Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 70. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Etorkizunerako apustu bat

Montserrat Auzmendi

Ángel Corella

Manuel de los Galanes

Fitxa: La Bayadère, Ludwig Minkus (musika), Marius Petipa (libretoa), Natalia Makarova (koreografia). Corella Ballet Gaztela eta Leon, Kataluniako Orkestra Filarmonikoa, Philip Ellis (zuzendaria). Bakarlariak: Ángel Corella, Kazuko Omori, Adiarys Almeida, Joseph Gatti, Kirill Radev, George Birkadze, Sergey D’Yachkov, Ion Agirretxe eta Georgia Molina.

Denok dakigu Ángel Corella sekulako dantzaria dela, American Ballet Theatre izeneko dantza konpainia garrantzitsuko bakarlari nagusia, hain zuzen ere. Eta berarentzat oso erraza izango litzateke bere horretan geratzea, izarra izaten jarraitzea, bere ospeaz gozatzen. Baina dantzari madrildar honek beste pauso bat eman nahi izan du. Berak izan ez zituen aukerak besteei eman nahi dizkie eta ideia horrekin Ángel Corella Fundazioa sortu du, Espainian dantza klasikoa bultzatzeko asmoz. Fundazioaren orain arteko ekimen garrantzitsuena Corella Ballet-Gaztela eta Leon izan da. Hirurogei dantzarik osatzen dute urtebete daraman formazio hau eta, Kursaal Auditorioan ikusi ondoren, esan dezakegu itxura ona dutela, hau da, nabaritzen dela etorkizunean zeresana emango dutela, dudarik gabe.

Ludwig Minkus konpositorearen La Bayadère balleta eskaini zuten aldi honetan. Obra bera ez da oso aberatsa: musika ez da bere garaiko onena –1877 urtean estreinatu zen-, arrunkerian erortzen baita askotan; argumentuak ez du interes berezirik eta Natalia Makarova-ren koreografia –Marius Petipa-ren obran oinarrituta- atsegina eta naïf da, baina ez du ekarpen berezirik egiten, une gutxi batzuk alde batera uzten baditugu. Osagai hauek guztiak aztertuta ulertzen da emanaldiaren arrakasta dantzarien kalitatean datzala.

Corella primeran aritu zen, Solor izeneko pertsonaian. Taula gainean agertzen zen bakoitzean benetako ‘dantza’ gozatzen genuen. Bere indarra, doitasuna eta segurtasuna itzulietan, jauzietan... bere dantza sendoak, laburbilduz, txundituta utzi gintuen. Baina alde ederra dago beraren eta taldeko beste dantzarien artean. Berarekin protagonista izan ziren bi dantzariek ongi egin zuten beren lana –nahiz eta Corella-rengandik urruti ibili-. Kazuko Omori, Nikiya rolean, oso adierazkorra izan zen, eta pas à deux zoragarriak egin zituen Corella-rekin. Adiarys Almeidak ere Gamzatti komentzigarria egin zuen.

Taldeko numeroetan denetatik ikusi genuen. Aipatu beharrekoa da bigarren ekitaldiko hasierako Itzalen erreinua izeneko numeroa. Zinez ederra da eszena hau, 32 neska dantzarik egiten dutena, eta oso konplikatua doitasunez dantzatzeko. Txukun egin zuten Corella balleteko dantzariek, nahiz eta arazoak nabaritu batzuetan. Hala ere, kontuan hartu behar da oso dantzari gazteak direla eta urtebete besterik ez duela talde honek. Denbora gehiago eman behar diegu beren distira kanporatzeko. Zorte on.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan