Montserrat Auzmendi
www.diariodeleon.es
Fitxa: Rosa Torres Pardo (pianoa). Egitaraua: Prokofiev eta Stravinsky-ren obrak. Lekua: Kursaaleko Ganbera Aretoa. Data: abuztuaren 27an.
1909an, orain dela ehun urte, beraz, Sergei Diaghilev errusiarrak Ballet Errusiarrak izeneko dantza konpainia famatua sortu zuen Parisen, eta efemeride hau aitzakia izan da Rosa Torres Pardoren piano errezitaldiaren egitaraua osatu duen musika aukeratzeko: ballet errusiar pare bat hain zuzen ere.
Bai Prokofiev-ek, bai Stravinsky-k lan ederrak konposatu zituzten dantzarako, baina horrez gain jakin zuten musika horiek moldatzen dantza ikuskizunetik kanpo beste formatu batean haietaz gozatzeko. Horrela, pianorako bertsio erakargarriak egin zituzten, ia orkestrakoak bezain famatuak egin direnak.
Aldi honetan, Torres Pardo ez zen konformatu pianoa jotzearekin bakarrik, horrez gain publikoari erakutsi nahi izan zion bere inspirazio zati bat: partitura horien oinarri izan ziren dantzak, eta, horretarako balleten proiekzioekin hornitu zuen bere errezitaldia. Sekulako akatsa. Rudolf Nureiev eta Margot Fonteyn ikusteak Romeo eta Julieta-ren balkoiko eszena dantzatzen, gero zetorrena –pianoa- deuseztatu egin zuen ia-ia.
Esan bezala, proiekzioaren ondoren, Prokofiev-en Romeo eta Julieta op. 75 pianorako suite-a jo zuen Torres Pardok. Bertsio berezia egin zuen, rubato asko –edo gehiegi- erabiliz eta gure gusturako tempi desegokiak aukeratuz, agian orijinaltasun puntu baten bila. Bestalde, garbitasuna falta izan zen une askotan, Montecchi e Capuletti pasarte bizian gertatu zen bezala.
Beste gauza bat izan zen Stravinsky-ren Petruxka-ren hiru mugimendu izeneko obra –hori ere Petruxka balletean oinarritua-. Deabruzko partitura izanda, pianistak adierazi zuen bezala, primeran interpretatu zuen madrildarrak. Zailtasun guztien gainetik, Torres Pardok jakin zuen Stravinsky-ren musikaren bizia eta distira kanporatzen. Pedalizazioa, tempi, espresioa, alderdi teknikoa... aspektu guztietan goi mailan ibili zen bakarlaria.
Pozik geratu zen publikoa, eta hauen txaloei erantzuteko, bis bat bota zuen pianistak: Txaikovskiren Urtaroak obratik pieza bat. Adierazkorra.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus