2010-09-21 14:42:25 | Gorka Bereziartua
Galderak inor sorpresan harrapatzen ez duen arren, giltzurruneko harriekin legez, zaila da ohitzea. Elisa K filmaren prentsaurrekoan kazetari batek, Judith Colell eta Jordi Cadena zuzendariei: “Katalanez egin duzue filma; pentsatu al duzue horrek merkatu nazionalean zabaltzeko ekar ditzakeen oztopoetan?”.
Colellek lasai erantzun dio, katalana duela eguneroko hizkuntza, lehenago bi film eginak dituela gaztelaniaz, hizkuntzaren gaiak ez lukeela garrantzirik izan beharko zineman, ez duela uste hori banatzeko oztopo izango denik, “bikoizteko mania hori egon arren”.
Edonola, hizkuntza minorizatu batean lan egiteko hautua eginez gero, beti egiten da galdera. Berdin dio hizkuntzak milioi erdi hiztun baditu ala, katalanak bezala, bederatzi milioi. Beti txiki, eskas, zokoko. Eta beti soziolinguistika atera behar, filmen, liburuen, diskoen aurkezpenetan.
Gabriel Arestiri esan omen zioten behin, irakurle gehiago edukitzeko hobe zuela espainolez idatzi; arrapostua, mailua bezalakoa: “Irakurle asko eduki nahiko banitu, gaztelaniaz ez, txineraz idatziko nuke”. Hurrengo film espainolaren prentsaurrekoan galdetu beharko genuke, zergatik ez duten Mao Tse Tungen mintzaira ederrean errodatu, zabalkunde arazoak oro saihesteko.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403