Montserrat Auzmendi
Fitxa: Israel Egipton, Haendel. English Baroque Soloists Orkestra. Monteverdi Abesbatza. Zuzendaria: John Eliot Gardiner. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: abuztuaren 29an.
Georg Friedrich Haendel-en oratorio famatuena Mesias da, zalantzarik gabe. Baina konpositore honek egin zituen 26 oratorioen artean badago beste bat Mesias obrarekin edo Bach-en Pasio-ekin parekatu daitekeena, izugarrizko musika espirituala baitu: Israel Egipton izeneko oratorioa, hain zuzen ere. Ia bi ordu irauten duen lan zirraragarri hau Itun Zaharreko Irteera liburuan oinarrituta dago, eta hebrearrek Egipton jasan zuten zapalkuntza eta ondorengo Israelerako ihesa, Moisesen eskutik, kontatzen du.
Baina lan honen edertasuna ez zen izan eragingarri bakarra aurreko larunbatean Kursaal Auditoriora joateko. Primerako interpreteak genituen Haendel-en musikaz gozarazteko, eta ez ziguten huts egin. Sir John Eliot Gardiner gaur egungo zuzendari garrantzitsuenetako bat da, batez ere garaiko instrumentuekin jotako musika barrokoan espezializatua. Aldi honetan Gardinerrek berak sortutako bi talde ekarri zituen: Monteverdi Abesbatza eta English Baroque Soloists Orkestra, eta segituan, hasiera-hasieratik konturatu ginen taldeen eta zuzendariaren arteko konplizitatea eta elkar-ulertzea perfektua zela. Kasu hauetan, musika ez da interpretatzen, musika dario, besterik gabe. Musikaltasun beroa, baina ez amaneratua, koruaren eta orkestraren arteko fusioa, lerro melodiko leunak, pasarte fugatu distiratsuak... hauexek izan ziren bertsio honen ezaugarriak hasieratik bukaeraraino.
Deigarria izan zen orkestraren soinuaren gardentasuna, pisurik gabea, eta zein ondo mantentzen zuten bolumen egokia, bakarlarien ahotsak inoiz ez estaltzeko. Bestalde, maisuki eman zioten pasarte bakoitzari behar zen izaera.
Eta primeran aritu bazen orkestra, agian arrazoi gehiago ditugu Monteverdi Abesbatzari loreak botatzeko. Hamabost emakumez eta hamazazpi gizonez osatzen den koru hau benetako gozamena izan zen entzuleentzat. Hala ere, ez da harritzekoa hain soinu gozo eta perfektua izatea abesbatza honek, kontuan hartuta bakarlariz osatuta dagoela. Abesbatzaren 11 kide izan ziren oratorio honetako bakarlarien rolak egin zituztenak, eta bata ona bazen, hurrengoa hobea. Bereziki interesgarriak suertatu ziren duo batzuk Moises-en kantua izeneko obraren bigarren zatian. Ñabarduraz josia atera zen God is my strength and my salvation izeneko sopranoen duo-a, eta maila berdinean aritu ziren baxuak beren binakako aktuazioan.
Kontzertu bikaina.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus