Montse Auzmendi
Fitxa: Laboaren Munduak. Zuzendari artistiko eta saxofoia: Josetxo Silguero. Pianoa eta akordeoia: Iñaki Salvador. Irakurlea: Bernardo Atxaga. Ahotsa: Ruper Ordorika. Txalaparta: Iker Muguruza eta Pello de la Cruz. Eszena zuzendaria: Mari Cruz Irazabal. Eszenografia: Javier Larreina.
Donostiako Musika Hamabostaldiak larunbat honetan Mikel Laboari egindako omenaldiaren barruan –erakusketa bat eta mahai inguru bat egon ziren baita ere-, Josetxo Silguerok zuzendutako kontzertu-espektakulu bat entzuteko eta ikusteko aukera izan genuen Victoria Eugenia Antzokian.
Ondorio bat atera genuen saio horretatik: asmoa baldin bazen Laboaren Munduak –hauxe zen ikuskizunaren izenburua– laburbiltzea edo haren ‘munduak’ ttantta batzuen bidez publikoari erakustea, nahi hori zeharka bete zen, eta batez ere hasieran botatako Imanol Uribe-ren Haika mutil filmari esker. Hogeita bost minutu irauten duen pelikula honetan Mikel Laboa bere naturaltasunean ikusi eta entzun genuen. Haren injenuitate artistikoa, artifiziorik gabea, dastatu genuen, eta hori bai zen bere mundua. Espektakuluaren beste guztia, merituduna dudarik gabe, agian sobran zegoen.
Eszenografia, Javier Larreina-rena, soila zen: hiru eskailera txuri eszenario urdin batean, eta, zintzilik, Juan Gorriti-ren eskultura pare bat (Laboaren gitarrak, Mikelen omenez sortu berria), besterik gabe.
Pelikularen ondoren, bata bestearen atzetik artista desberdinen omenaldiak pasa ziren. Bernardo Atxagak Laboari buruzko testu bat irakurri zuen. Laboaren hasierak aipatu zituen, laudorioa eta umorea tartekatuz. Polita. Polita eta atsegina izan zen baita ere Ruper Ordorikak abestutako kanta: Sekulabelardiko kantaria, Laboaren omenez konposatutakoa.
Josetxo Silguero eta Iñaki Salvadorrena beste gauza bat izan zen. Musikari onak eta konpletoak dira Laboaren kolaboratzaile izandako hauek, baina beren lehenengo aktuazioa saio honetan luzeegia izan zen, pisua, desproportzionatua besteen aktuazioekin konparatuz. Gero, John Cage-ren 4’33, lau minutu eta hirurogeita hamahiru segundo isilpean, benetan desesperantea. Baina, tira, bukaerako Baga-biga-higa, Salvador-ek moldatutakoa, apoteosikoa izan zen. Luzitu ziren, bai.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus