Montserrat Auzmendi
Fitxa: Alexandre Tharaud (pianoa). Egitaraua: Aita Donosita, Ravel eta Satie-ren lanak. Lekua: Hotel du Palais (Miarritze). Data: abuztuaren 11n.
Musika Hamabostaldiak ziklo desberdinak eskaintzen ditu, eta haien artean, interesgarria suertatzen da Musika Aitzaki izenekoa, hain zuzen ere. Edizio bakoitzean Euskal Herriko eskualde bat aukeratzen da eta hantxe hainbat kontzertu eta irteera antolatzen dira, musika jaialdia Donostiatik ateratzeko asmoz eta, bide batez, musika 'aitzakia' dela eta, gure herria hobeto ezagutzeko. 70. edizio honetan Iparralderantz abiatu da Musika Hamabostaldia, eta asteartean, Miarritzeko Hotel du Palais izeneko luxuzko hotelean musika frantziarra jotzen espezializatuta dagoen Alexandre Tharaud piano jolea entzuteko aukera izan genuen.
Egitarau erakargarria aukeratu zuen Tharaud gazteak. XX. mendearen hasieran aritutako hiru konpositore izan ziren protagonista: Aita Donostia, Ravel eta Satie. Hain bereziak eta haien artean hain desberdinak, hiru autore hauek aitzakia izan ziren interpretearen dohainen erakustaldia egiteko. Kualitate apartak ditu piano jole honek, baina zerbait garrantzitsua falta zaio: bizia, txinparta, jenioa. Nota guztiak jotzen ditu, esaten den bezala, baina ez da entzulearengana iristen. Hauxe lortzen badu, mundiala izango da, dudarik gabe, baina horretarako lana eta batez ere hausnarketa beharko ditu.
Aita Donostiaren lau Euskal Preludio jo zituen errezitaldiaren hasieran. Zuzenak eta adierazkorrak. Erik Satie-ren bi Gnosienne fin, soil eta dotore jo zituen. Izaera neurritsua du Tharauk-ed, eta hori bertutea da Satie-ren musika jotzeko, bere pieza delikatu eta kontzeptualek ez baitute onartzen inongo nabarmenkeria interpretatiborik.
Baina errezitalaren plater nagusiak Ravel-en lanak ziren. Egile honen Sonatine txukun jo zuen musikariak. Lehenengo mugimenduan nabariak izan ziren pulsazioaren ezberdintasun txikiak, baina horretaz aparte Mouvement de Menuet izeneko bigarren zatian soinu zoragarria lortu zuen eta hirugarren mugimendua Animé primeran atera zen teknikaren aldetik. Azpimarragarria izan zen pedalaren erabilera, lehorra eta efektuduna.
Miroirs izeneko poliptikoa agian saioaren onena izan zen. Oso zentzuduna atera zitzaion Oiseaux tristes pasartea, eta hain zaila den Alborada del Gracioso pieza doitasun osoz entzun genuen. Kontzertua amaitzeko Le tombeau de Couperin suite-a interpretatu zuen. Azpimarragarriena, ziztu bizian jotzekoa den azkeneko pieza, Toccata, izan zen, primeran egokitzen baitzen bere jotzeko erara. Hori bai, Ravel-en ‘izpiritu musikala’ faltan bota genuen.
Bis bat jo zuen : Bach-en Vivaldi-ren tema bati buruzko Concerto-aren Lento mugimendua. Zinez polita.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus