Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 70. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Orkestra gazte indartsua

Montserrat Auzmendi

Gustav Mahler Jugendorchester orkestra.

Fitxa: Gustav Mahler Jugendorchester. Zuzendaria: Jonathan Nott. Bakarlaria: Matthias Goerne (baritonoa). Egitaraua: Ligeti, Mahler eta Bruchner-en obrak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: irailaren 2an.

Orain dela hogeita hiru urte Claudio Abbado-k sortutako gazte orchestra, Gustav Mahler Jugendorchester hain zuzen ere, munduko gazte orkestra onenetakotzat hartzen da gaur egun. Egia esan, eta asteazkeneko kontzertua entzun ondoren, esan behar dugu maila bikaina duela talde honek. Eta oso zaila da halako kalitatea lortzea, kontuan harturik horrelako taldeetan parte hartzen duten musikariak denbora mugatu batez aritzen direla eta, beraz, etengabe aldatzen direla formazioko kideak. Baldintza horiekin, entzun genuen soinu-kalitatea lortzeko oso lan exijentea egin behar da.

Aldi honetan, Jonathan Nott zuzendari britainiarra izan zen taldeari txinpartak atera zizkiona. György Ligeti-ren Atmosferak izeneko lan inkietantearekin hasi zen saioa. Inpresio tinbrikoz josiriko lan honek erakutsi zigun Jugendorchester-aren gaitasuna soinua kontrolatzeko eta orkestraren kolore ezberdinak eskaintzeko.

Jarraian, saioaren onena etorri zen. Gustav Mahler-en Kindertotenlieder izeneko kanta sortak luxuzko bakarlaria izan zuen, Matthias Goerne alemaniarra hain zuzen ere. Baritono honek, Dietrich Fischer-Dieskau-ren ikasle izandakoak, adierazkortasuna parra-parra eskaini zuen bost kantuetan zehar. Bizi egiten du kanta bakoitza eta ‘gorputz osoarekin’ interpretatzen du. Ahots biribila eta belusezkoa du Goerner-ek, eta, horretaz gain, erraztasuna du publikoarekin konektatzeko. Orkestra errefinamenduz aritu zen, ahotsa ondo azpimarratuz.

Kontzertuaren bigarren zatian, Gustav Mahler Jugendorchester-ekoek beren boterea erakutsi zuten, Anton Bruckner-en 4. Sinfonia Mi bemol maiorrean ‘Erromantikoa’ obrarekin. Zalantzarik gabe, soinu kementsua dute eta tutti izugarriak egiteko ahalmena ere bai. Agian gehiegizkoa izan zen emandako bolumena edo metalen pisua. Obraren dotorezia nabarmenduagoa egongo litzateke arintze pixka batekin. Hala ere, une gozoak egon ziren, hala nola bigarren mugimenduko fraseatze zabalak eta soka leuna, eta laugarren mugimenduan lortutako pianissimi ederrak eta cantabile malguak.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan