Montserrat Auzmendi
Fitxa: Andreas Scholl, kontratenorra. Shield of Harmony taldea: Kathleen Dineen, Margit Uebellacker, Marc Lewon eta Crawford Young. Egitaraua: Wolkenstein-en obrak. Lekua: Victoria Eugenia Antzokia. Data: abuztuaren 31n.
Oswald von Wolkenstein, Erdi Aroko amaiera eta Errenazimenduaren arteko garaian bizi izandako konpositore tiroldarra, artista berezia izan zen. Musikaria izateaz gain, poesian eta diplomazian ere aritu zen. Beraz, pasadizo eta abenturaz josia izan zen haren bizitza, eta gorabehera horiek guztiak kontatu zituen bere kantetan. Horrela, Wolkenstein jotzen da garai hartako azken trobadoreetakotzat.
Konpositore honi dedikatu zion Andreas Scholl kontratenor alemaniarrak bere errezitaldia, Musika Hamabostaldiko Victoria Eugenia Antzokiko zikloa amaitzen zuena. Ez zen izan ohiko kontzertua. Scholl ez zen mugatu bere ‘ahots fina’ –bere ahoskera musikalarengatik esaten duten bezala- luzitzera. Bakarlaria saiatu zen egitarau berezi horrekin bere dohain interpretatiboak erakusten, testu intentziodunaren zentzua publikoarengana helarazten, kontuan hartuta Wolkenstein-en kantetan testua musika bezain garrantzitsua dela. Hala ere, kantak alemanieraz ziren, eta, nahiz eta hiru kasutan argumentuak ingelesez adierazi, publikoa orokorrean gutxitaz enteratu zen. Hori bai, kantariaren jarrerak asko transmititzen zuen. Modu adierazkorrez aritu zen, guztiz.
Kasu honetan, Shield of Harmony kuartetoak lagundu zuen kontratenorra. Talde honek, XV. mendeko musikan espezializatuta dagoenak, gardentasunez eta fintasunez bete zuen bere papera eta une magikoak oparitu zizkigun kanta instrumental batzuetan. Parlamento izeneko kanta, adibidez, non lautea, zinbaloa eta viella protagonistak izan ziren, benetako kutixia izan zen. Kontzertuaren bigarren zatian lautea, harpa, nikelharpa eta zinbaloa elkartu ziren Jeloymors pieza erritmikoa doitasunez eskaintzeko.
Andreas Scholl-ek kantu sinplea eman zuen, manierismorik gabea, oso egokia musika mota hori interpretatzeko. Frogatu zuen, gainera, erregistro ertain interesgarria duela. Bestalde, Kathleen Dineen sopranoa eraginkortasunez aritu zen. Bai bakarrik, Bis grüsst Maget reine kantan bezala, bai Scholl-ekin duoan, tinbre ederreko ahotsa erakutsi zuen, malgua eta proiekzio onekoa. Duo horietako bat, Nu Rue mit Sorgen, kanon modukoa eta oso polita, bis bezala eskaini zuten. Saio honetako aitzakia bakarra: monotonoa izan zela, oso, baina ondo interpretatua. Txalogarria, beraz.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus