Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 70. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Paregabea

Montserrat Auzmendi

Budapest Festival Orchestra

Fitxa: Budapest Festival Orchestra. Zuzendaria: Ivan Fischer. Bakarlaria: Leonidas Kavakos (biolina). Egitarua: Prokofiev, Bartók eta Dvorák-en obrak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: abuztuaren 24an.

Orain arte, maila oneko kontzertuak eskaintzen ari da Musika Hamabostaldia, baina Budapest Festival Orchestra-koa haratago joan da eta bikaintasunaren eremura eraman gaitu, dudarik gabe.

Aldez aurretik imajinatzen genuen saio ona izango zela, osagaiak –orkestra, zuzendaria eta bakarlaria- primerakoak baitziren eta egitarau zinez erakargarria proposatzen zelako. Baina osagai hauen guztien sinergiak zuzenean efektu ia hipnotikoa lortu zuen entzuleengan.

Orkestrak ez zigun huts egin, beraz. Merezitako ospea du talde hungariarrak, bere soinu sendo eta belusezkoarengatik, eta bere malgutasunarengatik, zuzendariak agintzen duen edozein ñabardura zehaztasun osoz egiteko. Gainera, Ivan Fischer zuzendaria taldearen fundatzailea izan zen eta, beraz, ezinbestekoa da haien arteko elkar-ulertze perfektu hori.

Nabaria izan zen hasiera-hasieratik musikarien eta zuzendariaren arteko konplizitatea. Sergei Prokofiev-en Gai hebrearrei buruzko obertura benetako goxokia izan zen entzuleentzat. Tempo-aren malgutasuna, rubato eleganteak, interpretazioaren intentzioa, ironia edo dantza giroa behar den uneetan, pianissimi delikatuak... zoragarria, laburbilduz. Klarinete bakarlaria, berriz, primeran aritu zen.

Gaitasun hauek guztiak areagotu egin ziren Béla Bartók-en Biolinerako 2. Kontzertua interpretatzerakoan. Leonidas Kavakos biolin jole greziarrak nahi duena egiten du bere soinu-tresnarekin, agerian utzi zuen bezala Kursaal Auditorioan. Birtuosismo osoz aritu zen une oro –batez ere lehenengo mugimenduko cadenza-n- eta adierazkortasun aparta duela frogatu zuen. Bestalde, orkestra eta bakarlariaren arteko konpaktazioa sekulakoa izan zen hasieratik bukaeraraino. Azpimarragaria izan zen, adibidez, Poco Adagio izeneko bigarren mugimendua, benetako giro magikoa lortu baitzuten.

Bi propina oparitu zituen Kavakos-ek: Eugène Ysaÿe-ren biolinerako 4. Sonata-ren lehenengo mugimendua eta berez gitarrarentzako den Francisco Tárrega-ren Recuerdos de la Alhambra piezaren bertsio bitxi bat.

Saioaren bigarren zatian luzitu ziren Budapest-ekoak Antonin Dvorák-en Re minorreko 7. Sinfonia, op.70 obrarekin. Maisutasunez zuzendu zuen Fischer-ek taldea, bere keinu argi eta doiekin. Soinuaren oreka nagusi izan zen obra osoan. Metal distiratsuak eta soka zehatz eta gozoa entzun genituen. Sinfoniaren mugimendu pare bat nabarmenduko genuke: hirugarrena, Scherzo-Vivace, zirraragarria, non fraseo zabala eta dinamika aberatsaren arteko konbinazio bikaina lortu zuten; eta laugarrena, Allegro, benetako tutti ederrak entzun baikenituen.

Bis bezala, Johann Strauss-en Baserritarren polka dibertigarria interpretatu zuten, zuzendariak euskaraz aurkeztu zuena. Jendeak nekatu arte txalotu zuen.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan