42:42 | Mikel Garcia

Giro ona Bataplaneko festan.

Euskal Zinemaren Gala ospatu zen atzo gauean. 20:30ean, Victoria Eugenia aurrean, jende ugari zegoen alfonbra beltzari begira, euskal star systema ikusteko zain. José Coronado omen zen esperoenetako bat (?). Itxaroten zegoen kaleko jendea elkarrizketatu zuen zuzenean ETBko esatariak, eta horietako batek, erantzun bitartean, mugikorretik hitz egiten jarraitu zuen, lagunari abisatzeko telebista piztu zezala, agertzen ari zela. Hori ikuskizuna! Bitartean, ni ezin sartu Galara, gonbidapen berezia behar omen zen-eta. Azkenean, arduraduna-edo gerturatu zitzaidan: “¿Tú eres de?”. Eta nik: “Argia”. “Ya… Cubrís todo lo vasco y eso ¿no?”. “… Sí”. “Bien, pues toma”. Eta pasea eman zidan.

Todo lo vasco y eso kubritzera sartu eta eseri ahala jende ilustrea aurkitu nuen aurreko ilaran: Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano (Mihiluzeko aurkezleak), Jose Maria Berasategi (Goenkaleko Txapas), Lander Arbelaitz (Argiako kazetaria)… Jende asko joan zen Galara, hainbat politikari tartean. Zinemira Saria Alex Angulo aktoreari eman zioten, eta hunkituta jaso zuen garaikurra, txalo artean, Imanol Uribe zuzendariaren eskutik. Ondoren, Debekatuta dago oroitzea dokumentala eskaini zuten.

 
Eta jarraian, Bataplanen jarraitu zuen festa giroak. Koktela antolatu zuten.
 
Egia esan behar bada, Victoria Eugeniako sari banaketaren eta Bataplaneko festaren artean, tartetxoa aurkitu genuen Argiako kazetariok Leize Gorria tabernara joateko. Hori ezustekoa, poesia errezitaldia (berezia, umoretsua eta jeniala) eskaini zuten bertan, eta euskal zinemaren ordezkaririk ere bazegoen, Ramon Agirre aktorea ikusi genuen-eta.

Ondoren, zuzenean Bataplanera. Kanape asko, mota guztietakoak, baita pasteltxoak ere postrean, eta edaria nahi adina. DJa musika lasaia jartzeko, eta mahaitxoak kandelekin. Dena oso dotore. IBAIAk ordaintzen al du hori guztia? Hala ere, jai gatzgabea iruditu zitzaigun, gorbata ugarikoa eta parranda asmo gutxikoa. Bertan ikusi genituen, besteak beste, Ramon Etxezarreta, Denis Itxaso eta Blanca Urgell politikariak, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Mireia Gabilondo, Fernando Bernues, Asier Altuna, Telmo Esnal, Mikel Rueda, Txaber Larreategi eta Josu Martinez zuzendariak, Fredi Paya bertsolaria (alkandora eta txaketa gainean), Iñake Irastorza, Kontxu Odriozola eta Arantxa Gurmendi aktoreak, Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendaria… eta beste hainbat.
 
Beharbada, ordu txikietatik aurrera animatu egingo zen giroa. Joateko ordua iritsi zitzaigunean, edariak kobratzen hasi ziren (eta garesti, alajaina). Glamourra inoiz ez da merkea.

 

  • Erantzunak (6)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • User Gravatar martin - 2010-09-27 10:47:45: Oh ez! Zer da gauza borobil erraldoi hori? Mundua da, Iskandarren kontra!
  • User Gravatar Iskandar - 2010-09-27 09:31:28: Fredi Paiak bost dokumental etnografiko eta hiru laburmetrai eginak ditu, ez zait hain lekuz kanpokoa iruditzen. (alkandora eta txaketa gainean), notizia da hori? kazetari horrek hobe luke aurreiritzien mundutik informazioarenera igaro. Silveirari buruzko komentarioa patetikoa. Benat, zure neskalagunari ere ingelesezko ezizenik ipini ezik ez zaizu altxatzen ezta? Artikulua txarra de kojones.
  • User Gravatar jotairri - 2010-09-24 13:17:36: fredi paia???????
  • User Gravatar Imanol Hill [Facebook bidez] - 2010-09-23 16:36:40: nazka ematen didate glamourrak eta bere ingurukoek....utikan!
  • User Gravatar martin - 2010-09-23 16:35:25: Inori ez zitzaion okurritu Silveira gonbidatzea? Orduan bai festa!
  • User Gravatar Beñat Sarasola - 2010-09-23 12:40:29: Honetan ere pattal. Paris Hilton, Pete Doherty edo horrelakoren bat falta zaigu kotarroa animatzeko.
ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403