Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 70. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Erromantizismo pertsonala

Montserrat Auzmendi

Maria Joao Pires.

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Maria Joao Pires (pianoa), Pavel Gomziakov (biolontxeloa). Egitaraua: Chopin eta Liszten obrak. Lekua: Victoria Eugenia Antzokia. Data: abuztuaren 5ean.

Joan den asteartean Musika Hamabostaldiaren inaugurazioa, eta, bide batez, Kursaal Auditorioko zikloaren hasiera izan bazen, atzo, Victoria Eugeniako zikloaren lehenengo saioa disfrutatu genuen, Maria Joao Pires piano jole portugaldarra eta Pavel Gomziakov biolontxelo jole errusiarra protagonistak zirela.

Pires benetako mitoa da pianoaren munduan, bere kualitate musikalengatik, baina baita musikari honek arteari buruz duen filosofiarengatik ere. Bere ustez, artea, natura, ekologia eta gizabanakoaren garapena erabat lotuta daude, eta aspektu hauek guztiak batera zaindu behar dira benetako artea, barru-barrutik ateratzen dena, ekoizteko.

Sentsibilitate hutsa da Maria Joao Pires, eta horixe frogatu zuen Victoria Eugenia Antzokian, bere era berezira jotako egitarau guztiz erromantikoarekin. Chopin eta Listz izan ziren aukeratutako konpositoreak.

Hiru obra jo zituzten elkarrekin Piresek eta Gomziakovek. Aipagarriena, bere zailtasun tekniko eta barruko konplexutasunagatik, Chopinen Biolontxelo eta pianorako sonata, op. 65, sol minorrekoa izan zen. Sonata handi hau kontrastez josia atera zen musikari hauen eskutik. Gomzioakovek adierazkortasuna eta soinu biribila luzitu zituen. Era berean, bere soinu-tresnatik izugarrizko ñabardurak ateratzeko trebezia duela frogatu zuen. Aktuazio bikaina egin zuen, beraz. Piano joleak, bere aldetik, interpretazio orekatua egin zuen. Esan behar da pianoaren rola obra honetan ez dela laguntzaile hutsa izatea. Protagonismo musikala bi instrumentuen artean banatzen da, eta bakoitzak jakin zuen bere partea nabarmentzen bestea ilundu gabe.

Piresek, bakarlari gisa, Chopinen hiru Mazurka jo zituen eta baita autore beraren Pianorako 3. Sonata op. 58 si minorrekoa ere. Mazurkak benetako harribitxiak izan ziren. Pieza eder eta dantzagarri hauek primeran egokitzen dira Piresen fintasun eta soinu delikatura. Sonatari buruz, inpresio kontrajarriak ditugu. Alde batetik, bertsio koherente eta pertsonala, desberdina, eman zuen, modu egokiz garatu zituen ideia musikal guztiak eta originaltasunez erabili zuen pedala. Baina, gure ustez, gehiegi azpimarratu zuen obraren alde intimista, eta, horregatik beharbada, intentsitate pixka bat falta zitzaion. Biguna geratu zen espresibitatearen aldetik. Élan pittin bat faltan bota genuen benetako interpretazio zirraragarria izateko.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan